Joan den astean, Espainiako Kongresuan, EAJk eta CIUk aurkeztutako zuzenketa onartu zuten. Zuzenketaren arabera, zentral nuklearrek 40 urteko bizitza izan beharrean, gehiagokoa izan ahalko dute. PSOE eta PPk onartu egin zuten. EAJk aurpegi biko jokatu du eta ziurtatu du Euskal Herritik gertu dagoen Garoña esandako epean ixtea. EAJk badaki Garoña kongresuan hartutako erabakitik kanpo dagoela. Akordioak ez dio ezer Garoñaren etorkizunaz. Horrela, CIUk esan zion EAJri akordioak ez zuela Garoña kanpoan uzten eta horrela izanda zentral nuklear horrek segi zezakeela lanean, Espainiako Gobernuak hala nahi izanez gero.
EAJren jarrera zinikoa da. Garoña ixtearen alde egin du etxetik gertu dagoelako eta hauteskunde usainean ez zaielako komeni jarrera aldatzea. Aldiz, ez dio axola beste zentral batzuk 50 edo 60 urtez lanean aritzea. Dena dela, alderdia koherentea da bere apustu nuklearrarekiko. 60ko hamarkadako nuklearizazio hura guztia babestu zuen EAJk. Adierazlerik garbiena Lemoizko munstroa izan zen, zeren hura abian jarriko ez bazen kobazuloetara itzuli, azak landatzen aritu eta kandelek argiztatuta bizi beharko genukeen. Horrela arrazoitu zuten apustu nuklearra Arzalluz eta Garaikoetxeak. Lemoizek ez du inoiz funtzionatu eta begira nola bizi garen eta nola egiten dugun lan. Urkulluren EAJk lobby nuklearraren interesen alde lan egiten segitzen du, Iberdrola eta Banka buru direla. Ez da kasualitatea Sabino Arana Fundazioak Iberdrolari egindako omenaldi eta onarpen publikoa. Juan Mari Atutxa, EAJren fundazio horren lehendakari izateaz gain, alderdi horretako kide aditua da, eta Iberdrolako administrazio kontseiluko kidea. Koherentziak, hainbatetan, beregan dauka konpromisoa eta mendekotasuna.