Alternatibak eredu produktibistari

  • Mende erdiko zikloa bete du laborantzak Ipar Euskal Herrian. Iragan mendearen erdialdean tresnatze eta eraldatze azkarrak ezagutu zituen. Ekoizteko bitartekoak eta bizi moldeak arrunt aldatu dira harrez gero. Laborari haien seme-alabak erretretara hurbiltzen ari dira. Ekonomiaren globalizazioak  ez du laborari tipia laguntzen. Alta, laboraria ez da burua kuzkur bizi engoitik.

Halabeharrez, pentzera atera behar izan dugu ardiak gobernatzera Ainhize-Monjoloseko Frantxua Irigoien laborariarekin.
Halabeharrez, pentzera atera behar izan dugu ardiak gobernatzera Ainhize-Monjoloseko Frantxua Irigoien laborariarekin.Gaizka Iroz

Laborantzak urte hasieran hartzen du sona Iparraldean, Euskal Herriko Laborantza Ganbara (EHLG) arrakastatsuaren karietara. Seigarren urtea ospatu du urtarrilean, Ainhize-Monjolosen (Nafarroa Beherea) jende andana bilduz. Aldion, haatik, hiru laborariren egunerokoaren arrastoan ibili gara. Itsasuko Mikel Hiribarreni (Argiako Xinaberri kazetaria behiala) bisita eginez abiatu dugu –iazko hondarrean– ibilaldia. Aroztegi etxaldean hartu gaitu. Barrukian ari da gau eta egun, axuriak sortzen hasi baitira. EHLGko zereginaz harago edo honago, laborantzaren egoera ezagutzeko nahikaria agertu diogu: “Zein da gaia, baina?”. Baiki. Laborantza ertz anitzen inguruan garatzen baita: “Egungo eredua duela 50 urte abiatu zen. Bizi ahal izateko gero eta ekoizpen handiagoa egin behar du laborariak. Ardi edo behi esne gehiago, adibidez. Alta, bizkortze horrek ez du luzaz iraunen”. Produktibismoa da gaia.

Laborantza lagundua

Laborantza lagundua da azken 50 urteetan. Laborariak –sistema intentsiboan– kabala kopurua emendatu beharra dauka laguntzak jasotzeko: “Laguntzak kabala kopuruaren arabera ematea arriskutsua da, alta. Laborariak hazi ahal duen baino kabala gehiago biltzen baitu batzuetan. Ekonomia orekatua izan dadin, handitzearen eta irabaziaren arteko oreka erdietsi behar du laborariak”. Gaurdaino erabilitako moldea agortzen ari ote den kezka agertu digu Hiribarrenek.


Sormarkaren ereduaren arau aritzeaz mintzo gara segidan: “Laboraria, gero eta gehiago ekoizte horretan, norgehiagoka batean sartzen da. Hazienden nonbrea handitu egin behar du. Ez badu ardi aski hazten kanpoko ardiak ekarri behar ditu. Suspertze molde horri kasu eman behar zaio. Hemengo eredua garatu nahi badugu, zintzoki jokatu behar dugu. Gure mozkinak eroslearengan pentsatuz landu behar ditugu, hemengo ardi arraza zainduz, hemengo lurreko bazkaz elikatua eta ez kanpotik ekarriz”. Hots, sormarken araberako ekoizpenek bermatu behar dute mozkin-eskaintza, molde horretan laborari bakoitzak bere heina erdietsiz.


Hiribarrenek eta beste hiru baserritarrek (Haranea, Fagaldea eta Etxeberria etxaldekoek) berezko marka sortu dute: Basaburuko Saskia: “Gure eredua bakan atzemanen duzu”. (Idoki sormarka ezagunaren inguruan 150 laborari ari dira, esaterako). Hiribarrenek talde txikiagoa hobesten du. Gazta eta barazkiak ekoizten ditu. Beste hiruen behi haragiak, ardi esneak, arrautzek, oilaskoek eta txerrikiek osatzen dute saskia. Itsasotik Baionara bitarte dituzte salmenta guneak. Euren engaiamenduak bermatzen du mozkinaren kalitatea: “Kontrola zorrotza baita”.


