Euskal kutxen kaudimenari esker, interbentziorik ez

  • Hego Euskal Herriko aurrezki kutxek eta kreditu kooperatibek kaudimena dutela diote eta, ondorioz, administrazio zentralaren interbentzioa saihestea espero dute. Izatez, BBK-k, Kutxak eta Vital Kutxak “bateratze hotza” iragarri zuten martxoan.

Bateratze hotzari ekin dioten hiru kutxen lehendakariak: Carlos Zapatero (Vital Kutxa), Xabier Iturbe (Kutxa) eta Mario Fernandez (BBK).
Bateratze hotzari ekin dioten hiru kutxen lehendakariak: Carlos Zapatero (Vital Kutxa), Xabier Iturbe (Kutxa) eta Mario Fernandez (BBK). Juanan Ruiz / Argazki Press

Madrilek ezarritako finantza berregituratzea dela eta, Hego Euskal Herriko aurrezki kutxek kaudimena bermatzen dutela diote eta, beraz, ez dutela interbentziorik jasan beharko. Dakigunez, arriskuan dauden aktiboei aurre egiteko gutxieneko kapital nagusirik (core capital) ez duten finantza entitateak (bankuak, aurrezki kutxak eta abar) gobernu zentralak “nazionalizatzeko” eta, gero, pribatizatzeko arriskuan daude. Espainiako Gobernuak berriki hartu duen erabaki horri aurre egin beharko diote finantza entitate guztiek. Helburua zortzi hilabetetan kutxa ahulenak ez odolustutzea da.

Datorren irailean, arriskuagatik haztatutako aktiboei aurre egiteko %8ko kapital nagusira (%10ekoa kotizatzen ez duten enpresentzat) iristen ez diren finantza entitateak (hau da, Basilea III izeneko kontabilitate sistemaren azken helburua lortzen ez dutenak) nazionalizatu egingo dituzte. Orain arte, legeak arriskuagatik haztatutako aktiboen %2 besterik ez zuen eskatzen. Nazionalizatu ondoren, entitate horiek pribatizatu egingo dituzte eta eskaintza onenak egiten dituztenei salduko dizkiete. Gobernu zentralaren kontuen arabera, estatuak 20.000 milioi euro xahutu beharko ditu kutxen kaudimena handitzeko. 

Gobernuaren ustez, tarte horretan kutxa ahulek bideragarritasuna bermatuko dieten inbertsore pribatuak bilatu beharko dituzte, baina Gobernuak berak badaki oso zaila izango dela inbertsoreak egotea, aktibo toxikoak direla eta. Horregatik, Gobernuak irailaren 30eko epea ipini du finantza entitateek kaudimena berma dezaten. Inbertsore pribatu horiek aurkitu ezean, nazionalizatu egingo dituzte. Hala eta guztiz ere, diru publikoa behar duten entitateen esku egongo da martxotik aurrera, beti ere, 2010eko kontuak itxita aurkezten badituzte.

Euskal kutxek ez dute interbentziorik beharko

Testuinguru horretan, zein da Hego Euskal Herriko aurrezki kutxen egoera? Galderari erantzun aurretik, zera argitu behar da: Gobernuak finantza entitate ahulen “nazionalizazioa” azkartzeko erabakiak aurrezki kutxei eta zenbait bankuri soilik eragiten diela.   

Hego Euskal Herriko aurrezki kutxetako ordezkariek (BBK, Nafarroako Kutxa, Kutxa eta Vital Kutxa) diote beren entitateak kaudimendunak direla eta, hortaz, estatuaren interbentziorik ez dutela beharko. EAEko hiru kutxak Espainiako Estatuko lau onenen artean daude. BBK-k fusio arriskutsua burutu du Andaluziako Cajasur entitatearekin, baina 2010. urtea %10,2ko kapital nagusiarekin itxiko duela jakinarazi du (eta eskatzen den gutxienekoa %10ekoa da). Bizkaiko aurrezki kutxa horrek arrisku aktiboei aurre egiteko %14,6ko kapitala zeukan. Cajasur erosi ondoren, 2010. urtea %10,2arekin ixtea aurreikusten du. Kutxaren esanetan, %12,51ko kapital nagusia dauka. Vital Kutxak, aldiz, %12koa. Eta Nafarroako Kutxak –Caja Sol, Banca Cívica de Canarias eta Caja de Burgos entitateekin batuta– arriskuagatik haztatutako aktiboei aurre egiteko %9,26ko kapital nagusia du. Nafarroako Kutxaren taldeak J.C. Flowers inbertsio sozietate estatubatuarrean parte hartzeko ahalegina egin zuen, baina saioak porrot egin ondoren, talde horrek kapitalaren %15 Burtsara ateratzeko asmoa dauka.

Testuinguru honetan ulertu behar da EAEko hiru kutxek abiatutako “bateratze hotza”; oraindik zehaztu gabe dago zein banku fitxa sortuko duen bateratzeak. 80.000 milioi euroko aktiboak izango ditu.

Euskadiko Kutxa, Ipar Kutxa eta Rural Kutxaren etorkizuna

Eta zer egoeran daude gainerako kutxak: Euskadiko Kutxa, Ipar Kutxa eta Nafarroako Rural Kutxa? Aipatutako finantza berregituratzea entitate hauei aplikatzea erabakiko balute –eta hala izango dela dirudi–, Euskadiko Kutxak eta Ipar Kutxak behintzat erraz beteko lituzkete interbentzioa saihesteko eskakizunak, bien kaudimena egiaztatua baitago. Hala, Euskadiko Kutxak arriskuagatik haztatutako aktiboei aurre egiteko %18,84ko kapital nagusia du, eta Ipar Kutxak, aldiz, %13koa. Nafarroako Rural Kutxaren daturik ez dugu, estatuko Rural Kutxen sarearen parte baita. 
 

Higiezinen arriskua 11.000 milioi eurotik gorakoa da

Euskal aurrezki kutxen higiezinen arriskua –Euskadiko Kutxa, Ipar Kutxa eta Nafarroako Rural Kutxa kontuan hartu gabe– 11.049 milioi eurokoa da eta, hala ere, kreditu inbertsioen portzentajea Espainiako Estatuko gainerako entitateen batez bestekoa baino askoz txikiagoa da. Espainiar aurrezki kutxek, batez beste, kreditu inbertsioaren %20a etxebizitzak eraikitzera eta sustatzera bideratu zuten. Euskal kutxen artean, aldiz, bakar batek ere ez zuen gainditu %11. Horixe adierazten dute entitate bakoitzak jakinarazitako datu ofizialek.

Hala, BBK-k, Cajasurrekin bat eginda, 44.620 milioi euroko aktibo kontsolidatuak ditu. Higiezinen arriskua, berriz, 6.661 milioikoa da, hau da, kreditu inbertsioaren %11. Kutxaren aktibo kontsolidatuak 20.906 milioi eurokoak dira eta higiezinen arriskua, 1.307 milioikoa, kreditu inbertsioaren %8,6, alegia. Vital Kutxak 9.200 milioi euroko aktibo kontsolidatuak eta 664 milioiko higiezinen arriskua dauzka, kreditu inbertsioen %10,1. Nafarroako Kutxa, Caja Sol, Banca Cívica de Canarias eta Caja de Burgos entitateek osatutako Banca Cívica taldeak 70.963 milioi euroko aktibo kontsolidatuak ditu eta higiezinen arriskua 5.417 milioikoa da, hau da, kreditu inbertsioaren %11,1.

Funts hornidurei dagokienez ere, euskal kutxek Espainiako Estatuko gainerako aurrezki kutxen batez bestekoa gainditzen dute. Hala, BBK-Cajasur bikoteak 1.178,9 milioi euroko hornidura espezifikoak (%32ko estaldura) eta 417 milioiko hornidura generikoak (%44ko estaldura) ditu. Kutxak  30,1 milioi euroko hornidura espezifikoak (%28ko estaldura) eta 19,2  milioiko hornidura generikoak (%29ko estaldura) ditu. Vital Kutxaren hornidura espezifikoak 129 milioikoak dira (%19ko estaldura) eta generikoak, aldiz, 16 milioikoak (%22ko estaldura). Azkenik, Banca Cívica taldeak 1.973,7 milioi euroko hornidura espezifikoak (%36ko estaldura) eta 585,7 milioiko hornidura generikoak (%47ko estaldura) ditu.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude