argia.eus
INPRIMATU
Aldiro ederrak gara

Miren Amuriza @MirenAmuriza 2011ko apirilaren 13a
    I
Andere askoren asteburuan
ezinbesteko bi pieza:
larunbat goizez pelukeria
eta igandean meza.
Neuk ere ile apaindegian
hartu dudanez sorpresa,
nahiago nuke edozeinentzat
bertsoz azaldu baneza,
nola bihurtzen dituzten gure
amonatxoak printzesa.
        IV
Bere alabari eskua emanda
ailegatu da Bittori,
kontatu ditu baserriari
buruzko mila istori:
nola ardien bila joan ta
ia-ia zen erori,
nola kereizak jaten ikusi
dituen hiru-lau txori...
Baina bakarrik sentitzen dela
ez dio esan inori.
 
        II
Zapaturo lez bakar-bakarrik
etorri da Margarita,
atzamarrean eraztuntxo bi
ta jaka beltzez jantzita.
Gaztetan oso ederra zela
xuxurlatu du irrika,
baina nolatan oroituko du
oraindik dela polita?
Ispilu aurrean azkenengoz noiz
jarri zen ere ez daki-ta...
    V
Margaritari permanentea
egin diote aurrena,
Mariri adatsa orraztu ondoren
artez jantzi diadema,
Bittorirentzat ezpain larrosak
eta eskutako krema...
Halaxe eskaini dute hirurek
irribarre gozoena;
ez al da horixe emakume bat
gehien edertzen duena?
        III
Fruta dendako poltsa birekin
sartu da amama Mari,
bere txikian txorien gisa
hasi da kontu kontari,
kartera ireki ta atereaz
bertatik paper ugari,
harro esan du “hauexek dira
Andoni eta Izadi”,
ta irri eginez muxu eman dio
biloben argazkiari.
    VI
Udaberria berdez jantzia,
urdinez bustia udara,
udazkenaren horia elurrak
negutzen du mara-mara.
Emakume bat lau urtaroak
bezala aldakorra da;
gaztetan gori, geroan zuri
iletik begietara,
nahiz kolorea aldatzen zaigun
ederrak aldiro gara.


Doinua: “Aita izena”.

Bidali zure sortak bertsoak@argia.eus helbidera. Aukeratuak orri honetan argitaratuko ditugu.