argia.eus
INPRIMATU
Lautadako populazioa
Miel Anjel Elustondo 2013ko maiatzaren 07a

“Trebiñuko enklabeak bi udalerri hartzen ditu, Argantzungo Udala, batetik, eta Trebiñuko Konderrikoa, bestetik. Horixe da ‘enklabea’. Trebiñuko Konderria ez da Argantzun, sekula ez da izan. Argantzunek, bestalde, badu alkate-auzo txiki bat, Billa-Oka. Trebiñuko Konderriak, aldiz, berrogeita zazpi ditu bere jurisdikziopean, Trebiñu buru delarik; udalerri bakarra, 200 kilometro koadro inguru dituena. Populazio urriko parajea da, nahiz eta joan deneko hamarkadan gorakada itzela egin duen: Trebiñuko Konderrian 1.500 lagun izango gara, eta Argantzunen, ordea, ez dira mila izatera iristen. Eta, badiot, konderriko 1.500 lagun horiek 47 gunetan banaturik gaude! Sasetan bertan, esaterako –gu bizi garen herrian–, hamalau pertsona gara erroldatuak; gure etxekoak dituzu lau!... Lautadako populazio-sistema da, hala da Araban. Beste herri batzuetako euskaldunek irudi bat izan dezaten, eta, esateko moduan, baserri-auzoen egiturako herriak dira Trebiñukoak”.