argia.eus
INPRIMATU
Kantonamenduetako bozak
Paueko Kontseilu Nagusia ezkerrera aldatzeko zorian
  • Abstentzioa da Hexagonoko kantonamendu bozetan nagusitu den hitza, bereziki hirietan eta konurbazioetan. Euskal Herrira jinik, aldiz, landetako kantonamenduetan, batez besteko parte-hartzea %70 izan da. EH Bai koalizioaren emaitza ona horren seinalea izaki.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2011ko martxoaren 23a
Ezkerrak hartu dio aurrea eskuinari. Garazin EH Baik erabaki behar du PSko Frantxua Maitia  bigarren itzulian sostengatuko duen ala ez.
Ezkerrak hartu dio aurrea eskuinari. Garazin EH Baik erabaki behar du PSko Frantxua Maitia bigarren itzulian sostengatuko duen ala ez.

Abstentzioa izan da Frantziako  kantonamenduetako hauteskundeen ezaugarri nagusia. Akitania Erregioko nahiz Pirinio Atlantiarreko departamenduko emaitzak Estatukoen heinekoak izan dira parte-hartzeari dagokionez: batez beste, abstentzioa %55eko izan da. Ipar Euskal Herrira etorrita, 10 kantonamenduetako seietan, besteak beste Angelu, Baiona eta Biarritzeko kantonamenduetan Frantziako argazkia islatu da. Aldiz, Hazparne, Bastida, Iholdi, Garazi, eta Atharratzeko kantonamenduetan –baserri mundukoak–, batez beste, hiritarren %70ak bozkatu du. Bozka abertzaleek, EH Bai koalizioaren emaitzek –kolore gorriaren eta urdinaren artean– bere marra nabarmen utzi dute, Iholdin eta Garazin bereziki.

Ezkerrak eskuina garai lezake

Paueko Kontseilu Nagusiko gidaritza jokoan dago. Bigarren itzulian ebatziko da presidentea zentro-eskuineko –Bastidako Jean Castaings da presidentea– edo alderdi sozialistako (PS) kidea izango den. Aldaketa historikoa litzateke. Izan ere, Paueko Parlamentuan zentro-eskuinekoa izan baita burua beti.

Zentro-eskuineko independente Beñat Intxauspe kontseilaria izan da Ipar Euskal Herriko 10 kantonamenduetan berretsia izan den hautagai bakarra, bozen %60,10 (2.398) erdietsirik. Aipagarria da, EH Baiko Juliette Bergouignan-ek lorturiko emaitza: bozen %19,76 (780).

Bigarren itzulian erabakiko dira beste bederatzi kontseilariak. Lehen itzulian, hauetako seietan PSko hautagaiek hartu dute aitzina. Zentro-eskuina ez da ontsa paratua atera. Adibidea, Iholdiko Jean-Louis Caset zentroko hautagaia da, aurreko bi hauteskundeetan lehen itzulian hautatua izan baitzen. Jean-Louis Casetek, bozen %41,34 (1.139 boz) erdietsi du. EH Baiko Daniel Olzomendiren emaitzak eragin du horretan inola ere, bozen %32,12 (885 boz) erdietsi baitu. Erran behar da, Olzomendik alderdi sozialistaren eta Europe Ecologie Berdeen sostengua ukan duela. Eskuineko Beñat Cachenaut-ek, aldiz, bozen %23,59 (650) erdietsi duenez, pentsatzekoa da, bigarren itzulian zentro-eskuineko aulkia ziurtatu duela.

EH Bai Garazin eta Iholdin giltzarri  

Garazi kantonamendua, Iparraldeko barnealdean abertzaleek erdietsi dituzten emaitza onen beste argazkia da. PSko Frantxua Maitia kontseilaria garaitu da bozen %34,37 (1.220). EH Baiko Dominique Bachok bozen %18,03 (672) ukan du eta bigarren itzulian izanen da. MoDemeko Jean-Marie Mailharro zentristak bozen %23,72 (842) ukanik, bera da Frantxua Maitiarekin lehiatuko dena. Izan ere, UMPko Jean-Pierre Eyhartzek bere sostengua eskaini dio bigarren itzulian, %15,54 (548) erdietsirik.  

Frantxua Maitiak MoDemeko zentrista Jean-Pierre Mailharroren aurka lehiatu beharko du eta EH Baik Garazi kantonamenduan erabaki beharko du bigarren itzulian Frantxua Maitia sostengatuko duen ala ez. Abertzaleek zentro-eskuina dute arerio nagusia, baina ezkerrak ez ditu –Frantxua Maitiak berak kanpainan erran bezala– abertzaleen aldarrikapenak zentro-eskuinak baino gehiago bermatzen. Alta bada, ez da ahantzi behar Daniel Olzomendi abertzaleak Iholdin ukan duen emaitza baikorra, alderdi  sozialistaren sostenguarekin lortu duela. Frantxua Maitiak EH Bairen laguntza “exijitu” du sostengu horren ordainetan. Joko politikoaren “legea” lantzeko garaia iritsi zaie abertzaleei. 

Bigarren itzulia inoiz baino erabakigarriagoa

Abstentzioak inoiz baino irekiago utzi du bigarren itzuliaren jokoa. Ontsalaz, hautagai gehienak zentro-eskuineko –mapan urdinak– edo ezkerreko –mapan gorriak– izan,  lehen itzulian nagusitu ohi dira.   Pirinio Altlantiarreko departamenduko 26 aulkietatik 7 baino ez dira ebatziak izan. Ipar Euskal Herriko bat eta Bearnoko sei. Funtsean, Hexagono osoan ere horrelakoxeak izan dira, emaitzak eskuinaren kaltetan izan baitira. Ipar Euskal Herriaren adibidea Baionan eman da. Hiru kantonamenduetan alderdi sozialistak (PS) aurrea hartu dio zentro-eskuinari. Ezkerra aurreratu zaio eskuinari, eta halaber, Marine Le Pen-en Front Nacionalek (FN) bozen ehuneko hainbat hozka kendu dio Nicolas Sarkozyren UMP alderdiari. Paueko iparraldeko kantonamenduan izandako emaitza horren lagina da: FNko hautagaia izan da garaile bozen %40 erdietsirik.

Kantonamenduetako bozak bigarren mailan iragan ohi dira Frantziako eskuinarentzat. Hautesleek alderdiak baino hautagaiak lehenesten dituzte bozkatzeko orduan. Alabaina, baliteke Nicolas Sarkozyren Gobernuak bideratutako Lurraldeen Erreforma Legeak iragarri duen kantonamenduen maparen aldaketak hautesleen artean nahasketa sortu izana. Izan ere, orain arteko erreforma ez da batere argi agertua izan herritarren artean. Bistan da, boterea eta gobernua atxikitzen dituen eskuinak baliabide guztiak ezarriko ditu bigarren itzulian, bigarren mailatzat jotzen dituen hauteskundeen emaitzak orekatzeko.