Ez dakit zergatik errepikatzen duen dioen guztia.
Zu, Saroi, gai jartzailea zara; nahi duzun doinu eta neurrian erantzun.
Doinuak hitz lauzkoa beharko du, eta neurriak, galderaren araberakoa.
Gaiekin duzun harremana azal ezazu, mesedez.
Oso harreman kartsua da batzuetan, inspirazioak laguntzen duenean. Lehortea datorrenean, berriz, estutu egiten dira gauzak, eta hartutako konpromisoei ezin zaie huts egin. Horrelakoetan inguruko edozeri heldu behar izaten zaio gaiak sortzeko.
Homofobia arrastorik ez, beraz.
Ez gaiekin, eta ezta gayekin ere.
Denok dugu lagun gay bat, baina ez lagun gai-jartzaile bat!
Nik bietatik dauzkat ba inguruan. Baita gai-jartzaile gayak ere.
G puntuaren kanpaina, onartuko dizut, kilikagarria izan zen oso.
Eta gozamen hutsa! Duela lau urte G puntua aurkitu ezinik geratu zirenek maiatzetik aurrera izango dute berriz aukera.
Baina sexua erabiltzen denean amu gisa…
Ar eta eme guztiak inguratzen dira.
Politika koilarakada bat ere ezin falta bertsoan.
Osagai garrantzitsua da hori nire bizitzaren errezetan.
Gai-jartzaileak ere denak zarete ezker abertzaleko?
Gai-jartzaile izan nahi duen inori ez diogu galdetzen botoa zer alderdiri ematen dion, ezta botorik ematen duen ere.
Kanpotik dirudiena bezainbesteko feeling-a dago bertso munduan?
Lantalde handi bat gara, eta, talde guztietan bezala, iritzi askotako jendea gaude. Batzuekin hurbiltasun gehiago sentitzen duzu, eta beste batzuekin gutxiago. Batzuk lagun minak ditut, eta beste batzuk ezagunak baino ez. Niri lagun asko eman dizkit bertso-munduak.
Bertsozale Elkartea, gainera, mundu guztiak du inbidiatzen!
Dena ez zuen ondo egingo, jakina, baina ibilbide oparoa izan du, eta emaitzak begi bistakoak dira.
Bai, bertso antzerki saioak, bertso estropadak, bertso break blog black soundsystemak…
Eta milaka ume astero bertsolaritza lantzen eskola orduetan.