Itxiokorria

Itxiokorria
Manuel Galan

Loretan lurrin loratzen da sasi-akazia, Robinia pseudoacacia, apirilean. Jorrailean. Zura ona eta lorea hobea ematen dituen zuhaitz puska hau inbaditzailea dela dio zenbaitek. Administrazio batzuek bere aurka jotzea sustatzen dute. Ni zalea nau, eta gomendio hauek haizea hartzera! Sasi-akazia kolonizatzaile ona da, bai, beste landare batzuk baino azkarragoa izaki, horretara eboluzionatu baitu. Sustrai indartsuak zabaltzen ditu, lur-azalean gehienak. Hauetatik nonahi sortzen da altsuma eta puja, zuhaitz berriak emanez. Hazia heldu, erne eta landare berriak sortzera itxaron gabe sustraietako klon hauen bidez aise asko ugaritzen da.

Batzuen trikimailua azalekoa eta beste batzuena sakonekoa. Iraupena eta bizia barren-barreneko lurrean sakon barnatutako sustraiei zor dioenik ere bada. Itxiokorria, Ononis spinosa, besteak beste.

Itxiokorria lekadunen familiakoa da. Zuhaixka txikia ageri bada ere, sustrai izugarriak ditu, gogorrak eta luuuzeak. Soro eta alorretan hazten da eta garai bateko nekazarien artean zuen fama ondo jaso du bere izenetan: itxiokorria, itxiokgeldia, geldiorria edo galdarrona. Lehen hirurek nekazaria eta landarearen arteko lotura azaltzen dute: itxiok horri, itxiok geldi eta geldi horri. Hitz bitan, bakean uzteko landarea. Aitzurkadaka, nahiz eta ondaitzurrarekin, landarearena egitea kosta egingo zaiola eta hobe duela bere horretan utzi. Gaur egungo traktoreekin ez dago arazorik eta landare honek ez luke honelako izenik izango. Katalanez afrontacavadors eta afrontallauradors deitzen diote, aitzurlaria lotsaraziko duena, alegia, seguruenera ez baitu ipurditik ateratzea lortuko. Galdarrona izenari beste ulerbide bat ematen zaio: golde harro ona. Goldea lurretik ateratzen omen du, goldaketa zapuztuz. Lakoizketak 1888an azaltzen du eta Emilio Guineak bere Vizcaya y su paisaje vegetal liburuan 1949an berritu. Gazteleraz detienebuey eta quiebraarados, portugesez resta-boi, frantsesez arrete-boeuf, ingelesez restharrow antzeko izenetik ugari du; latinez ere remora aratri eta resta bovis deitzen omen zioten. Goldea bere erretenetik atera edota heldu eta geldiaraziz idi-parea geratzeko gai diren sustraiak ez dira azaren azpiko orriak!


ASTEKARIA
2011ko maiatzaren 08a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zuhaixkak
2018-10-14 | Jakoba Errekondo
Atlantikoa eta Mediterraneoa

Euskal Herri atlantiarreko lurretan uzta handiena dakar udazkenak: artoa, babarruna, kuia, sagarra, intxaurra, gaztaina eta abar. Fruitu eta hazi horiei ahalik eta luzeen onik eustea izan da nekazarien lanik zailenetakoa. Udazkena bera eta batez ere negua gozatuko duten jakiak... [+]


2018-03-11 | Iñaki Sanz-Azkue
Oteak dirua balio zuenean

Sinestezina dirudi, baina hala zen. Egun mendian ia nonahi topatzen dugun lore horiko landare arantzadun horrek dirua balio zuen iraganean; leku batzuetan bai behintzat. Izan ere, garai batean otea garrantzitsua zen. Aziendari azpiak egiteko edota jaten emateko mozten zen;... [+]


2016-11-06 | Jakoba Errekondo
Amaia Ezpeldoi hil dugu

“Intziri handi gaiñialat / herrekatik zen elkhitzen / ezpeldoietan dütügü / ützirik ürrüntzütützen”, idatzi zuen Junes Casenave-Harigilek Santa Grazi pastoralean. Pirinioetako ezpeldoiak bere onenean ezagutu ditu bizi duen... [+]


Eguneraketa berriak daude