Adimena erlaxatzen du, odol-zirkulazioa bizkortu, eta bihotz, birika eta hesteen funtzionamendua hobetzen du, muskuluetako mina arindu eta argaltzen laguntzen du, hezurrak babestu eta gogo-aldartea hobetzen du, hezur-haustura edo lesio baten ondotik susperraldia erraztu eta defentsak gehitzen ditu... Aipatutako horiek, eta baita gehiago ere, dira egunean 30 minutu pauso azkar samarrean ibiltzea bezalako ariketa errazak osasunari dakarzkion onurak. Hala ere, ordu erdi hori segidan edo jarraian egiterik ez bazenu, banatu itzazu ibilaldi horiek hainbat tarte edo unetan, eta horrek ere mesede egingo dizu.
Ohitura osasungarri horren abantailak ahalik eta gehien disfrutatzeko, hona hemen gomendio erabilgarri batzuk:
- Berotzea oso garrantzitsua da. Hasteko, aurreneko bost-hamar minutuetan erritmo moteltxoagoan abiatu, muskuluak berotu eta martxa egokian jartzeko. Ondoren, bizkortu zure pausoen abiadura eta har ezazu erritmo konstantea. Azkeneko minutuetan erritmoa zertxobait moteltzea komeni da, eta amaitzeko luzatze ariketa batzuk egitea.
- Oinetako egokiak aukeratu. Zapata normalak edo kirol-oinetakoak direla ere, erosoak izan behar dute eta oinak haien formara behar bezala egokituta geratu behar du.
- Postura egokia eta zuzena izan. Saia zaitez sorbaldak erlaxatuta eta bizkarra zuzen mantentzen. Muskuluek hobeto egingo dute lan, eta birikek aire gehiago hartu ahal izango dute. Zure pausoak orekatzeko, gorputz osoa mobilizatzeko eta baita kaloria gehiago erretzeko ere, ibiltzean atzean geratu den hankaren kontrako aldeko besoa aurreratu behar da. Eta oin bat lurretik jasotzean, aurrena orpoa jarri behar da lurzoruaren gainean eta oin-zola osoa gero, behatz-puntetara iristeko.
- Esfortzua dosifikatu. Pauso arinean ibili, baina gehiegi nekatu gabe, hatsa galdu gabe, arnasketa kontrolatuz betiere. Giltzadurak gehiegi ez kargatzeko, pauso labur eta ongi markatuak eman.