Bidadorren bideetan barna

Zialdo ostatua, Lesakan, 68ko maiatza entzutez baizik ezagutzen ez genuenontzat kultozko taberna orain hamarkada batzuk.
Zialdo ostatua, Lesakan, 68ko maiatza entzutez baizik ezagutzen ez genuenontzat kultozko taberna orain hamarkada batzuk.Maddi Soroa

“Ihesi” honek Joxemiel Bidador du aitzakia. Ez da ahaztu behar, baina, Joxemiel bera eduki genuela aurrekari orriotan (2009ko maiatzaren 3a, 2182. zenbakia, Tuterari eskainia).

Mikelestorena exitosoaren lurraldean

Zialdo tabernako kanpoko mahaietan gaude, eguraldia eguzkitsua da, zoragarria. Eguzkia zoragarriagoa da Lesakan. Mikelestorena lesakarrak Zerura nahi duenak ar dezakean bide erraza izkiriatu zuen, bost edizio eduki zituen obra. Ez al da aski exitosoa, ala?

– Sermolari bezala zeukan dohaina ez aipatzearren.

Zialdo, orain hamarkada batzuk, kultozko taberna zen 68ko maiatza entzutez baizik ezagutzen ez genuenontzat. Lesakako ostalaritza, edozein kasutan, maila onekoa da.

– Aingerutxoa.

Zeru eguzkitsua, zerurako bidea, zeruan bezala gaude. Zerutiarregia, galdu egin naiz.
– Aingerutxoa?

– Mikelestorena. Lehengo edizioaren ale bakarra, Donostian bizi zen Jesus Cilveti Azparren izeneko iruñear farmazialari batena zen. Azparrenek 5.000 pezetaren truke erosi zion Astigarragako kapilauari, Felix Agirreri. Honek, bere aldetik, Arabako Kontrasta herriko parrokoarengandik, Eusebio Larramendirengandik alegia, jaso zuen, 1933. urtean.

Historia da baina fikzioa dirudi, edo fikzioa izan zitekeen. Honelakoetan zen bereziki abila Joxemiel Bidador, Nafarroako hainbat tokitatik barna egingo dugun bidaiatxo erdi literario eta erdi turistiko honen argi gidaria, iparrorratza.

Lesakara Oiartzundik bazatoz eta Agiñan geratzen bazara, Euskal Herriko tokirik majikoenetako batean pausatuko zara. Aita Donostiaren omenezko eskultura; Oteitzaren eta Oteitzaren jarraitzaileen arteko borroka epikoak; Laboa zenaren hautsak, han nonbait barreiatuak.
Lesaka zeharkatu eta Frain auzora bazoaz, Lesakatik datorren bideak NA-121 errepidearekin bat egiten duen tokira, Bidasoa ibaiaren ondotik doan “bide berde” horietako bat aurkituko duzu. Doneztebe aldera hartuz gero –Lesakatik etorrita eskuin– hogei kilometro luze dauzkazu, oinez, bizikletaz, patinez, lasterka... egiteko. Bera aldera hartuz gero Alkaiagaraino iritsiko zara, Bera ondo-ondoan daukan Lesakako auzoa.

– Hirugarren edizioko ale bakarra Zildotzeko Perutxena etxean topatu zuten.

– Egiazkoak gintezkeen, baina fikzioa gara.

Garañoko gaztelua

– Joxemielek idatzia dauka: “Estatunahia ez dut, erresumazale ez naiz, Amaiurren ez nintzatekeen egonen, baina Oskiateko bidetik lekuko, gaztelatzealdia mingarri zitzaidan, niri ere...”.

