argia.eus
INPRIMATU
Joan dira

Joxemari Ostolaza 2011ko maiatzaren 03a

Bazko oporrak. Inguruko jende dezentek baliatu ditu airatzeko, eta kanpotarrez bete zaizkigu gure bazterrak ere. Pozik dauzkagu ostalariak betekada zapi. Gure kasuan, mugalde honetan ohiko bilakatu duten Lopez Ufarte futbol torneo internazionala izan dugu bilgune. Eta guk ere “nacionales” deitzen ditugunak izan ditugu aste santu honetan gurutze, bidegurutze zenbaitetan kontrolak ezarriak zituzten kotxe ilara alimaleak probokatuz, bidea gure zirkulazio arterialaren motelak hartzen zuela libragaitz. Adin batekoei paso, gazteei alto. Pazientzia urre. Propio galdetuta jakin dut espainiarrek eraman dutela kopa, Real Madridek japoniar taldeari finala irabaziz. Guk, Baigorrira egin genuen urtero bezala, aurtengoan krisia medio, kilometroak eta beharrezko erregaiak aurrezteko edo, biak bat antolatu digutela. Nafarroa eta Aberria independentzia bidean alderdikeriak bazter. Herriaren tenorea, jendearen garaia, autonomoen kuraia. Aro berria. Bil eta sor, sor eta bil. Kantu baterako errepika egokia. Pena, Gernikara ere joan gintezkeela gustura, baina egun bakarrerako sobera izaki, kilometroak kotxe ttikienean ere hogeita bost bat zentimo egiten baitu, eta gerriak pareta, patrika zulo.