argia.eus
INPRIMATU
Silvia Carrizo, Malen Etxearen sortzaileetakoa
“Badira batzuk fede onez datozenak”
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2021eko ekainaren 30a

2001ean Hego Ameriketatik heldutako hainbat emakume biltzen hasi zen Zumaian. 2003an Malen Etxea sortu zuten. Emakume atzerritarren bilgune garrantzitsua da, hausnarketa feministarako eta elkar laguntzeko tokia. Lanera etorri diren emakumeen eskubideak aldarrikatzen dituzte eta lan baldintza ez-onargarriak salatu. Mota askotako ekintzak dituzte, hala nola, lan poltsa, erregularizazio kontuetarako laguntza, emakumeek jabekuntza prozesua garatzeko hitzaldiak eta bertako emakumeekiko harremana lantzeko ekimenak.


Silvia Carrizo kazetariak (1965, Caleta Olivia, Argentina) oso gertutik ezagutu ditu lanera datozen emakume horietako asko. Lana aurkitzen laguntzeaz gain non lo egin ez zutenak etxean hartu ditu. Hemengoak fede onekoak eta ez hain onekoak omen gara: “Badira batzuk fede onez datozenak [bere gozoki dendan gaude], agian gutxiengoa, eta etxeko lanetarako kontratazioak nola egin galdetzen digute. Beste batzuek balizko langileen izenak eskatzen dizkigute, elkarrizketatu eta ez dituzte kontratatzen. Zenbat eskatzen duten jakin nahi dute”.