argia.eus
INPRIMATU
Udaberriaren etorrerak erasan dizu?

Jabier Agirre 2011ko apirilaren 06a
osasuna
mexicalifacil.com

Urte-sasoi aldaketek nahasmenduak eragiten dituzte zenbait pertsonaren aldartean, nekea eta bestelako trastorno iragankorrak eraginez. Horrelako erasanak hotzetik berora pasatzen garenean gertatu ohi dira, negutik udaberrira pasatzean, esate baterako, eta baita alderantziz ere, udazkenean sartzen garenean, adibidez.

Konturatuko zinen, honezkero, egunak nabarmen hasi direla luzatzen. Bada, gure gorputzak esfortzu bat egin beharra dauka tenperaturan, argian eta presio atmosferikoan gertatu diren aldaketa guztietara moldatzeko, egokitzapen horrek gauza naturala, berez gertatzen dena, dirudien arren. Aldaketa horiek eragina daukate neurotransmisoreen produkzioan, pertsona bakoitzaren aldartea edo bizi-tonua erabakitzen duten substantzien sorkuntzan, alegia. Melatoninak, endorfinak eta serotoninak –hirurek zerikusi handia dute ongizate sentsazioarekin– aldaketak izan dituzte beren produkzio-zikloan, eta horixe izaten da pertsona askok, urte-sasoi honetara iristearekin bat, apatia, kontzentrazio-falta edo neke fisikoaren sentsazioa izateko arrazoi nagusia.

Estatistikek diotenez, biztanleen erdiak jasaten du, gutxi gorabehera, bizitasun edo indar falta hori. Baina ez dago kezkatzeko aparteko motiborik, sintomak aldi baterako soilik izaten baitira, bi aste pasatu baino lehen gutxituz edo desagertuz, eta kasurik gehienetan inolako tratamendu edo medikaziorik gabe gainera. Hona hemen, dena den, egoera hori arintzeko gako batzuk:

– Eguzkia. Antidepresibo naturalik onena da, serotonina eta melatonina produkzioa gehitzen duelako. Eguneko ordurik argitsuenetan 20-30 minutuko paseotxo bat ematea aski izango da zure aldartea modu ikusgarrian hobetzeko.

– Ariketa fisikoa. Egunero pixka bat saiatzeak, modu lasaian bada ere, gorputza aktibatuko dizu, nekeari aurre egiten eta gauez hobeto lo egiten lagunduz.

– Loaldia eta ordutegiak. Lotako orduak errespetatzea (7-8 ordu egunero gutxienez) ezinbestekoa da gorputza deskantsatuta egon dadin. Horrela, bizkorrago egokitu eta moldatuko da. Horrez gain, ordutegien errutina jarraitzea komeni da jaikitzerakoan eta oheratzerakoan, baita asteburuetan ere.