Hilabete hasieran France 3 telebistak emandako dokumental batean izozmendiak nahi den lekurantz mugitzeko posibilitateaz aritu ziren.
Adibidez, zazpi milioi tonako pisua eta 160 metroko sakonera duen izozmendia eraman al daiteke Artikotik Kanariar Uharteetaraino? Urteetan Georges Mougin ikerlari frantziarraren proiektua izan zena Dassault Systèmes enpresak simulatu du, tresneria ahalmentsuak erabiliz. Esan bezala ideia ez da berria, batek baino gehiagok amestu baitu aipatzen ari garen sistema ur gezaren eskasia dagoen lekuetara ura eramateko bide bezala. 70eko hamarkadan Georges Mougin frantziarrak Mohamed al Fayçal printze saudiarabiarraren laguntza izan zuen, baina proiektuan sortutako oztopoak zirela eta, bertan behera geratu zen.
Baina Mougin egoskorra da eta Dassault-ekoak konbentzitu zituen proiektua simulatzeko 3Dko teknologiak erabiliz. Eta sinistu ala ez, irakurle, posible omen da izozmendia Artikotik Kanariar Irletara eramatea 141 egunetan eta izotz-masaren %38 soilik galduz. Egindako simulazioan, izozmendia sare batez inguratu eta ur-korronteak, ekaitzak, uraren tenperatura, olatuak eta abar kontuan hartu dituzte. Orain enpresaren bat ausartzea baino ez da falta, inork hartuko al du arrisku hori?