Zorionez, Euskal Herrian oraingoz ez dago zentral nuklearrik. Hala eta guztiz ere, 60ko eta 70eko hamarkadetan hainbat plan egin ziren Hego Euskal Herriko kostaldean zentral nuklearrak eraikitzeko. Zentral nuklearrak Lemoizen, Ea-Ispasterren eta Deban egitea proposatu zuten. Lemoizen (Bizkaia) hasi ziren: Iberduero elektrizitate-enpresak, egun Iberdrola deritzonak, bi erreaktore nuklear eraiki zituen. Erreaktore nuklear horiek prest zeuden 70eko urteetan abian jartzeko.
Iberdueroren, Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren plan horiek –EAJk kudeatuak–, bertan behera gelditu ziren herritarren oposizioari eta ETAren esku-hartzeari esker. Herritarrek manifestazio itzelak egin zituzten, eta ETAren esku-hartzeak hainbat hildako eragin zituen –zentrala eraikitzen ari ziren langileak, erakunde armatuko militanteak, eta Iberdueroko ingeniari bat–. Ondorioz, inoiz martxan jarri ez ziren bi erreaktore haiek betiko geldiaraztea lortu zuten. Gainerako proiektuak ere bertan behera gelditu ziren. Basordaseko kalara joaten denak munstro hura ikusiko du oraindik ere; izan ere, ez dute eraitsi. Euskal Kostalde Ez Nuklearraren Aldeko Batzordea 1976an eratu zen. Batzorde historiko hartako arduradunen lana, gizon eta emakume haien lana, aitortzeko eta eskertzeko garaia da oraingoa.