Kultura eta eztabaida trago artean

  • “Giza-ekintzaileen kooperatiba, arteetako eta farandulako jende ona eta etorkizun hobe baten minean”. Horrela aurkezten du bere burua Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoak. Hamabost urte daramatza etorkizun hori eraikitzen, kultur eta gizarte ekintza orotarikoen aterpe.

Kabigorriko kide Luisma Moreno (ezkerrean) eta Javi Sistiaga, atzean Kabigorriko eszenatokia dutela eta eskuetan,  Patxi Serrano artistaren koadroak, Ateneoan ikusgai izandako Hitzak begientzako ikus-poema erakusketakoak.
Kabigorriko kide Luisma Moreno (ezkerrean) eta Javi Sistiaga, atzean Kabigorriko eszenatokia dutela eta eskuetan, Patxi Serrano artistaren koadroak, Ateneoan ikusgai izandako Hitzak begientzako ikus-poema erakusketakoak.Mikel Garcia

Lokal irekia da Irungo Kabigorri, anitza, plurala, beraien jarduna aurrera ateratzeko edo erakusteko lekurik aurkitzen ez dutenen gune, besteak beste. Pentsamolde ezkertiarreko jendea bildu ohi da, baina oso zentzu zabalean, eta hori azpimarratu nahi izan dute kideek. Azken finean, Ateneo asko mugimendu politiko jakin batetik sortu ziren bere garaian eta Irungoa ere Zutik-en inguruko korronteak bultzatu zuen, baina proiektua sostengatzeko nahikoak ez zirela-eta, jende gehiagori ireki zizkieten ateak, eta emaitza aberasgarriagoa izan dela uste du egungo lehendakari Luisma Morenok: “Ekimen independentea da, ez dago kontrolik erakunderen baten aldetik, bazkideek beraiek baino ez dute agintzen”, eta edonor izan daiteke bazkide.

1996an, gizarte mugimenduetatik eta kultur arlo ugaritatik gerturatutako jendea elkartu zuen Kabigorrik, “Errepublika garaiko Ateneoak buruan, ezkerreko begiradatik gizarte eta kultur proiektu anitza bilduko zuen ekimena abiatzeko xedez”, dio Javi Sistiaga bazkideak. 1997ko udazkenean jarri zuten martxan taberna ere baden Ateneoa, eta topagune funtzioa bete du ordutik, jarduera kultural eta sozialez gain, egitasmo ludikoak, euskararen presentzia edota eztabaidarako eta era guztietako bilerak antolatzeko gune izatea ere lehenetsiz. Ez da lokal alternatiboa, “baina bai desberdina, Bidasoaldean eskaintza berri bat ematen duena”, azaldu du Sistiagak.

Salvador, Berlanga eta Olentzero

Iñaki Salvadorren kontzertua, Itxaro Borda eta Maddi Oihenarten poesia eta kanta emanaldia, Luis Garcia Berlanga zinema zuzendariari buruzko zikloa –haren semea lekuko–, Juan Crego eta Patxi Serranoren erakusketa, Iraken hildako José Couso kameralari galiziarraren inguruko liburu aurkezpena (anaiak), euskara elkarteak prestatutako kafe-antzerkia, Olentzeroren etorrera, edertasunari edota AHTari buruzko hitzaldiak, topaketa kultur anitzak, sukaldaritza begetarianoari eta makrobiotikoari eskainitako tailerrak, bigarren eskuko produktuen salerosketarako azoka… Denetarik antolatzen dute Kabigorrin, bi irizpideren bueltan: ekitaldia fisikoki eta ekonomikoki bideragarria izatea, eta norbaitek ardura bere gain hartzea. 170 metro koadro (12 metro koadroko eszenatokia) eta 80 ikuslerentzako edukieran egingarria bada, aurrera. Egitarau finkoa uztartu egiten dute suertatzen doazen proposamenekin.

Ateneoak berak bultzatutako ekitaldi eta jardunaldiekin batera, asko dira alderantzizko bidea egiten duten asmoak: kanpotik datozkien eskaerak. “Guri gustatzen zaigu azpimarratzea kontsakratua ez dela etortzen hona diruagatik, gastuak baino ez baitizkiegu normalean ordaintzen, gustuko lekua dutelako etortzen dira, atsegina zaielako; aldi berean, esperientzia falta duenarentzat toki aproposa da, ikasteko eta aritzeko. Guk berdin hartzen ditugu batzuk eta besteak”, dio Morenok.

Espazio irekia den aldetik, talde ugarik erabili du Kabigorri bilera, entsegu eta elkarretaratzeetarako. Lokala lortu aurretik, Nicolas Gerendiain Irungo Errepublika Elkarteak eta SOS Arrazakeria Bidasoak adibidez Kabigorri zuten topagune, eta urte gogorrenetan Alarde Mistoko partaideen bilgune izan zen. Horrek lekua pixka bat “satanizatu” zuela azaldu du Sistiagak, baina azken urteotan lortu dutela Alardearen gurutze hori gainetik kentzea, egiten duten lanari esker, “eta Kabigorriren irudi errealagoa ematera iritsi gara, kultur eta solidaritate mugimenduekiko konpromisoari lotua”. Hein batean, Ateneoak katalizatzaile funtzioa betetzen duela gaineratu du Morenok; Irun Iruten euskara elkartearen ekitaldiek, Lakaxita herriko gaztetxearenak, Irungo Bilgune Feministarenak, Antxeta Irratikoenak… Kabigorri izan dute eszenatoki behin baino gehiagotan.

