Eszeptikoaren estrategia

Antton Olariaga
Antton Olariaga

Baliabide ezaguna da. Gertakari paranormalak dituzten film guztiek erabiltzen dute, ia definizioz, beren egituran. Zinemak atsegin ditu, ia definizioz ere bai, aldaketa, garapena eta –ez nuen esan nahi, baina bai– traizioa. Eta denok dugu atsegin fikzioa, eta denok narratzen gaitu fikzio batek, aldakor bera ere, oraindik agian ez dakigun arren zer eginaraziko digun, zertaz konbentzituko, nor edo zer traizionatzera eramango, guk geure buruaren berdinak izaten jarraitzen dugun bitartean.

Estralurtarren istorioetan, deabruak hartutako neskatxenetan, heriotzaren ondorengo bizitzari buruzkoetan gertakariak eszeptikoaren, sinesgogorraren, zientzialariaren begietatik ikusiko ditugu, gu harekin batera eramateko. Jarrera kritikoa zikintzeko kanpaina sistematiko honek betidanik amorru bizia eragin dit. Norbaitek, UNESCOren nazioarteko komite zientifikoren batek, Javier Armentiak, norbaitek Hollywood epaitegietara eraman beharko luke. Fikzioan aukerarik burugabeena nagusitu ohi da. Esaterako, zoriontasuna. Baina hori beste egun baterako da. Estrategia honek errealitatea nola hautematen dugun baldintzatzen du, kalterako.

Protagonistaren kritizismoaz baliatzen dira sinesgarritasuna emateko, baina azken helburua –edo zehar-kaltea– dudaren desprestigioa da, jarrera sinesbera trinkotzea. Sexto Enpirikoak esana: “Toki garai batera igo den gizona, haraino baliatu duen eskaileraz ostiko batez libratzea ezinezkoa ez den gisa berean, ez da gertagaitza eszeptikoak, behin bere tesiak frogatzera iritsi dela –eskailera moduan, nolabait esateko, erabili duen frogabidea existitzen ez dela frogatzen duen argudio batekin–, bere argudioa bera suntsitzeari ekin diezaiola”.

Mundu guztiak badaki, exortzismoa ongi bururatzeko, fedea galdu duen apaiz batengana jo behar duzula, haur baten irribarreak agure betizua desarmatu egiten duela, poesiak bihozgogorra; zuk lehenago ez duzula sekulan halakoetan sinetsi, baina igarle horrek dena asmatu zizula, bazkaldu berri zenuena eta zenbateko lo-kuluxka ere barne, begien ninietara begiratze hutsez. Mundu guztiak badaki, ibili eta buelta aritu ondoren idatzi honetan (inor nire alde erakarriko badut) azkenean iritzi itxaropentsua agertuko dudala dakien modu berean, badaki edozein argudiatze blindatu eta erantzunezin bilakatzeko, sinestun berriaren argudioa edo argumentum ad conversum dei genezakeenera jo besterik ez duela.

Kristautasunak arrakasta izanen luke, Paulo Tartsokoak ez balu bere iritzi aldaketaren lekukotasuna eman? Neoliberal basatienak, lehenago ezkerreko mugimenduetan borrokatu badu, ez dago aurre egin diezaiokeenik. ETAn ibili ondoren, ETA lehenago, nazionalismoa beranduago, eta ezkertasuna azkenik salatu dutenek, nik –ahaleginak ahalegin– inoiz izango ez dudan autoritate morala izango omen dute.

Adinean sartzen ari naiz, eta zahartzeari diodan beldur nagusietakoa da nik orain –munduko arrazoi guztiarekin– ez dudan zein sinesmenek hartuko ote nauen, zer etsairi emango ote diodan arrazoia eta eredu. Oraindik ez naiz arriskutsuegia, baina lehen sintomak izan daitezkeenak agertzen ditut, ez kaltegarriak oraindik, edo hala uste dut bederen (eta uste izango dut beti?!), orain arte burukomineraino ja-san-gai-tza egin zaidan Richard Wagner da egun gusturen aditzen dudana. Irakurle, zuk ere haztatu beharko zenuke; baietz gustatu, esaterako, Isoldes Liebstod.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude