Enfasia

kitaldi publiko batean agintari erdaldunak emango zuen plastadaren aurretik, konpromisoz, euskarazko hitz gutxi batzuk irakurri behar zituen. Agurra, baina, bere kasa egiten ausartu zen:
    – Euskaldunak eta euskaldunok.
    Erdarazkoa abiatu zuenean konturatu nintzen bere kabuzko itzulpena egina zuela alproja kalamidadeak:
    – Vascas y vascos.

*   *   *

    Orain gutxi, telebista programa fatxa ugarietako batean Espainiako akademiko bati galdegin zioten zuzena ote zen erdarazko esamolde hori. Akademikoak, bere goi jakintzaren luma guztiak ondo hanpatuta, kategoriko erantzun zuen: ez da zuzena, espainolak maskulinoa denentzat erabiltzeko arau eta ohitura duelako, maskulinoa delako markarik gabeko generoa.

Zuzentzaileak, ordea, gaizki zuzendu zuen. “Vascas y vascos” ez da nahitaezkoa. Baina zuzena izan daiteke. Edozein hizkuntzak aukera ematen duelako enfasi bereziaz zerbait azpimarratzeko eta bereizteko. Horixe da kontua: enfasia zertan jartzen dugun. Mende askotan barrena egin ez den ñabardura, orain egin eta egitea nahi dugun edo ez.

Hizkuntza bizimoduarekin lotuta doa beti. Orain artekoa zeinekin lotuta joan den ez da dudarik: gizonezkoek agintzen duten soziedade ereduarekin. Eta horretaz konturarazteko enfasiaren erabilpen honek mesede egiten du. Batez ere, hizketa modu ez-sexista, gure politikariek ez bezala, era txukunean erabiltzen badugu.

*   *   *

Bizitzako beste kontuetan ere zertan jarri behar genuke orain enfasia? Edozein sozietatek, isilean eta era inplizituan, kide guztiek onartzen dituzten hitzarmen eta akordio asko ditu oinarri eta zutabe, oso pixkana aldatuz doazenak. Izango dira hitzarmen horiek hautsiko dituztenak, “gaiztoak” alegia. Eta, ezinbestean, horietako batzuk agintarien artean ibiliko dira. “Batzuk” izan beharrean gehienak direnean, soziedadearen porrota dator, erabateko ustelkeria. Egun biztanle gehienon errezeloa horixe da: gure buruzagi gehienak (ez bakarrik politikoak, baita erlijioso eta intelektual asko ere) ez direla zuzenak, txorizo galantak baizik.

Horrekin batera, iruditzen zaigu ez direla oso bizkorrak. Ekonomiaren munduan ilusionismo ebaslea egiten duten marrazo frakdunak azkar mugitzen dira eta mundua –unibertsoa laster– dute jokaleku. Gure buruzagiak, berriz, motel eta zatikako ika-mikatan galtzen dira. Biztanle gehienoi iruditzen zaigu ekonomiako lapurren aurrean, erosita ez daudenean, ezinean ibiltzen direla.

*   *   *

Gaitz hauen aurrean, itxurazko “salbatzaileen” agerpenak txunditu egiten ditu pertsona asko. Iraganeko pentsamoldeetara itzultzea nahiago dute beren buruak ziur sentitzeko. Beste askok, gazteen artean bereziki, kontu publikoetan inplikatzea ez duela merezi iritziko diote, “bakoitza berera joatea” dela legerik onena.

Enfasia hitzarmen berriak lortzen jarri behar dugu. Denon (gizon edo emakume, zahar edo gazte, etxeko edo etorkin, beltz edo zuri, osasuntsu edo gaixo...) fabore daudenak, gehiegikeriarik onartzen ez duten hitzarmenak, arazo berriei (ingeniaritza finantzaria, eutanasia, tankera desberdinetako familiak, genetikaren aurrerapenak, erlijioen eta kulturaren arteko harremanak...) erantzungo dieten hitzarmenak, gure buruzagiek sinesgarritasuna izan dezaten kodeen hitzarmenak. Elkarrekin bizitzearen poza berreskuratzen lagunduko diguten hitzarmenak.

Etorkizunerako hitzarmen on eta aurrerakoiak, boteretsuekin tinko eta ahulekin bigun diren hitzarmenak lortzen jarri behar dugu enfasia. Vascas y vascos.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude