"Ahotsa altxa genuen, herrian eta gotzaindegian"

  • 80 urte ditu Imanolek. Marik 81. Honek, emazteak, alzheimerra dauka. Imanoli ere izenak eta kontu asko ahazten ei zaizkio. “Eta guri... Eta gazteagoak gara” esan diogu.
     

Imanol Oruemazaga Baseta
Imanol Oruemazaga BasetaDani Blanco

Imanol Oruemazaga. Ondarroan gaude, zu baina, Berrizen jaio zinen...

...Oruemazaga Baseta. Kontuz, ama ez da ahaztu behar...

(...)

Bai, Berrizkoa naiz. 1931n jaio nintzen, errepublika denboran. Pasadizo bat kontatuko dizut: Bilboko eta Gasteizko gotzaindegiek guk apaizgaiok Saturraranera hamabost egun pasatzera etorri behar genuela pentsatu zuten. Pipa pasa genuen. Ni ordea kezkatuta nengoen aita-ama baserrian ereite lanetan ari zirelako. Hurrengo urtean Casimiro Morcillo gotzainari idatzi nion: “Ni baserriko semea naiz, etxean beharrean daude eta nire beharra daukate”.

Zelan moldatzen zineten gotzainarekin?

Casimiro Morcillo gotzaina Begoña basilikan bizi zen. Gogo-jardunak egitera hara joaten ginen; Misioneras Seculares mojak ziren arduradunak. Gotzainarengana hurbiltzea zaila zen, aparteko pertsona zen. Gotzainaren idazkaria Martija Berrizkoa zen, Lejarreta txirrindulari famatuaren osaba. Behinola deitu zidan –lagunek “vaya rosca que tienes” esaten zidaten– zera esateko: “Tú no eres Imanol, tú eres Manuel”. “Yo soy republicano y me llamo Imanol” nik. Hark berriz: “¿Qué me dices, qué me dices..?” Eta nik... “yo nací en tiempos de la república, Imanol era tan legal como Casimiro”.

Ondarroara etorriko zinen geroago.

Gotzaina Gasteizera etortzen zen. Ni organoa jotzen ikasten ari nintzen orduan, baina, egia esan, aspertuta nengoen. Langile herri batera joan nahi nuela esan nion gotzainari: “Te mandaré, te mandaré...”. Dos Caminos auzora bidali ninduen, Basauri ondora. Han hamaika hilabetez egon nintzen, gotzaina aldatu zuten arte. Handik Ondarroara bidali ninduten.

“Apaiz ohia, abertzale, gogorra...” entzun dut zutaz.

Apaiz ohia ez, apaiza. Sacerdos in eternum. Niretzat hori betiko geratu da. Teologian esaten denez, ordenuaren sakramentuak “imprime carácter”. Apaiza nintzen eta naiz, ezkonduta, adintsu samar ezkondu nintzen. Abertzale eta gogorra diozu...

(...)

Nire aita kontzejala izan zen Berrizen, Errepublikako azken urteetan; ez zen PNVkoa. Ekainaren 21ean jausi zen Bilbo, herrira trenez zetorrela atxilotu zuten. Uztailaren 10ean, San Kristobal egunean, eraman zuten epailearen aurrera, eta berarekin batera Bermeoko lagun gazte bat. Fiskalak 30 urte espetxe zigorra eskatu zuen lagunarentzat, eta aitarentzat heriotz zigorra. Faxistek Berrizko alkate zena, Felipe Urteaga, fusilatu zuten. Aitak “ni ere garbituko naute” pentsatu zuen. Berrizko markesari esker heriotza zigorra kendu zioten, txiripaz.

Ezkondua zara. Zure emazteak alzheimerra daukala esan zenidan, telefonoz hitzordua hartu genuenean. Zer erakutsi dizu egoera horrek?

