argia.eus
INPRIMATU
Claus Groten - Vómito
"Punka batez ere jarrera da: errebeldia eta zure bidea eraikitzea"
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2021eko uztailaren 14a

Zer helbururekin itzuli da Vomito krimenaren gunera?

Gerra ematen jarraitzeko asmoarekin eta jakina, inola ere ez iraganean egindakoaren truke bizitzeko. Gure helburua ez da inoiz izan orain dela hamabost urteko kantak jotzeko itzultzea. Tartean gaixotasuna, zorigaitza, heriotza eta mina agertu ez balira, Vomitok ez zuen halako etenaldi luzerik egingo.

Krimenaren gunea oso aldatuta aurkitu duzue itzultzerakoan?

Harrigarriena izan da erreferentzia taldea bilakatu garela jakitea. Itzuli ginenetik bi urtean 60 kontzertutik gora egin ditugu eta ikaragarria izan da, sinesgaitza. Bestalde, oso garai gogorrak bizi ditugu, erdi ezkutuan baina indar-indarrean dagoen faxismoak gidatzen dituenak. Horregatik, gero eta arrazoi gehiago daude bide zuzenetik aldendu eta sormena erabilita ahalik eta ostia txar handiena ateratzeko. Gaur egun jende asko da horren jakitun, eta edozein egunetan ezinegonak eta frustrazioak bolbora moduan su har dezakete.

Musika estiloei dagokienez, oso irekiak izan zarete beti…

Bai, geldigorrak gara eta inoiz ez dugu aurrekoaren disko berdinik egin nahi izan; horrek neurri batean sailkagaitzak egiten gaitu. Baina beti ahalegintzen gara lan energiko eta intentsuak grabatzen; eta istorioak kontatzeko gure estilo propioa izaten.

Punkak ezinbestean behar du arrisku kutsua, ezta?

Bai, bestela ez litzateke punka izango, beste zerbait izango zen. Estiloari dagokionez, oso irekia da eta horrek aberastu egiten du. Punka batez ere jarrera da: errebeldia eta zure bidea eraikitzea dira ezaugarri nagusienak.


Dagoeneko gazte “nagusitxoak” zarete, baina “suarekin jolasteko gogoa” ez zaizue kendu. Zer dauka suak, hain erakargarria izateko?

Berotzen zaitu, iratzartzen zaitu eta bizirik sentiarazten zaitu. Horrez gain, hipnotikoa ere bada eta errespetua ezartzen dizu.