Mugimendu handia al dago ba eskualdean? Gizarte arloan, garai batean ez bezala orokorrean gai handiekiko erantzun sozialik ez dela ikusten uste dute Sistiagak eta Morenok, ez Irunen, ez oro har. Erantzun puntualak bai, jende inplikatuagoaren eta konprometituagoaren aldetik, baina ez mugimendu orokor gisa. Muga administratiboa saihestea ere ez da erraza: “Saiatu gara Iparraldeko jendearekin gauza puntualak egiten, Antxeta Irratiarekin eta poesia jardunaldietan… baina ez da gure indargunea. Errealitatea da inkomunikazioa dagoela bi aldeen artean: gure buruetan, kulturan eta harremanetan dago benetako muga”.

Dena den, muga guztiak gainditzeko lanean jarraitzen du Kabigorrik. Aisialdian Irun nahiko hiri zatitua dela dio Sistiagak; Mosku auzoan dago Ateneoa eta tabernara giro horretan ibiltzen den jendea gerturatu ohi da, baina ekitaldietara mota guztietako publikoa erakartzea lortu dute, rock gogorreko kontzertua eskaini dezaketelako egun batean, eta hurrengoan harizko laukotearena, edo folk, pop, flamenko… estiloko emanaldia. “Kabigorrik Irunentzat duen esanahian bilakaera eman da. Gaur egun erreferente bat da eta jendeak badaki Kabigorrin maiztasun handiarekin zerbait aurkituko duela: erakusketaren bat, zikloren bat, kontzerturen bat… Denborarekin hori irabazi dugula uste dut, errespetu hori, lekua egitearena, eta ez da erraza”, dio lehendakariak.

Ordea, diru kontuetan estu segitzen dute. Taberna eta bazkideen kuota dira diru-sarrera ia bakarrak eta zorpetuta eta beti juxtu ibili ohi direla nabarmendu dute; horregatik, bazkide berriak ongietorriak dira. Egun, 105 bazkide inguru dituzte eta 140 euro ordaintzen dute urtean –lanik gabeko gazteek 80–. Erabakiak bazkideentzako batzordeetan eta nahi duen ororentzako batzar irekietan hartzen dira. “Gobernuz Kanpoko Erakunde modukoa da hau, kar, kar, kar. Baina beharrezkoa da halako ekimenak aurrera ateratzea, Kabigorri irekita egongo ez balitz ziurrenik ezingo genukeelako hainbat ekimenez beste inon disfrutatu”.

Barradun Ateneoa

Esan bezala, taberna ere bada Kabigorri, eta funtzio hori beste edozein tabernak bezala betetzen du. Halere, kideei gustatzen zaie esatea barradun Ateneoa dela, ez delako “eta ez dugulako nahi izatea” beste edozein tabernaren modukoa, esanahi handiagoa duen lekua baizik. Lehentasuna jardunak du eta ekitaldiaren arabera moldatzen da espazioa, mahaiak kenduz, behar denetan barra itxiz… Taberna jendea erakartzeko baliabide ona denik, baina, ezin da ukatu. “Eta hori, egia esan, ona da –adierazi du Morenok–, lokal sozial irekia delako, egunero zabalik, ez beste Ateneo batzuen gisan ekitaldirik ez dagoenean itxia; eta irekita egoteak ahalbidetzen du jendeak gertuko sentitzea”.

Eta jendea gerturatzen den bitartean, kultur eta gizarte ekintza bestelakoak ikusteko publikoa eta haiek sustatzeko eragileak egon bitartean, beste urte mordoxka baterako habia gorria izaten jarraituko du Bidasoaldeko Ateneoak.

Itxaro Bordak

“Euskal Herrian badira poesiaren errateko leku bereziak. Duela zenbait aste bigarren aldiz Kabigorrin egon nintzen Maddi Oihenart eta Jeremi Garat kitarra jolearekin, olerki zenbait irakurtzen. Altzo iluna jendez mukuru zegoen, nahiz eta ez ziren guztiak euskaradunak. Denek ordea hitzen zirrara nabaritu zutela salatu ziguten emanaldia bukatzean. Mintzairak elkar ku(rru)skatzen diren gune txikiak muga eremu porotsuak ere dira, ahalezkoa bide den osoaren hedatoki. Periferietan dogmak edo sineste finkatuak berazten direla uste dut zentroetan baino anitzez gehiago. Kabigorri bilgunea eramaten dutenak gainera bihotz onekoak eta esku zabalak direla erantsi dezadala. Zorion hutsa da azkenean Kabigorrin aritzea, jotzea, isiltzea, aspaldiko adiskideak gurutzatzea. (Euskarazko) poesiak horrelako plazak premiazkoak ditu”.


ASTEKARIA
2011ko maiatzaren 22a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gizartea
2024-04-28 | Julen Azpitarte
Gangster maritxuen banda

“Gay azpitestuak beti hobetzen du film bat”
Quentin Tarantino

Juan Dos Ramos idazle eta Alex Tarazón ilustratzaile valentziarrek Gangsters Maricas: Extravagancia y Furia en el cine negro (Gangster maritxuak: nabarmenkeria eta indarkeria zine beltzean)... [+]


BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gilen Konkistatzailearen oinordeko aberatsak

Hastings (Ingalaterra), 1066. Gilen I.a Normandiako dukearen gudarosteak Harold II.a erregearen tropak mendean hartu zituen, eta tronua eskuratu zuen. Gilen I.a Konkistatzailea 1087 urtera bitartean izan zen errege.

Normandiarren konkistaren ondorengo erregealdi horretan,... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


Eguneraketa berriak daude