Kantonamendu hauteskundeak

Azken kantonamenduetako hauteskundeak iragan dira eta duela 212 urte frantses lurraldearen antolaketa osoa irauli zuten kantonamendu hautes barrutiak azken aldikotz baliatuak izan dira. Alabaina, pasa den abenduan Frantziako Legebiltzarrak onartu Lurralde Elkargoen erreformak kontseilari nagusiaren figura eta hautes barrutiak desagertarazi ditu.

Alta instituzio zahar horien desagerpen programatuak ez ditu hautesleak mobilizatu. Frantzian eta Ipar Euskal Herriko hirietan marka guztiak hautsi ditu abstentzioak. Mendebaldeko hainbat demokraziatan gertatzen den bezala joera horrek politikaren krisia sakona islatzen du. Eguneroko aktualitateak hauteskundeen bitartez deus gutti aldatzen ahal delako ustea indartzen du: Europa osoan zehar, hautaturiko agintariek baino, finantza merkatuek dute bakar batzuen interesen aldeko politika sozio-ekonomikoak inposatzen. Bitartean, mehatxuen beldur eta etsipen artean, noraeza nagusitzen delarik, eskuin muturraren aldeko bozka, klase politikoa hobekien inarrosten duen aukera bezala ikusten dute askok.

Departamenduak sortu zirenetik Biarnoa eta Ipar Euskal Herria barne hartzen dituen Pirinio Atlantiarreko departamenduaren gehiengoa lehen aldikotz lortu du ezkerrak (28-24), bi lurraldeen argazkiak arras desberdinak badira ere. Biarnoan ezkerra/eskuina, 21/10 delarik, Iparraldean 7/13 dugu (abertzale bat ahantzi gabe). Eskuinaren blokean euskal demo-kristauen tendentzia historikoa ahulduz doa (7), UMPren fagoretan (6). EH Bai koalizioak berriz, aurkezten zen 9 kantonamenduetan bozen %12 bildu du batez beste. Horrela hirugarren indar politikoa da eskuin-zentrista eta sozialisten gibeletik. Ezkerreko mezu abertzaleak bere lekua izan du kanpainan zehar eta eztabaida politikoan eramaten dituen arazoak bazter ezinak bilakatu dira, bai eta bigarren itzulian ere. Koalizioaren erreferentzialtasuna ukaezina da. Halere, barnealdean egiazko alternatiba gisa agertzen bada (%19,5), kostaldeko hirietan abstentzioak pairatu du eta franko ahul gelditu da (%5,2). Geroari begira aktiboak ez ditu eskas koalizioak. Azterketa kritikoak eta eztabaida estrategikoak ere ez.

Kantonamendu hauteskunde biharamunean bertan, abertzaleak jokoz kanpo uzten dituen 2012ko lehendakaritzako eztabaidan burubelarri murgildu dira alderdi nagusiak. Sozialistek (PS) irabaziz gero, Lurralde Elkargoen erreforma deuseztatuko dutela hitz eman dute. Nork daki ez ote diren oraindik kantonamenduetako hauteskundeak izanen 2014an?


ASTEKARIA
2011ko apirilaren 10a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude