argia.eus
INPRIMATU
Nortasun agiria
Miel Anjel Elustondo 2013ko maiatzaren 07a

Frank Bergon (Ely, Nevada, 1943). Euskaldun jatorriko amerikar idazlea. Stanfordeko eta Harvardeko unibertsitateetan ikasia, Idazketa eta Amerikako Natiboen literatura irakasle izan da New York estatuko Vassar Kolegioan. Hiru eleberri ditu idatziak: Shoshone Mike (1987), The Temptations of St. Ed and Brother S (1993) eta Wild Game (1995), eta denetan ere, aldez edo moldez, euskaldunak zein euskal amerikarrak baliatu ditu. Literatur kritika ere landu du, eta hainbat lan ditu argitaratuak. Beraren lana aintzat hartua da, eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko Monika Madinabeitia irakasleak, esaterako, doktore tesia egina du Frank Bergonen fikzio lanaren inguruan.
    

Euskal Herrian ohi da noizbehinka, bateko eta besteko unibertsitateek gonbidaturik, ikastaro ematen eta hitzaldi esaten. Eta, gurean denero, beti hartuko du Markinara joateko tartea, familiaren sustraietan sakontzera, haietaz gozatzera. Lehengusu txiki zuen beste idazle bat, Bernardo Arrizabalaga, En principio era el roble eta Barroetatarrak lanen egilea. Bergonek nobela berria dakar maiatzean, Jesse's Ghost (Jesseren mamua) eta euskal amerikar pertsonaiak ez dira aparte izango.    Euskal amerikar idazleetan belaunaldi berrikoa, Monique Laxalt, Martin Etchart, Gregory Martin eta datozkeenen harikoa.