argia.eus
INPRIMATU
Gitarrek gidatutako amorrazioa, egiazkoa
  • Vómito ::En la zona cero

    Potencial Hardcore

    iraupena ::38´10´´

    prezioa ::7€

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2011ko maiatzaren 17a
En la zona cero (Vómito)
En la zona cero (Vómito)
Donostia eta Irun artean kokatutako talde beteranoak urte askotako etenaldia egin zuen Victor abeslaria hil ostean, nahiz eta apur batean Radio Terror proiektuarekin nolabaiteko jarraipena egin. Azken urteotan baina, berrargitaratutako kanta batzuek jaso zuten harrerak mamua berpiztu eta bueltan ditugu, oso sasoi onean, lehen besteko gaztetasuna eta amorrua barruan dutela. Hala ere, Vomitok ez du disko bera birritan egiten eta taldearen marka den kutsu ilun eta siniestroak indarrean jarraitzen badu ere, gitarrei are eta garrantzia handiagoa eman diete oraingoan; eta gai izan dira amorrazioz beteriko punk-rockaz gain, rock urbanoa, metala eta ukitu industriala lantzeko. Hitzetan, berriz, gizakiak bere kabuz lantzen diharduen hondamendia eta norberak daukan alde ilunena, ezkorrena, jorratu dituzte.
"Punka batez ere jarrera da: errebeldia eta zure bidea eraikitzea"

Zer helbururekin itzuli da Vomito krimenaren gunera?

Gerra ematen jarraitzeko asmoarekin eta jakina, inola ere ez iraganean egindakoaren truke bizitzeko. Gure helburua ez da inoiz izan orain dela hamabost urteko kantak jotzeko itzultzea. Tartean gaixotasuna, zorigaitza, heriotza eta mina agertu ez balira, Vomitok ez zuen halako etenaldi luzerik egingo.

Krimenaren gunea oso aldatuta aurkitu duzue itzultzerakoan?

Harrigarriena izan da erreferentzia taldea bilakatu garela jakitea. Itzuli ginenetik bi urtean 60 kontzertutik gora egin ditugu eta ikaragarria izan da, sinesgaitza. Bestalde, oso garai gogorrak bizi ditugu, erdi ezkutuan baina indar-indarrean dagoen faxismoak gidatzen dituenak. Horregatik, gero eta arrazoi gehiago daude bide zuzenetik aldendu eta sormena erabilita ahalik eta ostia txar handiena ateratzeko. Gaur egun jende asko da horren jakitun, eta edozein egunetan ezinegonak eta frustrazioak bolbora moduan su har dezakete.

Musika estiloei dagokienez, oso irekiak izan zarete beti…

Bai, geldigorrak gara eta inoiz ez dugu aurrekoaren disko berdinik egin nahi izan; horrek neurri batean sailkagaitzak egiten gaitu. Baina beti ahalegintzen gara lan energiko eta intentsuak grabatzen; eta istorioak kontatzeko gure estilo propioa izaten.

Punkak ezinbestean behar du arrisku kutsua, ezta?

Bai, bestela ez litzateke punka izango, beste zerbait izango zen. Estiloari dagokionez, oso irekia da eta horrek aberastu egiten du. Punka batez ere jarrera da: errebeldia eta zure bidea eraikitzea dira ezaugarri nagusienak.


Dagoeneko gazte “nagusitxoak” zarete, baina “suarekin jolasteko gogoa” ez zaizue kendu. Zer dauka suak, hain erakargarria izateko?

Berotzen zaitu, iratzartzen zaitu eta bizirik sentiarazten zaitu. Horrez gain, hipnotikoa ere bada eta errespetua ezartzen dizu.