argia.eus
INPRIMATU
“AHTk gure osasuna murrizten du”

Juan Mari Arregi 2021eko ekainaren 30a

Azken asteotan, Hego Euskal Herrian AHTren kontrako hainbat herri mobilizazio ikusi dugu, Mugituk antolatuta. Imajinazioz eta herri pedagogiaz, azaldu nahi dute zein murrizketa ari diren egiten euskal administrazio publikoak zerbitzu sozialetan eta osasun publikoan, makroproiektu horren 10.000 milioi euroko obrak ordaindu ahal izateko. Odoluste ekonomikoa da, gure diruen, gure eskubide sozialen eta gure osasunaren bizkar egina, herri mobilizazioetan salatzen ari diren moduan. Horrela adierazten dute euren pankartetako mezuek: “AHTk odola zurrupatzen digu”. “Murrizketarik ez. AHTk gure osasuna murrizten du”, “AHT=Murrizketa sozialak”, “AHTren dirua osasungintzara”.

Ez dira mezu batere demagogikoak, gizartearen errealitatean oinarrituak baizik. Nafarroan, AHTk 4.000 milioi euro inguru kostako du. Bertan, osasunaren lehen mailako arretarako partida gutxitu da –%6,7 gutxiago–, baita osasun mentalerako eta osasun publikorako partidak ere –%7,5 eta %14,6 gutxiago, hurrenez hurren–; itxaron zerrendak gero eta luzeagoak dira eta pertsonalaren gastua %2,5 gutxitu da. EAEn AHTren kostua 6.000 milioi euro ingurukoa da. Osakidetzak 260 milioi euroko murrizketa egin du zerbitzuetan 2010ean, AHTren Gipuzkoako adarrak 2011ko aurrekontuetan duen kopuru bera (275 milioi euro inguru). Osasun-zerbitzuak murriztu dira eta larunbatetan 46 osasun zentro itxita egongo dira.

Hala ere, larriena da AHT, Euskal Herrian, Estatuaren apustu eta arrazoi bat dela. Herri mobilizazioak izanda ere, abian jarriko da, aurrez eztabaidarik izan gabe. Baldin eta herritarren gehiengoak proiektu antisoziala onartzen ez badu  eta arabiar herrialdeetan bezala, zutik jartzen ez bada.