Gure ibilaldian jarraitu aitzin, Atharratzeko Jean Pitrau laborari sindikalistaren kezka gogoratu digu Aroztegiko laborariak: “Pitrauk baserriak hustuko zirela aurreikusi zuen duela 50 urte jada, Iparraldean eta Zuberoan bereziki. Laborariak lur-lanaren estimua galdu zuen, eta gutxieneko irabazbiderik gabe, asko Parisera abian zen langile. Orduko eta oraingo egoera ez da arras aldatu. Laboraiek ez dugu gibelera egin baina laborari anitz ‘erori’ da azken 50 urteetan”. Egun, beste gisa batez, “ez ote da hori problema nagusia?” Frantxua Irigoien eta Mikel Goiti laborariengana egin dugu bide galdera horren erantzunak ezagutu aldera. Bi belaunaldiko laborarien esperientziak ezagutu nahi ditugu.

Frantxua Irigoien. Ainhize-Monjolose

Frantxua Irigoienen etxaldean gaude: Idiondoa. 54 urte ditu. 1980an hartu zuen etxearen segida. Hiru fase esperimentatu ditu orain arte. Molde intentsiboan hasi zen, eskolan ikasi bezala. 1991n, ardi esne krisi garaian, ELBn (Euskal Laborarien Batasunan) aritu zen, sindikalgintzan. Orduan areago aldatu zuen pentsaera: “Balio al du gehiago ekoizteak merkatuak ez badu onartzen edo ordaintzen? Lan kolektiboan hasi nintzen orduan”. 2003an, segidan, laborantza biologikoa lantzen hasi zen. 250 ardi inguru gobernatzen ditu. Biologikoaren bi zentzu azaldu dizkigu, bat hertsia: “Gai kimikorik gabe ari den laborantza. Europako araudiek finkatu dute eredu horren funtsa. Biologikoaren beste adiera –zabalagoa– kabalan, lurren eta biziaren erritmoa errespetatzen duen laborantza da”. Hori teoria da, baina –berak dioenez– eguneroko bizitzan eta lanetan, ez da erraza horietan arrunt sartzea. Ez da aise irabazpenak erdiestea. Zailtasunez mintzo zaigu: “Laborantza sistema ez da egina lan orenen arabera irabazteko. Ekoizpenak merkatzeko sistemak laguntzak ematen dizkio laborariari. Alabaina, laborarien mozkinak prezio apalean dira beti, elikagaiak ez dira aski ordaintzen. Diru laguntzen sistema onartzeak bortxatzen gaitu, guti edo aski, arau horietan sartzera”.
Iparraldeko lau etxaldetatik hiru ardi esnetik bizi dira. 1991n, krisia tarteko, ELBko laborariek lan gaitza egin zuten sektorea bizkortzeko. Orduko borrokak fruituak ekarri ditu egun: “Ardi esnea ongixko ordaindua da hemen, munduko beste inon ez bezala. Horrek hemengo etxalde tipiak bizirik segitzea baimendu du”. Frantziako etxaldeen batez besteko lur eremua 70-80 hektareakoa da. Iparraldean, batez bestekoa, 20-25ekoa. Euskal Herria da gazte laborari gehien ari den lurraldea: “Mirakulu tipi hori Ossau-Irati sormarkarena ere bada –Biarnoko mendi parte bat hartzen du–. Ardi esnean 2.000 laborari ari gara eta 3.000 orotara gutxi gorabehera. Munduko merkatuetan tokiko ardi berezia da Euskal Herrikoa”, Irigoienek. Berezitasun horrek estimu handia ematen dio euskal mozkinari. Garestiago saltzen da, baina erosleak kalitatearen bermea du.

Merkatua eta kontsumitzailea

Ossau-Irati sormarkaren mozkinak egiterakoan, laborariek beraiek borroka berezia eraman dute. Publizitateaz arduratu dira 1991z geroztik: “Marketina egiteko moldeaz arduratu gara, promoziozko bideo-filmak guk nahi genituen bezalakoak izateko. Lantzen dugun laborantza erakusteko eta gure bizimoldea errespetatua izan dadin borrokatu gara”, azaldu du Irigoienek.


Esnea gasnatzeko moldea zaintzen dute biziki. Kontsumitzailearen parte batek badu elikagaiaren kontzientzia. Osasunarentzat eta naturarentzat dituen ondorioaz kezkatua da: “Gizartearen zenbat den ez da aise jakiten. Zernahi gisaz, gehiengo batek elikagaiak telebistaren iragarkien bidez hautatzen ditu, eta beraz, guk ere toki hori hartu behar dugu”, diosku Idiondoko laborariak. Komunikabideetako presentzia beharrezkoa da, bestela laborari tipiek nekez eutsiko diote beren ereduari. Sistema produktibistaren mozkinak guztiz nagusituko lirateke geroan.

