Nolakoa da NBEren antolakuntza?
NBEk abiaburuan dauka akatsa. NBEren barruan Batzar Nagusia dago. Bertan herrialde guztiak daude, denak dira berdinak, eta denek hitz egin eta boto eman dezakete, demokrazia osoa dago. Adibidez, Batzar Nagusiak Israel arrazista delako gaitzetsi du beti, baina erabaki duenak ez du indarrik. Aitzitik, NBEko agiriak dioenez, NBEko Seguritate Kontseilua da potestatea duena eta neurri hertsatzaileak har ditzakeena. Hau da, herrialde bat behartzeko neurriak har ditzakeena. Seguritate Kontseilua hamabost kidek osatuta dago. Hauetako bost iraunkorrak dira, eta beste hamarrak txandakakoak dira bi urtez. Kontseilu horretan erabaki bat hartzeko bederatzi boto behar dira 15en artean. Horregatik inoiz ez zen Iraken aurkako gerraren aldeko ebazpena izan. Israelen aurkako gaitzespen ebazpenak hartu ditu, baina gainerakorik ez. Seguritate Kontseiluan agindu bat aurrera ateratzeko bederatzi boto behar dira, baina gainera, bost iraunkorretako inork ezin du ebazpena betatu. Alegia, AEBek, Errusia, Txina, Frantzia eta Bretainia Handiak (II. Mundu Gerraren irabazleak) beto eskubidea daukate. Eta hauetako batek ez badu nahi, ez dago ebazpenik. Hori da Kontseilu honen abiapuntuaren akatsa. Seguritate Kontseiluan bost herrialde besteak baino berdinagoak eta ahaltsuagoak dira.
Beste bederatziek ezin dute ezer egin...
Ez. Bosteko horretako batek beto jartzearekin ez dago aurrera egiterik. Nahiz eta hamalau ados izan, bostetako batek eragotzi dezake ebazpena, besteek ez. NEBko Seguritate Kontseilua ez da organismo arras demokratikoa.
Hori aldatuko al da inoiz?
Ez. Beto eskubide daukatenek ez dute inoiz amore emango, ez dut uste. Beste herrialde iraunkorrak sartzea aipatu da, munduaren osaketa berria islatzeko. Adibidez, besteak beste, India, Brasil, Mexiko, Hego Afrika, Japonia, Alemania... Iraunkorrak bai, baina beto eskubiderik gabe. Bost handiek beto hori eurentzat bakarrik gorde nahi dute.
Irakeko inbasioa nola baimendu zen orduan?
Kontua ez da betoa bakarrik, erabaki bat hartzeko bederatzi boto behar dira, eta gainera, beste seiak abstenitu, eta aipatutako bosteko batek betoa ez ezartzea. George Bush-ek ez zuen bederatzikoen botoa inoiz izan, hori izan zen harrigarriena eta izugarriena, ez zuen bost boto baino gehiago bildu gainera. NBEri muzin egin zion, besterik gabe, eta munduan dagoen nahaste-borrastea sortu zuen. Bushek baimenik gabe inbaditu zuen Irak, eta hor konpon! Berak bereari heldu zion eta kito. Nazioen arteko harremanek itxurarik ere ez dute ematen. NBEan sinesten ez dutenek diotenez “NBEk ez du ezertarako balio”. Badakigu. Horrela da. NBEren demokrazia itxurazkoa da, nolabait.