Peak Oil-a jo dugula erakusten duten zantzuak garbiago ageri zaizkigun honetan –arabiar herrialdeetako erreboltak testigu–, beste energi-iturriek gero eta balio handiagoa dute. Horrela uler liteke “berriztagarri” deitu energiak sortzeko azken urteetako booma, edota hondakinak erregai moduan erabiltzeko planak. Paper fabrikek aukera ezin hobea ikusi dute energiaren sektorean. Paperaren krisiari aurre egiteko, kogenerazioren bidez elektrizitatea sortzeko karrerari ekin diote.
Iberpapelek 40 milioi euroko inbertsioa egin du 2008an Hernanin duen paper fabrika handitzeko. 50 MW-ko potentzia sortzen duen gas kogenerazio planta eraiki du enpresak, erregai fosiletatik energia elektrikoa eta energia termikoa aldi berean lortuz. Iberpapel, Ibedrolari elektrizitatea erostetik, hura saltzera igaro da urte batetik bestera eta energia elektrikotik eratorritako negozio zifrak %227ko igoera izan du enpresarentzat. Horrela, 2007an elektrizitatearen salmentatik 3 milioi euro lortu zituen Iberpapelek, 2008an aldiz, 10 milioi euro baino gehiago. 2009an, gas kogenerazio planta urte osoan martxan aritu zen lehen urtean, 35 milioi euro lortu zituzten elektrizitatea salduz, negozio zifraren %20a, eta enpresak galerak ez izatea ahalbidetu zuen horrek, paperaren salmentan beherakada itzela izan zutelako.
Nafarroako Allo herriko Georgia Pacific paper lantegiak ere –Colhogar marka ezaguna merkaturatzen duen enpresa– inbertsio oso handia egin du 15 MW-ko kogenerazio planta eraikitzeko. Bestalde, Durangoko Smurfit Kappa Nervión-ek biomasa tratatzeko zentrala irekiko du, modu horretan elektrizitate sorkuntza %40 igo nahi du Durangoko papelerak, eta horretarako, 20 milioi euroko inbertsioa egin du.
Energiaren Euskal Erakundearen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko industrian kogenerazio bidez instalaturik dagoen elektrizitate potentziaren %31 paper lantegiei zegokien 2008an.