Garaño Ollo ibarrean dago, Beasoaindik oso gertu. Beasoain, Iruñetik hogei kilometrora, mendebaldera hartuta. Mortxe, Txurregi, Gaztelu eta Oskia mendiek ixten dute Sakanarako bidea: Gaztelu eta Oskia artean, Oskiatea, pasabide naturala; atea pasa eta Atondo herria. Nola deituko zen, bestela? Toponimiak asko erakusten du. Oskia mendira igoz gero –Atondotik bertatik, nahiez gero, ordubete laburrean–, are argiago ikusten da Iruñerako pasabide naturala zein den. Zergatik den Oskiatea atea. Ez alferrik hortik dauka trenak bere bidea. Eta teknologiak nola bestelakotu duen dena; autopista bat egiten dizute gaur, lehen armada bat sekula ausartuko ez zen bidetik.
Sakanatik Iruñera zetozenak hantxe topatuko zuten Garañoko gaztelua, aurrez aurre. Garañok –Garaño nolakoa izango zen pentsatzeak, alegia– ematen du erresumaren neurria.

Beasoaindik hartuta, Garañora joan ez ezik, Ollo ibarreko buelta ematera abia daiteke norbera. Lau bat ordu, desnibel handirik gabe, seinaleztatuta dagoen bidetik barna, Iruñeko erresumaren orografia, eta beraz, zentzua, hobeki ulertzeko.

– Eta segitzen du poetak: “... nerau ere eraman niduelako, besteen antzera, hirira preso, harresien artean kukuturik, isildurik eta ezezkor...”.
Eta hala ere, Oihenartek dioen moduan, “Dohakaizdunak Zizurren illuna”. Hiria kondena baita, kondena saihestezina, ordea, Oihenart bera bezala –omen–, konkistari buruzko berrien xerka hurreratu zen batentzat. Izan ere, orduko nafar agintariek ez zioten utzi Maulekoari Iruñeko artxibategian arakatzen.

Mendigatxa sindromea

Erronkarira Burgitik sartuz gero, herri hau zeharkatu eta berehala dago, ezker, Bidankozera doan errepidea. Esan egin behar da, kanpotarrentzat Bidankoze delako, ezbairik gabe, Erronkari ibaxako herririk ezezagunena. Komunikazio zailak ditu; 1939tik 1941era Francoren 2.000 presok egin zuten Zaraitzu alderako (Igari) bidea.

Egun, gutxi dira gurean tragoa ere eskaintzen duten dendak, edotariko generoa saltzen dutenak. Horietako bat Bidankozen. Hangoa zen Mendigatxa, Bonaparte eta Azkueren hizkuntza-informatzailea. Bidankoztarra zen, halaber, Prudencio Hualde, Bonaparteren aginduz San Mateoren ebanjelioa euskaratu zuena. Mendigatxa Binuesko zubian ilea mozten, eta uretan ile arrastorik geratzen ez. Baina “Resu xaun korrek pezeta batzuk igorriko balide...”.

– Hain dirudi erraza bizitzeak, hain da zaila, ordea, odolustu den batentzat...


ASTEKARIA
2011ko maiatzaren 15a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Azkenak
Iaz gehien mailegatu zen euskarazko liburua, Nerea Ibarzabalen 'Bar Gloria'

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako liburutegietan 2,7 milioi mailegu egin ziren 2023an, 2018an baino 100.000 inguru gehiago.


2024-04-23 | Euskal Irratiak
Indarrak biltzeko eguna antolatu du Erdiz Bizirik-ek Elizondon

Erdizko meategiaren kontrako plataforma herritarrak aldarrikapen eta besta eguna antolatu du joan den larunbatean Elizondon. Heldu diren asteetan epaiketa ukanen dute Magnesitas Navarra enpresaren kontra. Hain zuzen, auziak eraginen dituen gastuei buru egiteko sustengu... [+]


2024-04-23 | ARGIA
Instagram da EAEko gazteen sare sozial gustukoena

TikTok eta BeReal dira azken urteotan gehien hazi diren sare sozialak. Gazteen artean, %40ak esan du euskara ere erabiltzen duela. Gaztelania 97,9ak erabiltzen du, eta ingelesa %62,4ak. Datuok Gazteen Euskal Behatokiak egindako Gazteak eta sare sozialak. Euskadiko gazteen... [+]


Oskar Zapata (Topagunea)
"Euskarak aurrera egin dezan aliatu berriak behar ditugu"

Nafarroa Garaian euskararen aldeko jarrera gero eta handiagoa izan dadin ildo diskurtsibo berriak proposatu ditu Euskaltzaleon Topaguneak


Eguneraketa berriak daude