argia.eus
INPRIMATU
EUKOA, merkatu ikerketarako enpresa
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2013ko maiatzaren 07a

Irigoienazpikoa egitasmoaren apustu garrantzitsuena da EUKOA (Euskal Komunikabideen Audientziak). Euskarazko hedabideen audientziak neurtuko ditu EUKOAk, zenbatekoak eta nolakotasuna. Egitasmoa idazteko ardura izan duen Iban Arantzabalen ustez, “neurketa batzuk egiten dira euskarazko komunikabideetan, baina ez dira ez nahikoa, eta batzuetan, ezta oso zientifikoak ere. Susmoen arabera gabiltza hedabideak eta batzuetan asmatzen dugu eta besteetan ez. EUKOA sortuz ez dugu ezer asmatu, beste hizkuntzetan badira horrelako enpresak, baina euskarazko merkaturako ez geneukan halakorik”. Irabazi asmorik gabeko enpresa izango da eta independentea. Sektoreko enpresak eta erakundeak izango dira jabeak. Eskualde mailatik gorako Euskal Herri osoko hedabideekin lan egiteko ahalmena izango du. Ez dute baztertu herri handietako hedabideei ere aukera ematea.