argia.eus
INPRIMATU
Oroimina

Jon Torner Zabala @jtorner 2011ko martxoaren 02a
Oromia

Vals con Bashir.
Ari Folman / David Polonsky
Salamandra (2009).

Beirut (Libano), 1982ko iraila. Israeldar soldaduek zonaldea inguratzen zuten bitartean, milizia kristauek Sabra eta Chatila errefuxiatu-eremuetan sartu eta milaka palestinar akabatu zituzten. Ari Folman komiki honen egilea zen soldadu horietako bat. Hogei urtez ez zuen gau hartan eta ondorengo egunetan gertatutakoa gogoratzerik lortu. Denbora hori pasata, ordea, amnesia kolektiboari aurre eginez, puzzlea osatzen hasi zen.


Ahanzturatik atera nahi gaituen puzzle horren isla da 2008an estreinatutako Waltz with Bashir animaziozko filma. Ari Folmanek zuzendu zuen, eta David Polonsky ilustratzailea aritu zen zuzendari artistiko moduan. Urtebete geroago argitaratu zuten izen bereko komikia.
Indartsu hasten da, Folmanen adiskide Boaz-en amesgaiztoarekin, eta amaitu bitartean ere tentsio horri eusten dio istorioak. Falangista kristauek –israeldar tropen babes (inkontzientearekin?)– 1982an Libanon egindako sarraskiaren izugarrikeria gordin erakusten digu Folmanek, odolik gabe –azken orrietako argazkietan izan ezik–, baina egoeraren erokeria argi erakutsiz.


Tonu ilunak dira nagusi komikian. Aberatsa da grafikoki, uneren batean animaziozko film baten egokitzapena dela suma daiteken arren: fotograma berean errepikatu egiten diren figurak, trantsizio azkarregiak... Protagonisten aurpegi eta mugimenduek baino, paisaiek erakarri dute nire arreta, suntsitutako hiriek, oihanak, hondartzak... eta liburu amaieran kolpean errealitatera eramaten gaituzten benetako argazkiek.