argia.eus
INPRIMATU
Gatzaren zaporea
  • Amaia Lasa ::Itsasoko izaki

    Maiatz

    prezioa ::12€

Igor Estankona 2011ko maiatzaren 10
amaia lasa
Amaia LasaDani Blanco
Leun eta babesturik sartzen da bat altzo formako liburu gozo honetara, kontuak entzutera. Lurdes Muñozen marrazki borobilduek apaindua, Jose Luis Padronek labur eta ondo hitzaurretua, Kattin eta Mikel seme alabei eta “nire anaiei ere” dedikatua, Itsasoko izaki aspaldiko liburu baten fruitu berria dela ematen du. Aurrez argitaratutako poemak ere badaude bertan, eten ez den kate horren adibide, baina era berean Amaia Lasak zer edo zer berria kausitu duela dio:

zu zeunden
hondoan
bakar bakarrik
behargorri
biluzik
negarrez
maitasun eske
edozein emakume bezala
”.

Denborak astiro ondua (Zoriaren hegadak, 65. orrialdea), apur bat atzokotua eta sano orekatua da Itsasoko izaki. Bizitzari buruz bozkarioz hitz egiten duen liburu bitalista horietakoa da, eta era berean pausatua. Lehenaldia, orainaldia eta etorkizuna agertzen dira plano berean. Hirurak batzen diren puntuan, gainera, Amaia Lasaren paradisu paganoa dago:
Bada kosmo oparoan
itsasoa
lurra eta ni
besarkatzen garen
une bat
” (69. orrialdea).

Emakume ezpain gorri freskoekin eta talaiako ikuspegi zabalarekin idazten du getariarrak. Igartzen da edertasunarekin batera esperientzia eta jakituria, denak biltzen diren bizitzako arotik idazten digula Amaia Lasa lasaiago batek, nire belaunaldikook ezagutu ez genuen beste Amaia Lasa haren jarraipen eta ukapen, Geroaren aurpegia (EHU, 2000) lanaren ildotik aurrera doanak.
Politikaz eta heriotzaz dihardu, maitasunaz eta bakardadeaz, norberarena eta kolektiboa bereiztu barik, emakumea eta mundua bereiztu barik. Biografia eta historia askotan nahasten dira Itsasoko izaki honetan –
 “aingura astun baten
burnizko hariak hautsiz
ozeano urdinaren ur sakonetan
emeki-emeki murgildurik…
”–.

 Liburuaren gatz zaporeak lurrarekin eta ugalkortasunarekin identifikatzen den emakume-ahotsa urarekin nahasten du. Amaia Lasaren itsasoa, finean, liburu honetako pertsonaia nagusia da, ez soilik markoa. Itsasoa da askatasuna eta lasaitasuna, itsasoa da abentura. Itsasoa da, edozelan ere, gure gainetik dagoen zerbait, denok itzuliko garen sabela:

Zaldi urdinen zurda zuri gainean
arrazoi hutsaren bide hotzetan
galdurik
olatu handietako aparretan
leherturik
arrazoi ezaren
lurraldeetan murgiltzen
”.

Itsasoaren maila irudimenaren maila da liburu honetan: gero eta sakonago, gero eta inkontziente eta askeagoak dira Lasaren konposizioak, itsasgora eta itsasbeheren pentzura dabiltzanak, apur bat urrunago iristearen pozean beti.