Agalaxia eritasuna

Frantxua Irigoienek 2008ko maiatzean izan zuen agalaxia eritasuna artaldean: “100 pinta inguru esne jezten nuen egunero, eta gauetik biharamunera antzutu ziren. Ura bezalakoa ematen dute, ez da gehiago esne. Ardiek artritisa izaten dute ere artikulaziotan, beste batzuk itsutu egiten dira”.


Irigoienek esnea galdu zuen hilabetetan, alabaina kalte handiena geroztik heldu da, egin beharreko analisiak direla-eta. Agalaxia duten ardien gaitza hilabete oro zorrozki neurtzen du Estatuko administrazioak: “Beti amiñi bat dutenez, ez ditut mendira eramaten ahal. Ene lan moldea arrunt aldatu zait. Udaldian etxaldea libratu behar da belarren egiteko eta hori ezin dut egin 2008az geroztik”.


Agalaxiaren kolpea gaiztoa da. Laborariak izugarri sufritzen du. Frantziako osasungintza Europako beste estatuetan baino zentralizatuagoa dago: “Beren jokamoldea jendarmeenaren parekoa da. Haurra bezala tratatzen dute laboraria. Errua sarrarazten dute laborariaren buruan. Gure utzikeria balitz bezala jokatzen dute”. ELBk lan handia egin du arlo horretan: “Agintarien politika da ardi horiek hiltzea. Guk aldiz, agalaxia sendatzen ahal dela frogatu nahi dugu, ez dutela kutsurik uzten, ez dela arriskua beste kabalentzat”.


Laborarien beldurra izan da, ardi horiek hilez gero, kanpoko arrazeei toki ematea. Hartara, bertako ardi arraza ongi zaindua izan dadin borrokatu dute, kanpoko arraza gehiago ez dadin sartu. Nortasuna kolektiboan atxikitzea izan da azkeneko hamar urteotako lana. Kanpoko arraza ekartzen duen laborariak diru laguntzen %20 gutiago jasoko du, esnetegiek, FNSEA eta ELB sindikatuek adosturik.

ELB eta FNSEA

ELBren sorrera (1980an eratua) ordura arteko FNSEAren (Fédération Nationale des Syndicats d'Exploitants Agricoles) nagusitasuna hankaz gora bota zuen: “FNSEA zangopilatua sentitu da eta erreakzio zozoak ukan ditu. ELBk Paueko botereei aitzi egiten ahal zela erakutsi die laborariei, EHLG bideratuz joan ahala. Emantzipazio pauso bat izan da botereen aitzinean. Erakutsi dugu gure ahala, gure burua antolatzeko gauza garela”, dio Irigoienek. EHLG ez da ofiziala oraindik, baina urrats handia eman da. Laborariek ez dute laborantza alternatiboaren ziurtatzea erdietsi, baina Iparraldeko laborantzaren arazoak kolektiboki bere gain hartuko dituen erakunde ofiziala sortu dela ziur da Idiondokoa: “ELBren garapena naturala izan da. Laborariengana zuzendu gara, baina ez direnek ere laborantzaren berri ukan dezaten lan egin dugu. Zenbait aldiz laborariok baztertua sentitzen dugu burua, geroa iluntzen zaigu, beste gizarte kategoriak ez dira gu bezala bizi, sentitzen duzu ez dituztela gure problemak...”.


Egoera horretan edozein pertsona lerratzen da bortizkeriara, baztertua sentitzen baita, ez baita entzuna: “ELBkoak ez gara zepoan eroriko, alta. ELB ez da izan behin ere bortitza”. Irigoienen iritziz FNSEA eta ELBren arteko harremanetan dena ez da aiherrik, Ossau-Irati sormarkaren inguruan akordioa erdietsi baitute: “ELBko ardi saileko arduraduna naiz, eta nik akordio horren baitan lan egin dut. Afera da zertan sinesten dugun: antolamendu kolektiboan ala indibidualtasunean”. ELBko militanteek laborarien antolatze lanetan sinesten dute eta FNSEAkoek boterearen kudeaketan, boterearekiko indar harremanetan: “Baina horrek ez du erran nahi haiek ez direla Euskal Herriko laborantzaz arranguratzen. Hemengo laborantzaren alde lan egiteko nahikaria badute, baina indibidualki”.

