“Al Jazeera English da une honetan dagoen komunikabiderik interesgarriena”

  • Egipton hasi eta Tunisia, Maroko, Libano, Siria, Kuwait, Bahrein, Yemen eta Sudan bisitatu ditu Fermin Muguruzak (Irun, 1963) urtebetean, herrialde horietako mapa musikala egiteko, 80 musikari baino gehiago elkarrizketatuz. Next Music Station du izena Al Jazeera-rentzat egindako proiektuak eta martxoaren 10etik aurrera emango dute Qatar-eko telebista katearen Documentary Channel-en.

Fermin Muguruza
Kairoko Jazz jaialdian

13 ataleko dokumental saila zenuten pentsatua, baina Aljeria kanpoan utzi behar izan duzue, eta beste leku batzuetan ere izan duzue errodatzeko arazorik.

Bai, hori amorrua Aljeriarena. Sekulako gogoa nuen han bizi diren musikariekin elkartzeko, ondo ezagutzen dut herria (gerra zibila bukatu bezain laster han izan nintzen) eta musikari pila ezagutzen dut, lagun minak; gainera inbertsio handia egin genuen (denboran, baliabideetan eta ekonomikoki). Baina azken unean ez ziguten baimenik eman eta ezinegona, beldurra eragin zigun hurrengo herrialdeetan ere ez ote genituen arazoak izango. Horregatik, hasieratik tentsio izugarrizko errodajeak izan dira. Marokon adibidez hiru egunez material guztia bahituta izan zuten Tangerreko aireportuan; Bahreinen berdin eta klandestinoki aritu behar izan genuen; Sirian sekulako arazoak izan genituen sartzeko eta influentziak erabili behar izan genituen, Hezbolarekin hitz eginez eta guzti… Itzela izan da, baina lan zaila, titanikoa, hamalau hilabetetan hamaika dokumental egitea lan handia delako.

Itzuli eta altxamenduak nagusi dira herrialde arabiarretan.

Bigarren irakurketa daukate orain dokumentalek eta dokumentu bezala geratuko dira historiarako: herrialde hauen mapa musikala dira momentu zehatz batean, hortik aurrera dena aldatu da. Gauza bat da zer kontatzen ziguten, zer bizi izan genuen guk, eta beste bat musikaren bidez zer azaltzen zuten. Eta orain gertatutakoa ikusita, benetan premonitorioak ziren hitzak. Egipton uste genuen altxamendua egongo zela eta odol jarioa izugarria izango zela. Aldiz, kostu humanoa handia izan da, baina izan zitekeenaren aldean deus ez. Han bazegoen esamolde bat, Barne ministroak botatakoa duela zenbait urte eta asko entzuten zena: “80 milioi gara, 5 milioi gutxiago baldin bagara ez da deus gertatzen”… Tortura sistematikoa zegoen edozein txorakeriarengatik, izugarrizko prepotentzia poliziala… Sekulako anabasa zegoen eta oraindik lan asko dago egiteko, ustelkeria oso errotuta dagoelako eta pribilegioei ezetz esatea zaila da, baina ze poza ematen duen diktadore bat botatzen ikusteak!


Dena den, badira elementu batzuk hemengo medioetan oso gutxi ateratzen direnak, ez delako interesatzen: neoliberalismoaren kontrako borrokak direla, kapitalismoaren kontra; eta matxinada langileriak oso ondo ezagutzen duen tresnen bidez egin dutela: greba orokorra, baina dena gelditzen duen greba orokorra. Suezeko kanala gelditu zutenean, eta Kairo, eta herria gelditu zutenean, hor hasi ziren arazoak.

Ez da hemen bezala orduan, zerbitzu minimoen eraginpean…

Pikutara zerbitzu minimoak! Han ogia-eta eramaten zuten, baina gainontzeko guztia geldirik. Gaddafiri entzuten badiogu ere, zer esaten ari da? Mundu guztia lanera itzultzeko. Eta hori kontatzeak esan nahi du herriak boterea daukala, baina hemen anestesiatuta gaude. Bestalde, Mendebaldeak eta Israelek ezarri ditu diktadore horiek (artxiboko irudiak ikustea baino ez dago); puta-semeak dira, baina gure puta-semeak, Rooseveltek Latinoamerikakoei buruz zioen moduan. Erregai hornidura ondo babesteko, etorkinak direla-eta mugak ondo babesteko, eta balizko mehatxu terrorista kontrolpean izateko. Eta horren truke, gainera, guk armak ematen dizkizugu, baita euskaldunok ere. Beraz, zein zoragarria den ikustea horri buelta ematen zaiola, nahiz eta orain gogorra izan.

Domino efektuak aurrera jarraituko duela uste duzu?

Zer gertatu zen 68an? Ez zen berez etorri, aurreko urteetan jada zerbait pil-pilean zegoen, ura irakiten. Eta 68an egin zuen eztanda, batez ere Europan, baina oro har mundu osoan. Eta orain berdin gertatzen ari da: Mediterraneora iritsi da, Greziaz ahaztu gara, baina Grezian ere sekulako grebak egiten ari dira egunotan, eta estaltzen saiatzen dira, Greziaz hitz egitea delako gure ekonomia kapitalistaz hitz egitea. Ez da domino, baizik ezinegon bat egon dela eta lehertu denean leku batean, ikusi dutenean herria kapaz izan dela hori egiteko eta dakitenean nola egiten den, hori egin dute. Altxamendu armatua izan balitz, ez luke arrakastarik izango, gobernuarentzat errazagoa izango litzatekeelako armei armekin aurre egitea, baina herria horrela altxatzen denean, sekulako lezioa da.

Hain juxtu, 2008an Garbiñe Ubeda lankideak Argiarako elkarrizketatu zintuenean azalera ondorengo titularra atera genuen: “Mundu osoan gerra usaina dago, auzolana da aukera bakarra”. Auzolan hori izan da matxinaden arrakasta?

Dudarik gabe. Bai matxinadetan eta bai egin berri dudan lanean, kulturen arteko solasaldia izan delako. Bidaia hau egiten ari ginenean, Europako mandatariek ondo markatu zituzten beraien diskurtsoaren lerroak: multikulturalismoaren aurka agertu ziren Merkel, Cameron, Sarkozy. Neutroizko bonbak, diskurtso eta kultura bakarraren alde, handien diskurtsoaren alde: neoliberalismoarena, merkatu ekonomiarena. Eta horren aurrean geratzen zaiguna da auzolana. Hori egiten saiatu naiz nire lubakitik, nire esparru kulturaletik: musika, zinema eta topaketa.

Auzolan hori falta zaigu Mendebaldean?

Bai, oraindik shockpean gaude zenbait herrialdetan, oso gogorra izan delako globalizazioaren kolpea, eta herrestan eraman gaitu. Komunikazio aldetik sekulako hutsuneak daude, birtualki 5.000 lagun dituzula iruditu arren harreman eta elkartasun aldetik asko galdu delako. Hemen daukagun sindikatu nagusia da nire ipurdia eta ni. Bide berriak jorratu behar ditugu.

Gertatzen ari den guztiarekin, herrialde arabiarrez dugun irudia aldatu dela uste duzu?

Iruditzen zait ezetz, Al Jazeera jarraitzen duen jendeak matxinadak baino ez dituelako ikusten, kanal informatiboak espazio gutxi uzten dio kulturari, eta nire ustez kultura da herriak ezagutzeko lanabesa. Hala ere, oso interesgarria da, Al Jazeerari esker lehen eskutik ari garelako aurpegiak ikusten.

Kultura bada tresna, dokumentalok zubi-lana egiten dute?

Bai, konbentzituta nago. Hasteko, jendeak ez dakielako zein musika egiten den herrialde hauetan, ezta musika egiten denik ere; zein musika maila dagoen, kultur maila. Eta ikusteko, baita ere, nola adierazten dituzten gauzak, keinuak, aurpegiak, ahotsa… Balio handiko dokumentalak dira, erakusten duten kultura eta paisaiagatik, eta balio politikoagatik. Imajinatu bidegurutzean dagoen Egipto bezalako herrialdean dagoen multikulturalismoa. Multikulturalismoa ez da bakarrik europarrok esaten dugunean beste kulturekin elkartzea; multikulturalismoa da Egiptok, Sudanek erakusten digutena, biltzen direlako leku guztietako kulturak eta pertsonak. Asko dugu ikasteko.

Zein egitura jarraitzen dute dokumentalek?

Eredua Checkpoint Rock pelikularena izan da: soinu mapa bat marraztea, musika tradizionaletik azken joeretaraino. Bidaia baten bidez askotan (Marokon adibidez Tangerretik Marrakexeraino; Egipton Nilo ibaiaren inguruan…). Leku bakoitzean musikari batekin elkartzen gara eta berak irudikatzen du herri horretan gertatzen dena. Garrantzi handiena hiriburuek daukaten arren, inguruko herriak ere atera ditugu, eta gainera hiriburuetako distrituak izugarriak dira. Mendietara joan gara, portuko arrantzaleengana, basamortuko beduinoengana…

Checkpoint Rock-en eredua diozu. Salaketa mezua du hark, baina aldi berean erakusten du herri bizia dela palestinarra. Hori aurkituko dugu oraingoan ere?

Bai, hala da. Palestinan ohituta gauden irudiak egon bazeudelako, baina bestelakoak baita ere, ez genuen probokatu, mikroa piztu baino ez genuen egin, eta utzi adierazten. Orain ere hala egin dugu eta diskurtso oso interesgarriak topatu ditugu, poetikoagoak batzuetan, zuzenagoak… Hitz bortitzak erabiltzen zituen rap talde bat Egipton, Tunisiako malouf estiloan herriaren sufrimendua islatu nahi zuen musikaria… Musika tradizionaletik esperimentaziora eta mundu arabiarrean arrakastatsua den hip-hoperainoko bidaia hartzen dute ageri direnek; musikak beste dimentsio bat hartzen du.

Bahman Ghobadiren No one knows about Persian Cats filmak Irango musika undergrounda du ardatz, eta erregimenaren debekuak medio musika egitea transgresioa dela islatzen du. Halakorik ikusi duzu?

Adibidez, emakume asko ageri dira dokumental hauetan, eta beraien janzkera jada transgresio bat da, baita oholtza gainera atera eta kantatzeko duten jarrera… Bestalde, arazoak dituzte hainbat herrialdetan: adibidez Libanon momentu honetan sekulako leherketa musikala dago, denetariko adierazpideak dituzu (musika tradizionala, esperimentala, rock, hip hop, hardcore, inprobisatua…); ordea, Golkoan (Kuwait, Bahrein, Yemen) atzerapauso handiak ikusi ditugu, zuzeneko kontzerturik ere ezin da antolatu Kuwaiten, eta integrismoak terreno asko irabazi du. Tunisian oso modu metaforikoan erabiltzen dituzte hitzak, zentsurari aurre egiteko; Marokon debekatua dago Sahara hitza erabiltzea… Imajina ezazu pertsona bat itota dagoenean ze besarkada ematen dion musikak.

Emakumeek paper garrantzitsua dute dokumentalotan.

Transgresioa zenioen… Abangoardia aipatuko nuke: emakume musikarien kasuan abangoardia da hitza. Hasteko, musika arabiarraren bi totemak emakumezkoak direlako eta herri bakoitzean emakumeak geroz eta espazio gehiago ari dira irabazten herrialde arabiarretan, eta batez ere musikan, buruz buru daude alor horretan gizonezkoekin. Hari narratiboa egin duten pertsona guztiak, Tunisian izan ezik (eta Kuwait eta Bahreinen kometen bidez egin dugu) emakumezkoak dira. Oraindik bidea daukate egiteko (hemen ere bai), baina egia da hango emakumeez dugun estereotipoa lurretik geratzen dela.

Hizkuntza aldarrikatzeko bide gisa ere ba al dute musika?

Dudarik gabe. Gehienek arabieraz egiten dute eta garrantzi handia ematen diote. Gainera, herrialde bakoitzeko arabierak ez du zerikusirik besteekin; Marokoko eta Tunisiako dokumentalak eta Siriako hainbaten adierazpenak, adibidez, Al Jazeeran emango dira arabiera klasikoko azpitituluekin. Eta Libanon adibidez azpimarratzen zuten arabieraz kantatzearen beharra, ingelesa eta frantsesa indarra hartzen ari direlako.

Zein jarrera behar da horrelako lan bat egiteko?

Leku batera ailegatu eta herri horretan sartzen saiatzea, murgiltzea, herriarekin harremana hartzea. Jendearekin egon, benetan busti herri horretako errealitatearekin, ez hotelean geratzea. Horrela erortzen zaizkizu aurreiritzi pila bat. Musikariok hizkuntza propioa daukagu, berehala konektatzen dugu, erreferentzi asko elkarbanatzen ditugu, eta abantaila dut alde horretatik. Gainera, bidaiatzeko lan talde oso ona izan dut, gerrillakoa, ni neu gerrillakoa naizelako: Natalia de Ancos, Jordi Abusada, Angel Katarain (Kortaturen garaitik nirekin) eta Atxus Acosta, Vicepresidentes-ekoa, nirekin soinu kontuekin baita ere biren garaitik.

Musikari, kazetari eta zinegile aritu zara dokumentalotan.

Oinarria musika da, musikaritzat jotzen dut nire burua. Baina musikarekin lotuta dauden gauza guztiekin egin dut lan. Musikari, Egin irratian ere komunikatzaile aritu nintzen eta zinemarako soinu-banda ugaritan hartu dut parte. Negu Gorriak-ekin hasi ginen baita ere birak eta kontzertuak grabatzen eta dokumentatzen, Jamaikako esperientziarekin egin nuen lehen dokumentala [Bassque Culture] eta ondoren Checkpoint Rock.

Beraz, eroso ikusten duzu zure burua zinegile gisa?

Bai, geroz eta gehiago. Batez ere 11 dokumental zuzendu eta gero. Nik dokumentalista diot, ezberdina delako fikzioarekin edo errealitatearekin lan egitea eta ni oso eroso sentitzen naiz errealitatean murgilduta.

Miarritzeko FIPA jaialdian eta Donostiako Zinemaldian epaimahai lanak ere egin dituzu. Ikasteko aukera izan al duzu beste zuzendarien feedback-etik?

Bai, asko gustatzen zait eztabaidatzea eta zinema zale amorratua naiz, gainera aniztasuna bilatu ohi dute halako epaimahaietan. Korronte pila bat, ikuspuntu oso ezberdinak ikusteko aukera eman zidan epaimahaian egoteak, eta gainontzeko epaimahaikideetatik bai, beti ikasten da, eta beti nago prest ikasteko, beti irekita. Aurten, dokumental hauetako pare bat lotuta pelikula bat osatzea eta Donostiako Zinemaldian eskaintzea gustatuko litzaidake; gero Mexikon DocsDF jaialdian ere emango dute, beste batzuk ere baditut buruan; eta ETBn ematea ere nahi nuke noski, euskarazko azpitituluekin.

Azken altxamenduekin, oihartzun izugarria hartu du Al Jazeera kateak. Zein filosofia aurkitu duzu bertan?

Esan dezaket oso harro nagoela beraientzako lan egin izanagatik, berdin altxamenduekin orain egiten ari diren lana ikusita. Askatasun osoa eman didate, behin zein herritan egitea nahi zuten esanda, erabaki guztiak hartzeko. Tentsio momentuak egon dira, korronte ezberdinak daudelako, oso irekia eta ezkertiarra batetik, eta beste bat itxiagoa, eta eztabaida gogorrak izan ditugu, baina zuzendariak nire alde egin zuen. Egin irratian ere korronte itxiagoekin izandako talka eta diskusioak etorri zitzaizkidan burura. Nik Al Jazeeraren Documentary Channel katerako egin dut lan eta harreman handia izan dut Al Jazeera English-ekin. Eta esan diezazuket, Al Jazeera English dela momentu honetan dagoen komunikabiderik interesgarriena, argi eta garbi, dagoen espiritu eta jendeagatik, gehienak BBCtik etorritakoak.

Al Jazeerari sinesgarritasuna kentzen saiatu dira ordea…

Bai, bai, eta bonbardatzen! Eztabaida bat dago grabatua, non Tony Blair-ek esaten dion Bush-i ezetz, ez bonbardatzeko Al Jazeerako Qatar-eko bulegoak. Baina Bagdadeko bulegoak bonbardatu zituzten. Kazetaritza munduan sekulako prestigioa dauka, baina Europak dituen interesetarako oso txarra da eta saiatuko dira bultzatzen BBC arabieraz eta batez ere Al Arabiya, beraien interesei babes emateko. AEBek eta Saudi Arabiak, konturatu zirenean Al Jazeerak zuen eraginaz (bere kate guztiak kontuan hartuta 40 milioi pertsonako audientzia du) eta ezkertiar asko zegoela hor sartuta, beren katea sortu zuten ondoan, Dubain: Al Arabiya, Saudi Arabiako diruarekin, eta nahiz eta kritikoa izan batzuetan, beti azpimarratuta dago Estatu Batuekiko eta Saudi Arabiarekiko menpekotasuna.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Fermin Muguruza
Fermin Muguruzaren bisita batengatik “terrorismoa goratzea” leporatu diote Valentziako institutu bati

Talde kontserbadore batek salatu du institutua, Muguruza hitzaldi bat ematera gonbidatzeagatik. Bellreguardeko Udaleko zinegotzi ohi batek esan du ez zela hitzaldirik egon. Institutuko zuzendaritza taldeak hilaren 26an deklaratu beharko du guardiako... [+]


Negu Gorriak taldea omenduko du Irungo Lakaxitak larunbat honetako Jaion! festan

Irungo Lakaxita gaztetxeak Negu Gorriak taldea omenduko du larunbat honetan ospatuko duen Jaion! festan. Urdanibia plazatik –alegia, Moskutik– abiatuko da festa eta hiria gurutzatuko du “Fight D Power_Kamioi System” kamioi musikalarekin.


Eguneraketa berriak daude