argia.eus
INPRIMATU
Bilbo, Txinarentzako sarrera portu?
Daniel Udalaitz 2011ko martxoaren 13a

Bilbo Europan eta Hego Amerikan sartzeko portu gisa balia dezake Txinak. Hauxe da Europako Batzordeko Kanpo ministro ohi eta NATOko idazkari nagusi ohi Javier Solanaren tesietako bat, El País egunkarian argitaratutako España como puerto de entrada para China (Espainia Txinarentzako sarrera portu) izenburuko artikuluan azaldu zuenez. Solanak Build Your Dreams (BYD) enpresa erraldoi txinatarrak Berge euskal taldearekin sinatutako operazioa nabarmendu zuen; BYD etorkizuneko ibilgailu elektrikoentzako ezinbestekoak diren bateria elektrikoen munduko liderra da eta Berge horien banatzaile izateko akordioa lotu dute. Testuinguru horretan, galdera hau botatzen du Solanak: “Zergatik ez dute BYDren Europako eta Hego Amerikako egoitza Espainian jarriko? Gune operatiboak Madril eta Bilbo izan litezke”.

Orain arte, Txina eta Euskal Herriaren arteko harreman ekonomikoak nagusiki EAErekin izan dira. Egungo harremana oso desorekatua da, hobetzeko asmoa izan arren EAEk 712,2 milioi euro inportatzen eta 259,0 milioi euro esportatzen ditu. Proportzionalki, Dragoi Handiaren eta Espainiako Estatuaren arteko harremana ez da hobea. Txinak urtean 15.000 milioi euro saltzen dizkio Espainiako Estatuari eta erosi, berriz, 2.000 milioi baino ez, 2009ko datu ofizialen arabera.

SPRI taldearen azken datu ofizialek diotenez, 2008an 107 euskal ezarpen zeuden Txinan, benetan 92 enpresarenak izan arren, horietako batzuk egoitza bat baino gehiago baitzuten. Gehienak, %49, ekoizpen plantak ziren, %36 merkaturatze guneak eta gainerako %16 zerbitzu guneak.