Garaien aldaketa

“Gure denboran gazteen lehen harremanak Herriko Besta elkartearen bidez abiatzen ziren. Gure belaunaldia lehenagoko pentsamoldeetan zerraturik ibiltzetik askatu zen. Haustura bat izan zen. Bereziki abertzaleak atera ginen kuxkur horretatik. XX. mendeko hiritartasunean eta normaltasunean sartzen hasi ginen. Laborari gazte baten beldurra zen: donado edo soltero geratuko ote naiz? Emazterik atzemanen duta?”, kontatu du Irigoienek. Egun, laborari gazte bat hiriko beste edozein bezalakoa da. Horren isla, neskak ere laborantzan plantatu izana. Lehen baino askoz gehiago dira, 10etik 3 dira neskak Iparraldean.


Egungo laborari gazteen geroaz mintzo da: “Gehiengoa ez da lehen bezalakoa, gehienak frantsesez mintzo dira. Aldiz, guk beti euskaraz funtzionatu dugu. Mentalki diferentzia nabaria dago. Guk zerbaiten esperantza genuen. Alimaleko lanak eta proiektuak abiatu genituen [Seaska, Euskal Irratiak, ELB eta EHLG, lekuko], oraingoek ez dituzte guk ukan genituen ametsak”. Amets batzuk errealitate bihurtu dituzte halere, eta ez gutxi.

Mikel Goiti. Heleta

Irigoienek gurasoen etxaldearen segidan hartu zuen garaian jaio zen Mikel Goiti. Laborari semea, hau ere. Xabi anaiak hartu zuen etxeko segida. Baina berak ere etxeko lurrak erabiltzen ditu: 20 hektarea inguru, Heletako Zuharritze auzoan. Kurutzaldia etxaldean plantatu dira Kamila emaztea eta biak, ziburutarra eta kaletarra. Bi alaba dituzte: Uda eta Kima. Ikastolan ari dira biak. Hirugarren umea goaitatzen dute. Mikel Goitik, etxeko premua izan gabe, etxaldeko hainbat lur zati hustiatzeko zantza ukan du. Aitzinetik bertze anitz lan egin du: ELBn, BLEn (Biharko Lurraren Elkartean), gasnategietan, haurren zaintzan: “Badakit zer den lantegi batean 40 orenez aritzea. Ez dut maite orenen arau bizitzea, ez denbora zatikatuaren menpe”.


Egungo sistemaren aisialdiak aipatu ditugu: “Biak etxean aritzea abantaila da. Ber erritmoan ari gara eta ez dugu bakantza ez izatearen frustraziorik sentitzen. Ez dugu xerkatzen denbora librea, baizik eta lanean gozatzea. Goizean, ardiak jeitzi ondoren kafea partekatzea plazera da, baita arratsean haurrekilan ardietara joatea ere. Lan egin ahala denbora zuk antolatzea plazera da”.


Heletan 60 bat laborari ari dira. Zuharritzen hamar etxalde zeuden eta biga desagertu dira berriki: “Hiru urte dira plantatu ginela. Belarrak, soroak eta zuhainak etxean egiten ditugu. Hirugarren zatia erosten dugu, hamar tona zaldarea urtean”. 250 ardi gobernatzen ditu. Esnea gasnatzen du eta haragietarako bildotsak ekoitzi. Laborantza biologikoa lantzen du: “Gure nahian ari gara. Ni ez ninteke ongailu kimikoa edo pozoina emateko kapablea. Konparazione, artoa erosterakoan jakin nahi dut nola ekoiztua izan den. Naturarentzako eta ingurumenarentzako hobea da, eta kontsumitzailearentzat ere bai”. Goitik dioenez, ez da erraza hori lortzea. Laborantza biologikoa ez da arras sartua laborarien artean.

Etxaldeko lurrak bananduak dira, ardiak pentze ugaritan ari dira, han-hemenka, auzokoen artean nahasiak: “Beste laborariek pozoiak erabiltzen badituzte...”. Bere ardiek ere agalaxia ukan dute: “Plantatu ginen urtean ukan genuen. Orduan bortura igortzen genituen ardiak, Pirinio goietara. Geroztik ez ditugu eraman eta esne gutixko ematen dute. 1.700 ardi inguru bazkatzen dira Zuharritzen. Berbidetik pasatzen gara denok, eta kasu eman behar zaio eritasunari, ez pasatzea bide beretik, ardiak ez nahastea”. Ia laborari guztien ardiek badute agalaxia, horrek istilu gutxiago sortzen duela dio. Agalaxia eritasuna sendatzea zaila ikusten du Heletakoak.


Kurutzaldia zaharra berritu ahala ari dira lanean. Kamilak eta biek egiten dute gasna. Axuriak sortzen ari da orain eta bildotsak salduko dituzte laster. Kontsumitzaileari zuzen, otsailean gehienak. Esnearen kopuruak udaberriko belarrarekin goiti egiten du. Gasna ere kontsumitzaileari zuzen saltzen diote. 3 tonatik 2,5 etxetik saltzen dute. Beste tona erdia AMAP (Association pour le Maintien d'une Agriculture Paysanne) elkartearen bidez: “Ez dugu sormarken bidean urratsik eman. Orain arte ez dugu xerkatu, gu biologikoan ari gara arras, eta plazer hori atxiki nahi dugu. Sormarkak gure lana baloratu baino, ahuldu egiten du. Cahiers de chargearen [mozkinen ezaugarriak] heina erraz atzematen dut gure lan moldean”.


Goitiren aita ELB sortu zuten laborarietakoa da. Bere gurasoen belaunaldiak anitz lan egin du. Sekulako lana eraman dute. Gaur egungo laborari gazteak plantatzen badira beraiei esker izan da. Laborariak ELB egin du eta ELBk berak laboraria lagundu du, elkar atxikitzea izan da bere ustez: “Oraingo maila soziala atxikitzen lagundu du, baina egun, ene gustuko, laborantza biologikora biltzen lagundu behar du laboraria. Hori da biharko bidea. Egungo eredua ez da gehiago atxikitzen ahal. Zaldareak eta soia ekartzen baitira beste erresumetatik. Laborariei ohartarazi behar zaie beste bidetan joan behar dela”.

Laborantza herrikoia edo paysan

Duela 50 urte abiatu zen eredu produktibista ekarri dugu gogora Goitirekin ere. Bizi ahal izateko gero eta ekoizpen gehiago egiten bortxatua dela laboraria: “Oraindik horrela da. Nola atera hortik?. Laborantza herrikoa edo paysan aipatzen da, baina...”.


Kurutzaldikoak ez ditu ikusten bere inguruko laborariak eredu paysan [bere inguruko naturaren baliabidez landua] edo herrikoiari lotua: “Duela 50 urte, duela 30 urte ere, egungo ardiek –Iparraldean– 120.000 esne pinta eginen zutela pentsaezina zen. Hori alabaina ez da 20 hektarearen arau ekoizten ahal. Esne hori ekoizteko 200 hektareako bazka erabili behar da. Erran nahi baita zaldare eta bazka tonak erosten direla”. Bere galdera da: “Ekoizpena handitzea beharrezkoa al da?”. Ez du zuzen atzematen. Baratzegintzan, konparazione, gero eta janari gehiago ekoizten da lur eremu berean, tonaka barazki egiten da. “Ene filosofia ez da hori. Ene gustua, ahalik eta jende gehiago etxaldean bizi eta lan egitea da, etxeko mozkinak etxeko bazkarekin ekoiztea”. EHLG lorpen handia dela uste du, baina laborantza eredu produktibista aldatu beharra ikusten du: “Erraten da laborantza herrikoia atxiki behar dela, baina funtsean laborari gehienek pozoia erabiltzen dute. Eta nork laguntzen du auzoa edo gazte bat instalatzen? Ez da aski lurra ematea. Indibidualismoa nagusitu da, ez da lehen bezala lan egiten”. Bere ustez, gazte bat plantatu daiteke, baina sistema nagusiaren arau ari bada, aise “eror” daiteke: “Gu kontent gara, gu bezalako laborari gazteak plantatzen direla ikusirik”.


Heletan 60 etxalde daude. Hemendik 30 urtera 30 etxalde gera daitezke. Ez da horien segida hartzeko gazte aski ikusten. Etxalde horien lurrak noren esku geratuko dira? Hor dago galdera. Laborari gutxi batzuek lur gehiago hartuz gero, egungo sistema produkbistaren arau aiseago ariko dira, naski. Baina bide eta molde horretatik, laborantza biologikoak, herrikoak... alternatiboak, finean, nekezago garatuko dira.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude