Eraso politikoak istorio deserosoei

  • Gai politikoek gertu izan ohi dute beti polemika, baita zineman ere. Ama Lur-etik hasi eta Euskal pilota-raino, Euskal Herria eta bereziki euskal gatazka mintzagai izan duten hemengo filmek zentsura, boikota, eztabaida eta iskanbila izan dituzte bidelagun.

Ezker-eskuin eta goitik behera: Ama Lur, Burgosko prozesua,Yoyes, Mikelen heriotza, Días contados, eta Euskal pilota. Larrua harriaren kontra.
Ezker-eskuin eta goitik behera: Ama Lur, Burgosko prozesua ,Yoyes, Mikelen heriotza, Días contados, eta Euskal pilota. Larrua harriaren kontra.

“Dena esan dezake zinemak, osotasun handiena du artistikoki eta komunikazio modu onena da. Harrapatu egiten zaitu guztiz eta sentimenduak aztoratzen dizkizu. Eta horrexegatik hartu zuten hain gaizki frankistek Ama Lur filma izatea, eta ez liburu bat adibidez. Zentsura, zailtasun eta oztopo guztiei aurre egin ostean, pelikula Donostiako Astoria zinema-aretoan estreinatu genuenean eta jendearen erantzun aparteko hura ikusi nuenean, ‘Fernando, irabazi dugu’, esan nion”. Nestor Basterretxeak dio hori, Fernando Larruquertekin batera Ama Lur (1968) pelikularen egileak. Zeluloidezko begiradak. Euskal Herriko 13 zuzendarirekin hizketan (Elkar) liburuan zinemarekin lotutako gai ugariz solastatu dira hainbat zuzendari, baina beraien ibilbidean kontu bat errepikatzen dela ohartu gara: filmen batean politika ukitu dutenero, polemika piztu da inguruan.

Euskal Herriko zinemagintza modernoaren abiapuntu izan zen Ama Lur, eta Espainiako diktaduraren aurkako aldarri bihurtzea zuen helburu. Noski, diktadura betean, ez zen erraza izan. Errodatu bitartean, NO-DOrako ari zirela esan behar izan zuten behin edo behin, agintariren bat gerturatzen zenean. Bobina bat egiten zuten bakoitzean (12 minutu inguru) zentsurari deitzera behartzen zituzten, eta zinema-areto txiki batean egiten zuten hitzordua. Hala azaldu du Basterretxeak liburuan: “Aretoan sartzen ginen eta aurrealdean jarri. Orduan, beraiek argiak itzali eta sartu egiten ziren, hiruzpalau, ilunpetan. Zinta ikusi, txutxu-mutxu batzuk entzuten genituen, aretotik ateratzen ziren eta argiak pizten genituen. Ez genizkien aurpegiak ikusten, baina handik astebetera Espainiako Informazio eta Turismo Sailera joan behar izaten nuen Madrila, eta Fraga Iribarneren koinatu zenak, Carlos Robles Piquer-ek, sekulako errieta egiten zidan, hau kentzeko eta hura jartzeko”.

Zentsurak jan zituen, esaterako, Gernikako arbola elurtua, udaberrian ateratako arbola berarekin ordezkatu behar izan zutena, “Espainiaren barnean zoriontsu zen herrialdearen itxura agertzeko eta ez hilzorian zegoen herriarena”, edota Picassoren Guernica koadroa. “Espainia” hitza sartu behar izan zuten off ahotsaren hainbat pasartetan; eta Pio Barojak “espainiar eleberria” berritu zuela jartzeko agindu zieten, besteak beste. Obra bahituko zieten beldur ere izan ziren, baina azkenean ez zen hala gertatu eta arrakastatsu estreinatu ahal izan zuten Donostian. Are gehiago, Fraga bera zapuztuta ibili omen zen, Ama Lur-ek izan zuen harrera ona ikusita.

Urte batzuk geroago, Antxon Ezeiza zinegile donostiarrak 80ko hamarkada hasieran gidaturiko Ikuska dokumental sailak, Euskal Herriko errealitate sozialei heltzen zienak, izan zuen arazorik. Lehenengo dokumentalak Erreferenduma (1979) zuen izena, eta finantzariek ez zuten onartu, politika jorratzen zuelako. “Han joan ziren politikariak kronometroarekin, alderdi batzuetakoak eta besteetakoak, segundo gehien zeinek hartzen zituen zehatz-mehatz neurtzera. Ez zen proiektuan sartu, baina zinema-aretoetan eman genezakeela esan ziguten, hori bai, baldin eta aurretik jartzen bagenuen ‘kontuz, eduki politikoak ditu’. Nola ez ditu izango bada, Erreferenduma izenburuarekin?!”, dio Ezeizak. Donostiarraren Ke arteko egunak (1989) lana ere jomuga izan zuten hedabide espainiarrek, jarrera abertzale muturrekoa egotzi baitzioten, nahiz eta zuzendariak sarri errepikatu filmak ez duela ideologia konkreturik eta euskal gatazkak eragindako sufrimendua islatu nahi duela.

Espainiarrek ez, zenbait abertzale ezkertiarrek kritikatu zuten Koldo Izagirreren Off-eko maitasuna (1992). Hiru pertsonen arteko maitasun istorioa du ardatz filmak, preso dagoenaren neska-lagunak harreman berria hasiko baitu hirugarren lagun batekin. Presoaren adiskideek ez dute onartuko harreman hori, eta lagunak intolerante irudikatu izana leporatu zion hainbatek pasaitarrari.

Del Bosch jeneralak ez zuen nahi Burgosko prozesuaren pelikularik

Imanol Uribe zuzendariak behin baino gehiagotan jorratu du euskal gatazka pantaila handian. Oztopo gehien Burgosko prozesua (1979) dokumentalarekin aurkitu zituen. Donostiako Zinemaldian estreinatzekoa zen, baina ez zutela proiektatzen utziko zabaldu zen komunikabideetan, eta filmaren kopia ezkutatu egin behar izan zuen. Uribek liburuan azaldu duenez, Milans del Bosch jeneralak obraren berri izan zuen egun batzuk lehenago, eta alarma guztiak piztu ziren. “Inork ez zuen ikusi, inork ez zekien zein eduki zuen, ezta ni nor nintzen ere... eta beldur ziren gaia nola landu ote zuen filmak”. Boschek Marcelino Mayor Oreja Espainiako Atzerri ministroari deitu zion berehala, eta honek bere iloba Jaime Mayor Orejari. Azken horrek bakarka biltzeko eskatu zion zuzendariari, emanaldi bezperan. “Lau minutuko elkarrizketa izan zen. Zera galdetu zidan: ‘Zenbat kostako litzateke Zinemalditik pelikula erretiratzea?’. Eta nik erantzun nion: ‘Astakeria da hori. Zuzendari batek bere filma jaialdi batetik erretiratzen duen lehenengo aldia izango litzateke zinemaren historian. Bahitu edo egin behar duzuena egin ezazue, baina epaimahaiak hautatu du pelikula eta nik ez dut kenduko’. Eta hor bukatu zen dena”. Tentsio handiko pasea izan zen Burgosko prozesuaren lehen emanaldia, poliziaz betea, baina ez zen ezer gertatu.

Segoviako ihesa (1981) filmarekin berriz –1976an Segoviako kartzelatik ihes egitea lortu zuten ETAko 40 kideei buruzkoa–, armak uztearen aldeko mezua zabaltzea egotzi zioten Uriberi. “Miliek kritikatu zuten, besterik ez; garai hartan desadostasunak zeuden milien eta poli-milien artean”. Mikelen heriotza (1984) arrakastatsuarekin, zeresana eman zuen ostera, bere zerrendetan homosexual bat nahi ez duten ezker abertzaleko kideak irudikatzeagatik. Jendearen aburuz, “Burgosko prozesuarekin Batasunekoa nintzen, Segoviako ihesarekin Euskadiko Ezkerrekoa, eta Mikelen heriotzarekin jada PSOEkoa. Aitzitik, ni ez nintzen inongoa, ez nuen inon militatzen”.
Sasoi baterako gai politikoak alboratu bazituen ere, 1994an ETAkide eta prostituta baten arteko maitasun istorioari heldu zion Uribek Días contados (1994) lanean. Urrezko Maskorra irabazi zuen Donostiako Zinemaldian, baina pelikulari lotuta beste oroitzapen bat du iltzatuta zuzendariak. 1996an, ETAk Fernando Múgica politikaria hil eta hurrengo egunean eman zuten filma telebistan. “El País egunkarian Vicente Verdúk kasik nik tirokatu izana egotzi zidan. Horrelako gaiak ukitzen dituzunean, errealitatea tarteko, konplexua da, halakoak gerta dakizkizuke…”.

Profesio kideen boikota ‘Yoyes’-i

Helena Tabernak ETAren ibilbideko gertaera gaitz eta polemikoa hautatu zuen Yoyes (2000) lehenengo film luzerako: Maria Dolores Gonzalez Katarain ‘Yoyes’, talde armatuko lehenengo buruzagi emakumezkoaren bizitza eta heriotza. “Jendeak ezagutzen ez ninduenez eta gai konplexua zenez, susmoak eragin nituen leku guztietan. Aktore batzuek ez zuten parte hartu nahi izan, hainbat teknikarik ere ez… Ideia izan nuenetik, bospasei urte igaro behar izan ziren egitasmoa gauzatzeko, produktore pila batek ez zuelako proiektua onartu. Eta oztopoak ere jarri zizkidaten, ekoizleari esanez ‘kontuz non sartzen zaren, ikusiko duzu…’ eta halakoak, hainbat sortzaileren aldetik gainera, kideen aldetik, hori tristeagoa da; dena jakiten da denborarekin…”. Behin filma aurkeztuta, kritika nagusi bi jaso zituen: PSOE alderditik, Espainiako Barne Ministerioaz eta GALekin zuen loturaz ematen den irudiagatik, eta ezker abertzaleko sektore batetik, ez zegoelako ados nola islatzen duen pelikulak ETAk Yoyesekin izan zuen jokabidea. ETAren su-etena orduantxe amaitu izanak ere ez zion batere lagundu pelikulari, banatzaileei eskaintzeko garaian.