Erreflexio bat baino gehiago eragin dit bere egoerak. Marik, emazteak, zaindu zuen nire ama hil arte. Ama nirekin bizi zen. Duela zazpi urte alzheimerraren usaina hartu nion emazteari: “Mari, zuk zaindu duzu nire ama urte gogorretan eta orain zu zaintzea tokatzen zait niri” esan nion. Baserriko ohiturarekin lotzen dut betebehar hau. Txikia nintzela baserrian txerria hil eta odolkiak ematen zizkioten ondoko baserrikoei. Niri ere odolosteen txanda heldu zait. Pozik bizi naiz erreflexio hori eginda. Goizeko seietan jaikitzen gara eta Eguneko Egoitzara eramaten dute, Lekeitiora. Gaua, berriz, hemen egiten du, ezkerreko hormara begira. Esnatzean esaten diot: “Maria Goenaga Erostegi...”. Eta berak “...Izagirre Burgoa”.

Saturraran aipatu duzu lehenago. Frankistek emakumeentzat prestatu zuten kartzela.

Bai, oso presente daukat. Berrizen bizi ginen, parrokia ondoan, Felix Gallastegi zen abadea, amaren osaba, Axpekoa. Osaba parrokoaren laguntzailea Benantzi zen. Euzkadi egunkaria irakurtzea izan zen bere delitua. Saturrarango kartzelan sartu zuten.

Ondarroara etorri zinen apaiz azkenik. Nolakoa zen Ondarroa orduan?

Behartuta etorri nintzen, negarrez. Herri arrantzale zen oroz gainetik. Gorakada izugarria ezagutu nuen lehenik, eta gero beherakada. Ondarroan alturako arrantzak garrantzia handia izan zuen, eta baxurakoak ere bai. 1967 urtean 56 baxurako txalupa itsasoratzen ziren.

Itsasora ateratzen zinen? Kapilau edo?

Ez. Arrantzale joan nintzen abade nintzela, behin bakarrik, maria bat egin nuen, antxoetan. Goizaldeko ordu batean etortzen ziren Galiziako eta Santanderreko txalupak, portu osoa betetzen zuten. Esperientzia zoragarria izan zen, ardorako arrantza daukat oraindino gomutan: arrantzaleek sareak bota eta denok batera altxatzean txalupen argiak pizten zituzten, Paris agertu zen itsasoan. Parisko gaua izan zen niretzat. Itzela.

Herriko elizan nola zeuden gauzak orduan?

Parrokian Don Pedro Arakama zegoen parroko, Zegamako semea. Tristea da esatea, baina hemengo jauntxo frankisten menpe zegoen. Mutis bat zegoen Elizan. Probintzian bazegoen mugimendu zerbait Elizaren inguruan, baina herriko gazteentzat ez zegoen ezer. Egun batean gazteek entzerrona egin zuten elizan, goizeko ordu bietan kanpaiak jo zituzten, eta atxilotuak izan ziren. Handik aurrera jende askok parrokiara joateari utzi zion. Ni Kamiñazpi auzoan nengoen, arrantzale auzotxoa, orain etxez beteta dago. Nire borondatearen kontra etorri nintzen Ondarroara, organista. Hamar urteren ondoren Don Pedrori proposatu nion Kamiñazpira joatea. Barrakoi bat muntatu genuen eta apaiz moduan nituen asmoak hasi nintzen betetzen, apaiz-langile modura, berba batez. Goizean langileen beharrak egiten nituen, eta arratsaldean apaiz lanak. Izugarrizko errepresioa etorri zen orduan, atxiloketak eta isunak ezagutu nituen.

Telesforo Monzonen Itziarren semea kantuak famatu zuen Ondarroa. Semea Andoni Arrizabalaga izaki.

Pertsona oso interesgarria aipatu duzu. 1967an Andoni eta biok elkarrekin pasa genuen astebete Perdido mendian; Gorlizko aterbearen ondoan, kanpinean. Meza eman genuen hantxe. Andoni akolito izan nuen, orduko argazki bat gordetzen dut. 1968an atxilotu zuten. Frantziako 1968aren maiatza munduan entzutetsua izan zen, eta Euskal Herrian geure maiatza izan genuen. Errepresioa ikaragarria izan zen, izugarria. Politikan, zentzu zabalean, aldaketa eman zen. Berbarako, Ondarroako herria kalera atera zen Madrilgo jauntxoek bertako portua kendu nahi zutelako. Ibaiaren norabidea aldatu eta herriaren kalterako hirigintza proiektu txarra onartu zuten, obrak ere esleituak zeuden. Herria jaiki zen baina. Kamiñazpitik jaitsi zen manifestazioan eta obra geldiarazi zuen. Herriko manifa itzela izan zen. Handik aurrera gauza izugarriak gertatu ziren, horietako bat, Andoniren atxiloketa.

“Nik hiru urte segidan ezagutu nuen Zamorako kartzela, 1968, 1969 eta 1970. urteetan” idatzi duzu laster kaleratuko den liburuan.

Lehen aldiz, 1968an urriko 12aren ostean eraman ninduten preso. Guardia Zibilak Pilarica eguna ospatu zuen. Espainiako banderek Birjina tapatzen zuten elizan. Ni Kamiñazpin nengoen, baina herriko seme baten ehorzketa zegoen parrokian. Don Pedrori esan nion: “Herritarren meza bat eta eliza Espainiako banderaz beteta! Ezin leike... Banderak tapatu edo zer edo zer egin behar da”. Hark ezetz, ezin zela ezer egin. Sakristian sartu nintzen eta sakristauari “tapatu mesedez bandera horiek” esan nion. Bada esan nion eta hark tapatu ere. Hurrengo egunean kartzelara eraman ninduten. 1969an, berriz, Derioko Gotzaindegian entzerrona egin genuen eta barrura. 1970ean salbuespen egoera jarri zuten Gipuzkoan eta Bizkaian. Bizkaian bi herri hartu zituzten “eredu txar”tzat: Barakaldo herri langilea eta Ondarroa abertzalea. Orduan ere, sarekadan harrapatu ninduten.

Zergatik eraman zintuzten baina?

Indautxuko polizia sekretuaren burua etorri zen herrira: Criado. Erregistro itzelak egiten zituen poliziak. Motiboa? Nire etxea erregistratu eta Jose Antonio Retolaza [Retolaza familia jeltzalekoa] abadeak ateratzen zuen Kili-kili aldizkaria aurkitu zuten. Aldizkaria umeentzat zen, nik banatzen nuen Ondarroan. Umeek Iparraldera ibilalditxo egingo zutela idatzia zegoen zenbaki hartan, zerbaiten saria zen nonbait. Euskal Herriko mapa zekarren eta hara, espetxeratu egin ninduten. Akusazioa: “Tener una veintena de ejemplares de Kili-Kili, que exhibe un mapa de marcado matiz sectario separatista”.

Zamoran egon zineten apaizen liburuak honela dio sarreran: “Zuzengabetasunaren aurrez aurka urten barik, borrokan egin barik gelditzea, ezta ez gizakor eta ez kristau”.

Hori izan da gure bizitzako borrokaren leitmotiva. Guk horixe egin genuen garai hartan, ahotsa altxa genuen, bai Gotzaindegian bai herrian ere. Besterik ez. Orduan sortu zen apaizen Gogor mugimendua.

Zamorako apaiz taldekoek ondo pasatzen zenuten antza. Giro ona zen zuen artean.

Bai, hamaika pasadizo ditugu kontatzeko. Behin, abuztua zen, Xabier Amurizak ezkontza batera atera behar izan zuen. Patioan geunden besteok, atorraz jantzita, eta bera aldiz abitu eta clermanaz irten zen. Ze barreak egin genituen haren kontura... Zamoran gure kapitaina genuen: Nikola Telleria. Gauez desfilatzen genuen: “Eusko gudariak gara...” abesten genuen eta amaitzean Gora Euskadi Askatuta! oihukatu. Hura espektakulua. Zaindariak ateratzen ziren garitetatik “eso no, eso no se puede hacer” oihuka.

Koldo Arriola. Ondo lotutako hilketa baten istorio beltza bezain sakona liburua kaleratu berri duzu.

Nire bizitzako arantza bat atera dut. Nik mutikoa ez nuen hainbeste ezagutu, gurasoak bai, frankistak ziren. Kamiñazpin bizi nintzela, Arriola familiak han zuen taberna. Guardia zibilak tabernan egoten ziren sarritan. Amak esan zuen: “Nire semea bi bider hil dute, bi bider”. Kolpe gogorra izan zen. Semea hiltzeaz gain, haren kontra atera zen justizia: “Se abalanzó sobre un guardia civil”. Hura justizia! Semeak guardia zibilei eraso egin ziela entzun behar izan zuen amak. Semea ez zen politikan sartzen...

“Buruhausterik handiena Koldo pertsona bezala despolitizatzea izan da, eta zen modukoxea agertzea” idatzi duzu.

Bai. Maiatzaren 1ean manifestazio handia pasa zen koartelaren aurrean. Guardia zibilak amorratuta zeuden. Sarekadak izan ziren. Koldo herriko seme arrunta zen. Liburuko lekukotasunek horrela agertzen dute. Mendira irteten zen, mugimendu polita zen mendian, baina bera ez zen politikan sartzen.

Nola ikusten duzu gaur egun Ondarroa?

Nik hiru belaunaldi ezagutu ditut. Iritsi nintzenean galego asko ailegatu zen. Gero, Galizian arrantza indartu zen eta asko itzuli ziren, beste batzuk hemen ezkondu eta bertan geratu ziren. Bigarren oldean andaluziar eta Extremadurako asko etorri ziren, arrantzara ere hauek. Azken oldea berriz afrikarrak izan dira. Egun, Ondarroako flota, arrastekoa, bizirik dago beltzak itsasora irten direlako. Galegoen integrazioa ona izan da, extremadurar eta andaluziarrenak ez hainbeste. Beltzek famatu dute Ondarroa. Erraztasun itzela dute hizkuntzak ikasteko, euskara ere ikasi dute. Euren artean nahastuta datoz, tribu ezberdinetakoak dira, eta hizkuntza ezberdinak erabiltzen dituzte. Gurea ere halaxe da. Nik bi ikasle izan nituen, Angolara joan ziren misioetara. Bat erdalduna, Gordexuelako Raul eta bestea euskalduna, Arratiako Periko. Arratiarrak hango hizkuntza ikasi zuen, Raulek ez.

Ondarroara behartuta etorri ei zinen. 80 urte dituzu...

24 urterekin etorri nintzen, negarrez, eta ondarroar egin naiz. Berriztarra naizela esaten dut, baina herritarrek ezetz, ni ondarroarra naizela diote. Beraz, badut poz itzela. Ondarroa herri bizi-bizia da, nire herria da hau ere.

Nortasun agiria

Berrizen (Bizkaia) jaio zen 1931n. Apaiza. Bere aita pilotaria izan zen, palista. Bilboko Euskalduna frontoian jokatu zuen, eta Madrilen ere bai. Ama Axpekoa zuen, baserritarra. Zamorako kartzelan izan zen frankismoan; Gogor mugimenduko kide izan zen. Zamorako apaiz taldearen bizipenak biltzen dituen liburua ateratzear dela, Koldo Arriola. Ondo lotutako hilketa baten istorio beltza bezain sakona (Ondarroako Historiazaleak) kaleratu berri du. 

AzkenHitza
Kakao mentala!

“Atxilotu eta Indautxura eraman gintuzten sei abadeok, poliziaren jefaturara. Basauriko espetxean egon ginen gero, bakoitza zelda batean, irten barik: ‘periodo sanitarioa’n; itxuraz pestea eramaten genuen kanpotik. Basaurin ginela, goizeko bostetan altxa gintuzten. Madriletik kotxe izugarriak ekarri zituzten, kotxazoak. Hiru kotxe eta bakoitzean abade bi: ‘Por el decoro debido al estado sacerdotal’ esan ziguten. Txoferra eta polizia aurrean, eta beste polizia bat atzean. Barazarreko bidean beste kotxe batzuk ikusi genituen gure ondoan, pistolak eta metrailetak nonahi: ‘Zer pasatzen da?’. Pentsatzen zuten nonbait, ETAko komando bat gu askatzera irtengo zela. Ze kakao mentala!


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude