Frantziako Erradio-babeserako eta Segurtasun Nuklearreko Institutuak (IRSN) publikoaren esku jarri du Frantziako Estatuko hainbat lekutan partikula erradioaktiboen kopurua neurtzeko tresna, Criter deiturikoa. Japonian gertatzen ari den krisi nuklearra dela-eta, interes berezia dago jendartean norbera bizi den tokiko erradioaktibitate maila ezagutzeko.
Tresna webgune bat da: criter.irsn.fr/exercice/acteur. Ordubeteko atzerapenarekin, Frantziako hainbat lekutan dagoen gamma izpien kopurua erakusten du. Gamma izpiak gune atomikoen bihotzean gertatzen diren prozesu nuklearren ondorioz sortzen dira, eta atmosferan dagoen erradioaktibitatearen adierazle egokiak dira.
Datozen egunetan beste zenbait datu erakutsi nahi dituzte aipatu webgunean, esaterako, aerosolen maila edota euri-maila neurtzen dituztenak.
Webgunearen bihotza hainbat puntu azaltzen dituen mapa da. Puntu horiek berdeak edo urdinak –norberaren monitorearen arabera– baldin badira, erradioaktibitate maila baimendutako tartearen barruan dagoela esan nahi du; kolore horiak maila hori gutxienez baimendutakoa baino hiru aldiz handiagoa dela adierazten du.