argia.eus
INPRIMATU
Africa Baeta
“Pasioa eta ilusioa galtzen dituen kazetaria hilda dago”
  • «...zintzoa banaiz nik ez dakit zer eskatzen duen herriak, notiziak ala berriak»

Sustrai Colina 2021eko ekainaren 30
Africa Baeta
Africa BaetaIñigo Azkona

Esadazu zu ere bokaziozko kazetaria zarela.

Kazetaritza ez da lanbide bat, bokazio bat baizik. Sortuz geroztik hil arte zainetan daramazu. Ez duzu usteko lantokiko atea zeharkatzean kazetari izateari uzten diodanik, ala?

Ez esan 24 orduko albiste-kate horietako bat zarenik!

Zure buruarekiko zorroztasun handiz eta diskrezio handiagoz egin beharreko inurri lana da kazetaritza. Egunero daukazu azterketa bat zain eta sinesgarritasuna azterketaz azterketa irabazten da.


Politikarien erakusleihoa izateari azterketa deitzea ere...

Kazetaritza eta politika eskutik helduta doaz. Politikariak hedabidea behar du, eta batzuetan, hedabideok gehiegi luzatzen diegu eskua politikariei. Bekatua da, baina...

Estutu itzazue. Sartu eztena, akuilua... Ala zuek ere su-etenean?

Hedabide guztien linea editorialetatik harago, kazetari bakoitzak ahal bezain objektiboa izateko borrokatu behar du. Ni apolitikoa naiz, ez dut sekula inoren alde egin, eta ez dut inoiz inoren presiorik jaso. Zergatik ikusten ditugu mamuak ez dauden tokian?

Mamuak aipatzean, audientziei buruz ari zara?

Albistegiak ere audientzien gerra odoltsuaren menpe daude. Normala iruditzen zaizu Pique eta Shakiraren artekoa albistegi bateko titularra izatea?

Adierazpen askatasunaren etsairik zitalena langabezia zela irakurri nuenetik...

Niretzat sekulako ikasgaia da bekadunekin lan egitea. Euren adrenalinak eta begiratu birjinak ez daukate preziorik. Zergatik ote daukate jende akomodatuak baino aukera gutxiago?

Sistemaren sustraiak oroitaraztea nahi?

Sistemak sistema, pasioa eta ilusioa galtzen dituen kazetaria hilda dago.

Eta sabel-hiztunaren txotxongiloa dirudien albistegietako aurkezlea?

Bustoparlante-tik ihesi nabil. Baleko aurkezle asko egonik, ez duzu uste gure nortasun eta mundu ikuskerak markatzen duela aldea? Bukatu dira albiste bat ongi irakurtzea komunikatzea baino gehiago baloratzen zen garaiak!

Albistegiak iraultzan? Ez esan...

Moldeak hausteko joera dator. Hurbiltasun nahiak eta entzulearengana zuzenean iristeko beharrak albistegiak eraldatuko ditu. Irudikatzen duzu mahairik gabeko informatibo bat?

Teleberria aurkezten erretiratuko bazina hautsiko zenituzke moldeak!

Zorro txikiarekin bidaiatzen ikasi dut. Gaur gaurkoa egiten saiatzen naiz, bihar gertatu litekeena bihar izango dela pentsatuta. Zaplaztekoak hartuta etxera negarrez joan naizenetan, beti itzuli naiz nire printzipioak defendatzeko grina indartsuagoarekin.