Kirats ederra botako zuen balearen sainaz betetako lanparak metxa piztua zuenean... Gaur egun Europan gasolina eta gasolio usaina den antzera, garai batean arrain koipearena izango zen nagusi. Argiontzi haien luxua arropan zeramaten arrain usainarekin neurtuko zuten...
Argiontzi edo lanpara haien metxa edo mukia Lychnis generoko landareen zortenarekin egiten zen. Lychnis hitzak grekoz argia esan nahi duela nioen lehengoan eta Lychnôs hitzak lanpara edo argiontzia, nonbait. Kandela-metxak ere egin izan omen dira zorten horiekin. Genero horretako Lychnis jendearen artean geurean bat da ezaguna: Lychnis flos-cuculi, kukuak jotzen dueneko lorea duena, alegia. Isuri atlantikoko sega-belaze hezeetan ugaria da, ikuserraza: belar gainean ageri dira, luxe, lore arrosa politak. Tximeleta eta erle ugarik gustuko dute. Eztarriko korapiloak leuntzen ari da eta egun hauetakoren batean kukuka hastekotan da kukua. Haren armonian loratuko da euskarazko izenik topatu ez diodan Lychnis flos-cuculi. Kukulorea esango nioke nik.
Kukuaren kukukada mugarria da gure paisaia kulturalean. Kukupraka, kukubelar, kukuporro edota kukulore deitzen zaie Digitalis purpurea landare magikoari, Papaver rhoeas lo-belarrari, Digitaria sanguinolis oilar-buztanari, Pulicaria dysenterica-ri eta Aquilegia vulgaris-eri. Adarrak jarri dizkioten arrari ere kukua deitzen diogu euskaraz; adarrak jarri dizkiote ala kukuarena jo diote? Udaberriko odol berritzearekin kukuarena gehiago jotzen ote den galdetu diot lagunari eta erantzuna: ez adarrik jo!
Kukuak egunez jotzen badu ere, gauez besterik ibiltzen ez diren tximeleta batzuek ere Lychnis izena dute. Tximeleta hauen sitsak udaberrian kukulorearen hostoak janez hazten eta metamorfizatzen baitira. Gero udan azarenak jango dituzte. Kukuak jotzean loratzen den kukuloreak mantentzen ditu bizirik gero azari burua egiten utziko ez dioten sitsak. Sitsak jotako burua. Hau buruhaustea! Eta ez da azaren azpiko orria!