argia.eus
INPRIMATU
'Inside Job' Europan

Mikel Zurbano 2011ko apirilaren 19a

Giza zitalkeria agerian uzten duen filma da Inside Job. Islandia du abiapuntu. Iparraldeko irla hau Europan biztanleko errenta handiena eta gizarte zerbitzuen sistema osatuena zuen eta gainera energia arloan autosufizientea da. Utopiatik gertuko egoera. Baina finantza espekulatzaileek hondoa joarazi zuten. Hortik New York-era garamatza filmak, trumoiaren bihotzera. Bertan, bankari, enpresari eta politikoen arteko sareak beren diru-gosea asetzeko boterea modu zabalean eta traketsean erabili zuten. Munduko ekonomiaren hondamendia etorri zen. Gizaki anker batzuk kea saltzen, mugarik gabeko espekulazioan, boterekerian, aberastasun lasterketa amaigabean aritzearen ordaina besteok pairatu behar izan dugu. Gupidagabeko sare horretan porrotak jota dauden bankariek eta izugarrizko dirutzak ordaindutako enpresariek ez ezik akademikoek, Etxe Zuriko aholkulariek, eta abar luze batek hartzen dute parte. Oscar saria jaso zuen Ferguson zuzendariak Obamarekiko etsipena ere erakusten du. Filmaren amaiera aldean estuasuna gorengo puntura iristen da, izan ere gizaki bihozgabe horiek zigorra saihesteaz gain AEBetako ekonomiako gidari lanetan jarri ditu Obamak. Ekonomiaren eta sistemaren lidertza izan dute eta izango dute etorkizunean ere atzera mundua beren nahierara moldatzeko.

Europan ere Inside Job propioa filmatzeko aktore zikoitz ugari badago. Gidoi egile eta ekoizle lanetan Europako Batasuna ariko litzateke: honek idatzi du nola munduko finantza krisia Europako zor publikoaren krisia bihurtu behar den. Hemen ere aktore lanetan ari diren nazioarteko finantza-eragileen laguntzaz Europako Batasuneko demokrazia ahularen porrota filmaren epilogoa litzateke. Nolanahi ere, erantzunak ugaritzen doaz. Aipatzekoa, besteak beste, Frantziako Estatuan economistes atterrés delakoen agiria. Hauek diote krisiaren kontestuan finantzen boterearen funtsa ez dela kolokan jarri eta, aldiz, Europan –nazioarteko erakundeen eta rating elkarteen presiopean– aurretik beste herrialde batzuetan porrota ekarri zuten egiturazko doikuntza programak eta erreformak aplikatzen ari direla. Izuak jotako ekonomialari hauek ondorioztatzen dute neurri hauek Europako krisia larriagotuko dutela. Alegia, gidoia atzekoz aurrera idazteko aldarria egiten dute.