Fukushima, ziklo aldaketaren azken errematea

  • Gerra handi bat falta zuten herrialde garatuek hogeita hamar urteko garapena amaituz ziklo aldaketa osatzeko. 2007ko udatik hona dena sartu zitzaigun krisian: ingurumena, etxegintza, finantza sistema, zor publikoa, energia-iturriak... Inork espero gabeko jokalariak
    eman du ostikada. Naturak Japonia astindu eta munduaren martxa irauli du.

Japoniako katastrofe hirukoitzaz plazaratu diren argazkien artetik bat xamurragoa hautatu nahi eta Tokyo Ezine blogari kendu diogu hau. Langileak bi haur ari dira aztertzen soinean erradioaktibitate arrastorik daramaten jakiteko. Lehen planoko umearen beg
Japoniako katastrofe hirukoitzaz plazaratu diren argazkien artetik bat xamurragoa hautatu nahi eta Tokyo Ezine blogari kendu diogu hau. Langileak bi haur ari dira aztertzen soinean erradioaktibitate arrastorik daramaten jakiteko. Lehen planoko umearen begirada berezia da, haserrearen eta "zertan ari zara?" galdetzen duenaren nahasketa dela esan liteke.

Nork ordainduko ditu kalteak?     Fukushimako zentral nuklearrarenak alegia. Galdera hori geratuko da, tamalez, martxoaren 11an lurrikararekin hasi, tsunamiarekin segi eta hondamendi nuklearrarekin borobildu zen Japoniako triskantzatik.

Tamalez, diogu, zeren eta naturak eragindako desastrearen biktimak eta kalteak azkar samar ahazten dira mundu osoan, salbu eta gertatu diren lekuan bertan. Gaur inor akordatzen ez da Banda Aceh-ko lurrikararekin hasitako maremoto basati haren ondorioez, ez bada urteurrena ospatzeko dokumentaletan. Ez da berdin ahaztuko Japoniako M-11.

Ez da inor gauza zehazteko, gutxi gora behera ere, Fukushimako zentralaren porrotak zenbateko kalte ekonomikoak eragin dizkien Japoniari eta munduari. Txernobylek eragindako pikardiak hein handi batean nozitu eta beren gain hartu zituzten merkatu sistematik at bizi ziren ekonomiek eta haien kontabilitaterik izan baldin bada gehienak ordaindu gabe geratu dira. Aldiz, Fukushimakoak erakutsiko dituen zifrak erotzekoak izanen dira.

Ingurumenari egindako eraginak kontabilizatu behar direla diotenek, hau da, urteak daramatzatenek argudiatuz energia eta jarduera industrial asko errentagarritzat agertzen direla haien koste guztiak kontutan hartzen ez direlako, gizakiaren edo naturaren osasunari eragindako kalteak kanpoan uzten –kontabilitatetik “ahazten”– direlako, guzti horiei arrazoia zutela aitortzeko ordua ekarri du Fukushimako triskantzak.

M-11 honen historia idatziko denean, garbi azalduko da energia atomikoaz zerbait dakiten guztiak berehala ohartu zirela Japoniako zentraletan gertatzen hasia zena. Herritarrei leku batzuetan, Japonian bertan edo Espainian, tantaka eman zaie informazioa, gero eta dosi bortitzagoetan. Frantzian eta Alemanian, ordea, biak izanik nuklear gehien dituztenetakoak, askoz lehenago esan zitzaion egia jendeari.

Fukushimako porrota humanitarioa, sanitarioa eta ekologikoa da, baina horrez gain porrot ekonomiko izugarria da. Munduko ekonomia aurreratuak zitekeenik eta unerik konplikatuenean harrapatu ditu.

Energia nuklearra piztualdi berria ari zen bizitzen martxoaren 10era arte. Munduko jardun ekonomikoan nagusi diren energia konpainiak murgilduta zeuden egunsenti nuklear horretan. Hona zergatia, motzean.

Kyoton ludiaren beroketa gutxitzeko erabakitako protokoloak karbono isurketak murriztea eskatzen zuen. Peack Oil fenomenoa, bestalde, gaur denek hartzen dute aintzat, alegia, petrolioa gero eta urriagoa eta karuagoa izango denez haren ordainak garatu behar direla. Energia enpresen lobbya lortzen ari zen nuklearra energia garbitzat pasatzea, kasik berriztagarritzat.

Txernobylekoaren ondoren nuklearrak auzitan baziren, azken urteotan lobbyek lortua zuten garaipen handi bat: zaharkitutako zentralek martxan jarraitzea. Haizeak gogor jotzen zien alde. Ezer ez da berdin izango M-11tik aurrera.   

Atomoaren mito desintegratuak

Martxoaren 11 eta berehala Alemaniak zentral nuklear zaharrak presaka ixteari hauteskunde usaina hartu zaio. Botoek asko dezakete. Baina mantsoago bada ere, gainerako herrialde garatuetan gobernuak bata bestearen ondoren azterketa eta ikerketa berriak agintzen hasi dira. Kutsadura erradioaktiboari beldurra dio jendeak, horra datu garrantzitsua. Baina hori baino eraginkorragoa da dirua, eta Fukushimak agerian utzi du atomoak arrisku ekonomiko izugarria zeukala, zentralen eraikitzaile eta ustiatzaileek inoiz onartu ez zuten arren.

Fukushimakoak desintegratu duen beste gauza funtsezkoa agintariekiko sinesgarritasuna da. Patetikoa da ikustea milioika herritarren bizia –japoniarrena bezala munduko beste anitzena– jokatzen zen maniobrak eta operazioak enpresa pribatu gardentasunik gabeko batek kudeatzen dituela, aurretik istripu gehiago ezkutatu izanagatik zigortua egon denak, berak bakarrik ezagutzen dituen ahalbideekin. Txernobylekoan merkaturik eta iniziatiba pribaturik gabeko sistema zaharkitu burokratizatu batek egin zuen porrot, hori bai, oinezko milaka herritarren sakrifizio heroikoa utzirik ordain epiko gisa. Fukushiman porrot egin duena korporazioen sistema izan da.

Energia den gai estrategikoa, gizartearentzako hil ala bizikoa, korporazio gutxi batzuek daukate zentralizatua, egitura multinazional ilunetan. Teknologiaren sofistikazioa zentralizazio eta kontrol ekonomiko horren osagaietako bat da. Energia berriztagarriak berak kasik beraiek monopolizatu dituzte. Eta inork ez daki agintzen duena ez nor den eta ez non dagoen. Aldiz, agintari politikoen eta hedabideen gain kontrol handia ezarri dute urteotan.

Fukushimako zentralaren jabea Tepco multinazionala da, eta Japoniako argindarraren zati handia kontrolatzeaz gain munduko beste leku askotakoaren jabe da. Energiaren egituraketa multinazional honengatik, Japoniako eztandek gero ikarak beste edonon eragin dituzte. Barack Obama ari zela apustu egiten zentral nuklear berrien alde AEBen energia independentziaren izenean? Orain amerikarrek badakite Texasen bi zentral jaso nahi dituena Fukushimako Tepco bera dela.

Multinazional horiek ezkutuan edukitako informazio larri asko ere agerian utzi dituzte eztandek. Adibide txiki bat aipatzeagatik, Fukushiman erreaktoreen ontziek barruko edozein konbustio jasan ahal izango zutela argudiatu eta ondoren zartatzen hasi direla ikusi denean, orduan jakin dugu ontzi-azal horien ahultasun estrukturala 1972tik salatuta zegoela. Gisa berean, hogeitabost urtetan entzun gabeak ordu gutxitan ikasi ditu adi egon den herritarrak.

Ez da hilabete asko oraindik adituak disputan ari zirela ea Ipar aberatsa kolpatu zuen krisi ekonomiko itzelak V, U ala WW forma edukiko zuen, edo inkluso L tankera. Japoniako ikara hirukoitzak inkognita berriak piztu ditu.

Japoniak lurrikaragatik eta tsunamiagatik jasan dituen kalteak eramangarriak lirateke, nahiz eta munduko ekonomiaren biziberritzeari mesede handirik egingo ez lioteketen. 150.000 milioi euroko kalteak aipatzen dituzte. Baina krisi nuklearra hasi baino ez da egin bere ondorioak erakusten. Lehenbiziko aldiz azalduko dira orain arte nuklearren hustiapen eta balantzeetatik kanpo geratzen ziren zifrak. Txernobyl inguruko baserrietan ez bezala, Ipar aberatseko hirietan kalte guztiak kontatzen dira... eta kobratu nahi izaten dira. Nuklearren arriskuak   aseguratzea ezinezkoa zela jakina zen, baina orain bixtan geratu da..

Historia bukatu dela argudiatu baldin bazuen neoliberal probokatzaile batek, esan liteke Fukushiman historia berri bati eman zaiola hasiera. Berria bai. Hobea?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Fukushimako istripua
Fukushimako urak isurtzeak ez duela arrisku esanguratsurik adierazi dute aditu batzuek

Erradiazio eta segurtasun nuklearreko adituek adierazi dutenez, Fukushima Daiichiko instalazio nuklearretik isurtzen ari diren ur erradioaktiboa ez da mehatxu esanguratsua, ez itsasoko bizidunentzat, ezta pertsonentzat ere. Hala adierazi dute Science aldizkarian argitaratutako... [+]


Fukushima: istripua iraganean, kalteak bizi-bizirik eta soluzioak oraindik aurkitzeke

Halabeharrez hasi dira agorrilaren 24an Fukushimako zentraleko urak itsasora jaurtikitzen; ur kontaminatuak metatzeko zisternen %97 beteak dituztelako eta etenik gabe gehitzen zaielako ura –egunero 140 tona–. Ur "deskutsatuak" izanik ere, herritarrek... [+]


2023-08-23 | Ilargi Manzanares
Hasi dira Fukushimako ur kutsatuak itsasora isurtzen

Japoniako Gobernuaren erabakiak protestak eragin ditu herrialdean, eta besteak beste, Txinak kritikatu egin du erabakia. 2011 urteko istripu nuklearraren ondorioak oraindik pairatzen dira.


Eguneraketa berriak daude