argia.eus
INPRIMATU
“Abertzaleok elkar lagundu behar dugu”
Mikel Asurmendi @masurmendi 2021eko ekainaren 30a

“Duela 30 urte jende gazte anitz bildu ginen Herri Taldeak mugimenduan. Abertzaletasunaren berpiztea izan zen nolazpait. Enbata fenomeno politikoaren ondorengo belaunaldia izan ginen. Taldeak herrikal biltzen ziren. Mugimenduak Baigorrin ukan zuen bihotza. Garai inportanteak izan ziren: ikastolen eta laborantzaren aldeko manifestazio gogorrak burutu ziren. Turismoaren aurkako borroka azkartu zen. IK agertu zen. Gero sortu ziren Euskal Batasuna, EMA, Abertzaleen Batasuna, Eusko Alkartasuna, Batasuna...

Garai haiez geroztik onarpen bat erdietsi du abertzaletasunak. Orduan abertzale izatea zaila zen herrietan. “Abertzalea” eta “terrorista” usu parekatuak. Egun aldiz, normaltasun osoz hartzen gaituzte herritarrek. Beste indar politikoek ere onartuak gara. Jendeak badaki zer garen, ez du apriori abertzaletasuna errefusatzen. Hori irabazi dugu. Hori inportantea da, baina inportantea da ere abertzaletasuna gauzatu dadin bozketan. Orain, bozetan jende ‘normalak’ gara abertzaleok. Eta bertze alderdiek abertzaleon ideiak beren gain hartu dituzte. Hori ontsa da, baina datozen urteetan, guhaurek sozializatu behar ditugu geure ideiak: gure herrian euskaraz bizitzeko eta erabakitzeko eskubidea irabazi behar dugu instituzioetan. 

EH Baiko hautagaia naiz Garaziko kantonamenduan. Desberdintasunak dituzten alderdiek osatua da (AB, Batasuna eta EA). Alta, une honetan batasunean aritzeko manera hedatzen ari da Euskal Herrian, elkar lagundu behar dugu. Aurkariek gogor egiten digute, eta guk aurre egin behar diegu, gure ikusmoldeak argiki plazaratuz. Herritarrei beste garai batean sartzen ari garela ohartarazi behar diegu”.