Bilbo, 1971. Banco de Bilbao Bank-Americard kreditu txartela –gero Visa izango zena– bezeroen artean banatzen hasi zen. Erresuma Batuan izan ezik, ordura arte Europan ez zen halakorik erabiltzen, eta hura izan zen Espainiako Estatuko lehen kreditu txartela. Produktuaren sustapen kanpainan ahalegin handia egin eta gero, urte gutxian, Espainia munduko lehen postuetan zen txartelen erabileran.
Lehen kreditu txartelak hogei bat urte lehenago erabiltzen hasi ziren AEBetan. Baina ideia askoz lehenago bururatu zitzaion Edward Bellamy idazleari. 1887ko Looking Backward nobela utopikoan, ordainketak egiteko etorkizunean txartelak erabiliko zirela aurreikusi zuen, eta izenean ere asmatu zuen: liburuan credit card (kreditu txartel) terminoa hamaika aldiz erabili zuen. 1920ko hamarkadatik aurrera, esku-dirutan ez ordaintzeko hainbat txartel sortu ziren, baina enpresa jakinetan edo salgai jakinak ordaintzeko soilik erabil zitezkeen.
1949an Frank Macnamarak negozio afaria izan zuen New Yorkeko Major’s Cabin Grill jatetxean. Kontua ekarri ziotenean diru zorroa etxean ahaztu zuela konturatu zen. Nola edo hala ataka horretatik irtetea lortu zuen, baina esku-dirua ordezkatuko zuen zerbait behar zela erabaki zuen, eta 1950ean Diners’ Club txartela sortu zuen. Horixe da, behintzat, Diners’ Clubeko ordezkariek kontatzen duten historia. Kartoizko txartel hura –plastikozkoa American Expressek merkaturatu zuen hurrengo hamarkadan– askotariko salgaiak ordaintzeko balio zuen lehen txartela zen, eta urtebetean 20.000 bezero lortu zituen.
1958an Amerikako Bankuak sekulako bultzada eman zion produktuari. Marketing taktika bortitz eta eraginkorra erabiliz, posta bidez 60.000 BankAmericard txartel bidali zizkien Fresnoko (Kalifornia) biztanleei, gero Banco de Bilbaok banatuko zituen txartel berak.
Horrenbestez, lehenik AEBetan eta gero gurean, ia konturatu gabe ordaintzeko ohitura arriskutsuaren historia hasi zen. Duela bi urte, 2009ko apirilaren 23an, Barack Obama banketxe nagusietako kreditu txartelen arduradunekin bildu zen, Time aldizkariaren hitzetan, “plastikoarekiko menpekotasuna kontrolatzeko”.