Azkenik, urteak pasatuagatik botere politikoaren zentsurak eta boikotak bizirik dirauenaren seinale, sonatuak izan ziren Julio Medemen Euskal pilota. Larrua harriaren kontra (2003) dokumentalak harrotutako hautsak. “AVT terrorismoaren biktimen elkarteko kideen ustez motz geratu naiz, ez naizelako gai izan nire pelikulan nazionalismoa kriminalizatzeko eurek kriminalizatzen duten bortizkeria berarekin, eta ez dut argi utzi Espainiaren gaitz politikorik okerrena (ETAren atzetik) EAJ dela (…) Gertuko norbaitek (maite dituen eta entzuteko prest dagoen norbaitek) esan beharko lieke AVTko kideei, banan-banan eta belarrira, ETAko biktima izateak ez diela arrazoi politiko edo ideologiko handiagorik ematen, ezta inolaz ere eskubidea beraiek bezala pentsatzen ez duen oro iraintzeko, kalumniatzeko edo izorratzeko”. Zuzendari donostiarrak El Mundo egunkarian kaleratu zuen eskutitzaren pasarte bat da aipaturikoa, Espainiako eskuindarren aldetik filmak jaso zuen jazarpen bortitzari erantzunez. Donostiako Zinemaldian Zabaltegi sailerako hautatua izan zenean, jaialditik kentzeko eskatu zuen María San Gil Donostiako orduko PPko bozeramaileak, baita Pilar del Castillo orduko Espainiako Kultur ministro popularrak ere. Espainiako Goya sarietarako ere aukeratu zuten, eta egunik okerrena pasa zuela aitortu du Medemek. “Ez dut uste bizitzan berriro halako egunik izango dudanik, ez eta merezi dudanik ere. Nire aurka manifestatu zen jende askok ez zuen filma ikusi ere egin. Kazetariek galdetzen zieten: ‘Baina ikusi al duzu?’, ‘ez, noski! Nola ikusiko dugu hori?!’. Contra el pelota vasco, la nuca contra la bala lelopean… Filma ez gustatzea ulertu dezaket, atentatuan hildako baten alarguna eta preso baten emaztea batera ateratzea gustuko ez izatea… Baina hortik esatera nire pelikularekin ari nintzela norbaiti tiro egitera animatzen… Hain da astakeria handia! Berriz frankismoaren garaia bizitzearen modukoa izan zen”.

Argi dio Helena Tabernak liburuan: filmak testuinguru historiko-politikoa duen unetik, alde batekoek eta bestekoek kontrakoa ikusiko dute. Denen gustukoa izatea ez baita erraza, ezta fidagarria ere.

Zeluloidezko begiradak liburuko pasartea da goikoa. Blogean, liburuko beste hainbat pasarte jaso ditut Emakume gutxi eta gaizki irudikatuak zineman postean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


2024-03-03 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Komunak

Otsaila da iaz ekoiztutako pelikula uzten sari banaketaren hilabetea. Zinemara joateko aitzakiarekin, arkitektura eta hiria oinarri dituen Wim Wenders-en Perfect Days ekarri nahi dut hizketaldira.

Pelikularen sinopsi zabalduan irakurri daiteke komun publikoetan garatzen dela... [+]


Hizkuntza gutxituen artean, euskara hirugarren erabiliena da Europako streaming plataformetan

Netflix, Amazon Prime eta Disney+en, Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunak onartzen dituen bost hizkuntza baino ez dituzte erabiltzen. Bosten artean nagusi da, alde handiz, katalana. Ondoren datoz galiziera, euskara, luxenburgera eta Eskoziako gaelikoa. EHUko Nor Ikerketa Taldeak... [+]


2024-02-19 | Euskal Irratiak
Graxi Irigarai: «Merkatua oztopo bat da Euskal Zinema Iparraldean hedatzeko»

Hizkuntza gutxituak eta eta Frantziako zine-sistema hartu ditu ikergai Graxi Irigarai baigorriarrak bere tesian. Abenduan aurkeztu zuen bere ikerketa, eta ordutik hamaika mintzaldi eskaini ditu. Oro har, Euskal Zinemak Ipar Euskal Herrian dituen zailtasun eta oztopoak eman ditu... [+]


Eguneraketa berriak daude