argia.eus
INPRIMATU
Sexu-askatasuna mugatuta dago Bilbon?
Unai Brea @unaibrea2 2011ko martxoaren 13a

Imanol Alvarez EHGAMeko kideak ez du zalantzarik: Bilboko Espazio Publikoaren Ordenantza berria sexu-askatasunaren aurkakoa da. “Orain dela lauzpabost urte saiatu ziren kaleko prostituzioa debekatzen eta porrot egin zuten”, adierazi digu, “ordenantza labur bat egin zuten propio horretarako, baina zenbait elkartek lortu genuen geldiaraztea”. Iazko irailean indarrean sartu dena, berriz, Udalaren B plana da, Alvarezen ustez. “Ez ziren konforme geratu eta nola edo hala egin nahi izan zuten ordenantza hura, bide batez beste gauza batzuk sartuz”.


Azkenean, totum revolutum bat da argitaratu dena: musika, jolasak... Kalean egin litekeen edozer dago araututa eta, dagokionean, zigortuta, ez nolanahiko isunekin, bidenabar esateko. 16. artikulua da sexuari dagokiona, eta horretaz mintzatu zaigu Alvarez: “Debekatuta daude, ordenantzaren arabera, ‘sexua esplizituki jende aurrean eta era nabarmenean azaltzen duten jardute eta ekintza guztiak’. Honen interpretazioa oso zabala da”. Hain zabala, non dagoeneko behin jazo baita udaltzain batek isunarekin mehatxu egitea emakume bikote bat, kalean musu emateagatik. “Ordenantzarako alegazioak aurkeztu genituenean Udalak erantzun zigun ez zirela nahastu behar musuak eta laztanak sexu esplizituarekin, baina honezkero ikusi dugu arauaren aplikazioa udaltzain bakoitzak une bakoitzean desegokitzat daukanaren araberakoa izan daitekeela”.