Edo Gipuzkoa not in my backyard. Duela urte batzuk, bertso-paper satirikoak osatu zituzten arabar bertsolariek Bertso Eguneko afarirako. Gipuzkoa Arabatik zelan ikusten zen, eta arabarren erantzuna: euskal lurralde euskaldunena, abertzaleena, aurrerakoiena eta, batez ere, orekatuena politikoki, biztanle-banaketan eta abar. Bertso haietan, giputzak deitoratzen zuen Araba erdalduna, eta amesten Euskal Herria osoa Gipuzkoa bezalakoa izatea. Arabarrak gogorarazten zion Euskal Herri osoa Gipuzkoa balitz ez litzatekeela Euskal Herria izango.
Azkenaldian ikusi dugu Markel Olano Martin Ugalde Kultur Parkean hizlari, eta Eneko Goia hautagai jeltzalea ZuZeun. Euskalgintza lobbya da Gipuzkoan. Gutxi ala asko, politikari giputzek beharrezko dute euskarazko hedabideen arreta. Gainontzekoetan, ghettotik atera barik jarraitzen dugu, gehienez ere Kultura edo Euskara sailetako arduradunak elkarrizketatzen.
Eta bestelako gaietan? Bilboko exilio arrosa aipatzen duten homosexual askok azpimarratzen dituzte Orereta bezalako herri aurrerakoi eta irekiak. Eskuinak nekez aurkituko du Pasaia baino herri zailagorik. 30etik gorako bataiatu gabeko bakarrak hirietan geundelako aurreiritzia oiartzuar batek deuseztu zidan. Eta gero Usurbil dator (eta hor ere, Gipuzkoa ezin libratu partitokrazia hispanotik. Amets Arzallusek aipatzen zidan Ipar-Hegoko kultura politiko desberdina, zelan iristen den alderdiekiko morrontza AHT edo zaborra biltzeari buruzko iritzietaraino. Bidenabar, zer-nolako lezioa Iparraldeko hautetsiek, Aurore Martinekin hasi eta jazarritako beste gazteenganaino).
Ametsetako Euskal Herria zaigu askori Usurbildik hasi eta Iparraldeko hautetsien jarrera. Inposatutako “ezinbesteko” konponbideetatik eztabaida eta herritarren parte-hartzera, demokrazia zuzena eta gure herri eredua laztantzen duen egitasmoa irudikatzen dugu.
Baina gero Artigaseko Zabalgarbiz akordatzen naiz, Castejon eta Boroako zentralez. Eta pentsatzen dut, Zubietako erraustegiaren mehatxurik ezean, atez atekoa sortuko ote zen. Zornotzarren borroka ezin duinagoak ez zuen Boroako zentrala eragotzi. Norbaitek esango du, “aizue, zuen arazoak zuek konpondu ezin eta gureagatik kritikatu?”. Agian inbidia hutsa da, Usurbilek bidea erakutsi duelako, baina berandu askorentzat. Agian UPDk dauka arrazoi, eta aldundiak desagertzeko unea da. Probintziak gainditu eta herri bezala pentsatzeko.