argia.eus
INPRIMATU
Gingil-hurritz
Jakoba Errekondo 2011ko martxoaren 22a
Arbendolondoa, Prunus dulcis
Arbendolondoa, Prunus dulcisSeelensturm-CC By Sa

Txertatzen diren eta ez diren fruitu arbolen izerdialdi berrieroko loraldiaz aritu eta arbendolondoa, Prunus dulcis, almendrondoa ez aipatzea, ederra egin nuen aurrekoan. Ugariena ez, baina arbendolondotik erruz dugu Euskal Herrian.

Vitis vinifera, mahatsetik bai galanki; bere lorearen dotoreziagatik behintzat ez zaigu ezagun –erreparatu al diozu inoiz mahatsondoaren loreari?– baina bai bere fruitu mordoei kentzen diegun fruitu mordoagatik. Zukutzeko fruituak ematen dituzten arbolak izango dira, noski, mahatsaren segidakoak: Olea europea olibondoa eta Malus x domestica sagarrondoa. Inola ere garraztea nahi izaten ez den oliba olioa egiteko, bata, eta mikatz punttua behar baina inondik inora oliotzea nahi izaten ez den sagardoa egiteko, bestea.

Fruituaren mamia jota sortutako muztioa, mama gozoa, eskuratzeko jartzen direnez beste, fruitu arbolen artean hazia jaten diegunetik dugu gogotik. Ezagunenak hurra, intxaurra eta arbendola.

Corylus avellana, hurritza nonahi da gure bide bazterretan, baita basoetan ere. Lehen ere aitatu izan dut, ez alferrik, euskaldunok bizia zor diogu, milaka urtetan gure bizigai nagusia izan den zuhaixka honi. Agian honexegatik hankapean darabilgu eta barre iseka egiten diogu kultura latinoen kolonizazio sotilaren fruitu nabarmenenetakoak diren intxaurraren, Juglans regia, eta arbendolondoaren fruituak aho beteka irensten ditugun bitartean.

Izenetan argi dago, intxaurra baino zaharragoa izango da hurra. Arbendolondoari gingil-hurritza ere deitu izan zaio. Arbendola bera belarri-gingilaren tankerakoa delako edo.

Zuhaitz guztiak haritzak eta lizarrak ziren garaietarako bidean arta-mugarria da hurritza. Hurrak ematen dituen haritza. Eta hur alea “goian edo zintzilik dagoen edo goitik datorren ontzi baten barruan dagoen bizia”. Ulertzekoa da fruitu barruetako haziei hur erantsi izana: intxaur, gingil-hur...