Zientzialariak

Krisi ekonomikoak edo tsunamiak Japonian eragindako ezbehar nuklearrak haien presentzia areagotu dute. Komunikabideek ohikoa dute haien azalpenak eta gomendioak tartekatzea. Zientzialariak dira, adituak, herritar arrunton ikuspegian konprenitzeko zailak diren gauzez asko dakien jendea. Haien jakinduriaren konplexuak erraz eramaten gaitu onartzera haiei entzun eta haien iritzi eta aholkuei men egin behar diegula.

Han-hemenka eta nonahi zientzialarien inguruko aipuak entzunda, Iruñeko gauetan “La lotera” ezizenaz ezaguna zen emakumea etorri zait gogora. Piura bitxiko emakume hark gauak loteria tabernaz taberna saltzen ematen zituen, eta egunak, Iruñeko Udaletxera berriz eta berriz jotzen, “zientzialariekin” hitz egin behar zuela eta bertan hitzordu bat egingo zioten esperantzan, batzuetan Jainkoaren partetik eta bestetan estralurtarren izenean “zientzialariei” gizateriarentzat funtsezkoa omen zen mezua helarazi behar ziela argudiatuz. Zientzialariek pieza bereko aniztasun santu bat edo osatzen zutela iritzita, ziurrenik.

Emakume hark uste zuenaren kontra, zientzialariak, ikerlariak eta adituak ugariak eta askotarikoak dira, eta haien irizpide eta sinesmenak ere, anitzak eta ezberdinak. Zorionez, esango nuke nik (zorionez, bestelako zientzialariak –Union of Concerned Scientists kasu– eta ekonomialariak –adibidez, Les économistes atterrés– existitzen direlako), nahiz eta, zoritxarrez, aditu batzuek beste zenbaitek baino itzal handiagoa duten, eta haien iritziek oihartzun handiagoa. Ishibashi Katsuhiko sismologoari, esaterako, inork gutxik egin zion kasu 2007an Herald Tribune egunkarian “lurrikarei aurre egiteko zentral nuklearren ziurgarritasuna murrizteko neurri erradikalak hartu ezean Japoniak laster benetako katastrofe nuklear bat pairatu ahalko zuela” esan zuenean.

Beste edozein asmakuntza humano bezala zientzia ere pertsonen eta erakundeen ideologiatik eta interesetatik aske ez dagoenez, kezkatu nintzen Espainiako Gobernuko presidenteari energia nuklearrari buruzko eztabaida “zientifikoa” egin behar zela, eta ez “ideologikoa”, esaten entzun nionean: zientzia ideologiaren aurretik ezarri eta, aferen gaineko ezagumendu konplexua estakuru hartuta, erabakiak adituek hartu behar dituztela esaten digutenean ohikoa da ezkutuko interesak izatea jokoan, eta, edozein kasutan, gogoratu beharko genuke, Frantzia aldean “lazturik” dabiltzan ekonomialariek dioten bezala, herritarrok hartu beharko genituzkeela, eta ez adituek, guri dagozkigun erabakiak, modu kolektibo eta demokratikoan.

Zientziek eta teknikek huts egiten dutenerako, bestelako makuluak behar dira, eta naturari lotuago bizitzeak, literaturak edota historiak zertxobait laguntzen ahal digute. Josu Jimenez Maiak 2005ean Berrian argitaratu eta geroago Patxi Zubizarretak ere jasotako ipuin ekialdetarrean, Ai Kajiyama neskatilaren aitonak sua eman zien zaintzen zituen herriko laboreei, eta horrela, sutetik ihes eginaraziz, itsas ondoan bizi ziren herritarrak mendirantz bideratu zituen. Auzoek, haserre, aitona-biloba inguratu zituzten, xaharraren jokamolde haren zergatiaz galdezka. Erantzuna olatu erraldoi batek ekarri zien berehala, lur erre berriak estali zituenean. Ipuina XIX. mendekoa da, eta jendea tsunamien arriskuei buruz ohartaraztea omen du xede. Mende hartan bakarrik, bi tsunami izan ziren Japonian, eta horietako batek, 1896koak, 25.000 lagun hil zituen.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude