argia.eus
INPRIMATU
Astoa orrazten
Jakoba Errekondo 2011ko maiatzaren 10a
landareak
Jakoba Errekondo

Itxiokorria idi-uztarriak tiratako goldea harrotu eta idi parea gelditzeko gai da. Ez diogu alferrik deitzen “utzi horri bakean!”. Itxiokorria, Ononis spinosa da. Ononis landarearen izen grekoa eta spinosa landare arantzaduna edo eskardaduna delako. Enbor arantzatsua, zakarra da heltzeko, baina azkura kentzeko egoki askoa. Asto orrazia ere deitzen diote gazteleraz, peine de asno. Osinetan irriz irri itoko litzatekeen astoak gozo egiten du hazka idi parea seko gelditzeko gai den landaretxoan. Astoaren orrazi honek, galtzen ari den sakelan orrazia eramateko ohitura ekarri dit gogora; garai batean, emakumeek ezpainetako margoa eta ispilutxoa bezala, gizaseme ugarik orrazia izan ohi zuen patrikan. Baita astakilo eta astakirten frankok ere.

Iditik astorako edo astotik idirako gurdi-bidea egiten duen landare gehiago ere bada. Egunero ia ikusten dut bat, uretako astaperrexila, Cicuta virosa. Errio bazterreko ibilaldian hor agurtzen dugu elkar. Ura den tokietan hazten da astaperrexil hau. Enborrik gabe, ipurdi-ipurditik hostaje mardula eman eta udaberriko lehen beroekin gara luzeak azalduko dira hostoen artean gora. Laguna adinakoak izan daitezkeen lore gara hauek arraunlarietara eta arrantzaleetara, korrokoietara eta lupietara makurtuko dira, bai baitaki ez batzuek eta ez besteek inola ere ez diotela kosk egingo. Pozoia du berme. Berme eta astotik idirako bidezidor: uretako astaperrexilari matabuey diote gazteleraz, ingelesez, besteak beste, cowbane, beaver-poison, children’s-bane, snakeweed eta musquash-poison.

Uretako astaperrexil hau Cicuta generokoa da baina ez da izen bereko pozoia ematen duen landarea. Azken hau, Sokrates eta abar aurrean hartu eta jo eta akabatu zituena Conium maculatum da, geurean astaperrexil handia deitzen duguna. Uretakoa, Cicuta virosa, gure aldekoa da, atlantikora begira hazi diren kulturetako paisaietakoa. Astaperrexil handia, ordea, mediterraniarra da, munduaren zilborra zela uste zuen Sokrates eta beste hainbaten lurretakoa. Gure astaperrexilak ezin hilko zuen bada. Uretakoak ez, handiak hilko zuen...