argia.eus
INPRIMATU
Bitsa

Edorta Arana @EdortaArana 2011ko maiatzaren 10a

Ikaragarria da hedabideek sortzen duten zurrunbiloa. Azken egunotan egunkariek, irratiek, telebistek eta webguneek aurkitu dute zertaz hitz egin eta, noski, ez dute aukera galdu.

Astebete eskasean, Erresuma Batuko printze baten ezkontza, Karol J. Wajtylaren dohatsu izendapena, Bin Laden akatu izana eta Bilduren ilegalizazioa aipatu dituzte barra-barra. Hedabidearen jatorriaren eta ildo editorialaren arabera hauetariko gai bakoitzaren tratamendua oso desberdina izan da, nola bestela.

Hala ere, deigarriak izan dira esaterako, nolako goxotasunaz (gozotasunaz, esan beharko nuke) murgildu diren William eta Caherineren ezkontzaren gaian. Ematen zuen tarte baterako, ez zitzaiola inori inporta monarkiaren legitimotasunaz dagoen eztabaida, krisia eta hipokresia! Telebistek eta kutxé paperaz ateratzen diren aldizkariek sekulako pagotxa izan dute ditxosozko ospakizunarekin.

Bestetik, Joan Paulo II.a zena santutzeko bidean jarri dutela izan da maiatzeko lehen egunetako beste berri potoloetako bat. Aurrekoaren kasuan bezala, kutsu erlijiosoaren gainetik ikuskizuna gailendu da.

Bi hauetan, notizien helburua eta kontatzen zenaren subjektuak nortzuk ziren agerian zegoen. Lehenaren kasuan, monarkia britainiarraren jarraipena ziurtatuko duen kontratua sinatu zuten eliza bateko aldarean. Bestean, figura mediatiko indartsua bilakatu zen pontifizea erabili nahi izan dute Vaticanoko ikonografikari berritasun astindu bat eman guran.

Hasieran aipatu ditugun beste bi albisteak ere mamitsuak suertatu dira. Bin Ladenen kasuan, “hil” eta “erail” berben esangurari dagokionez, egunkari eta telebisten webguneek batera ala bestera jo dute, berdinak balira. Eta ez dira. Dena dela, oraingoan, ez dio axola, ez baitiote inori konturik eskatuko. Eta ohi bezala irabazleak ehizatutako etsaiaren burua erakutsi nahi du. Hori bai, tentu handiz esaten digute Al Kaedako buruzagia omen zenaren gorpu desitxuratua ikustea desatsegina izan daitekeela. Estetika kontua. Etikari jaramonik ez.
Bildu ere heldu da egunotan albistegi eta agerkari digital guztietara. Auzitegi Gorenean astebukaeretan ere lan egiten dutela erakutsiz, baita maiatzaren lehenean ere. Judikaturaren zentraltasuna irudikatu nahi izan dute, ilegalizazioaren bidean. Hori bai, PPk ez du askorik itxaron behar izan aitortzeko bi alderdi espainiar nagusien itunaren ondorioa dela Gorenaren epaia. Nork agintzen duen eta ehiza domin hori nori dagokion garbi gera dadin esan beharrekoa.