Boxeoa eta wrestlinga

Gauza ezaguna da mugimendu atzerakoi eta erreakzionario guziak trebeak direla teknologia berriak erabiltzen eta gizarteko joerei igartzen. Horretan, moderno-modernoak dira. Horregatik izanen da, segur aski, Nafarroan zenbait aspaldi ohartu direla wrestlingaren arrakastaz telebistan. Badakizuela ziur nagoen arren, badaezpada ere gogoraraziko dizuet wrestlingean sekulako borrokak antzezten dituztela kirolariek. Batek bertzeari sabelaren gainera salto egiten ez dionean, ukondoa sartzen dio giltzurrunetan, edo, arerioa besoetan hartuta, espantu izugarriak eginez botatzen du hura lurrera. Dena gezurra. Denak aldez aurretik adosturiko gidoi bati jarraitzen dio.


Yolanda Barcina faxista hutsa dela da Maite Esporrin PSNko Iruñeko zinegotziaren ahotik adituko duzuen komentariorik atseginena gure alkateaz ari delarik. Eta Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiari kasu eginez gero, UPNren gobernua izurrite biblikoak baino kaltegarriagoa izan da Nafarroan. Bertze aldetik, Alvaro Miranda UPNko ekonomia kontseilariaren hitzak sinestera, PSNk anarkia ekarri nahi du lurralde honetara, eta gure gizarteari eusten dioten zutabeak erabat suntsitu. Wrestlinga egiten ari dira. Gure gizarte aurreratu moderno honetan odolak nazka ematen digu, baina ikaragarri gustatzen zaizkigu ederki entseaturiko kolpe dialektikoen dantza horiek. Wrestlingean bezala, politikan ere ba omen da ostikoak eta zaplaztekoak benetakoak direla sinesten duenik.


Nostalgikoek, halere, ez dute bazka falta. NaBairen barnean, dirudienez, egiazkoak baitira labankadak. Nire ustez, boxeoa gainbeheran dago, eta zenbaitek hasi beharko lukete lehenbailehen beren kirol gustuak eguneratzen. Erreka jo nahi ez badute, bederen. Azken hauteskundeetan, NaBairen alde bozkatu nuen; heldu den urtekoetan, botoa aldatu gabe, UPN-PSNren kontra joanen da nire bozka. Hondar aldia izanen da; gauzek horrela segituz gero, etxean geldituko naiz hurrengoetan.


Beharbada zahartzearen kontua da, baina hilabeteak dira utzi diodala Nafarroako telebista txikietako tertulia politikoak ikusteari. Alde batetik, mendizalea han delarik, ez dago jakiterik noren izenean ari den solasean; eta bertze ilehori altu hura joaten denean, maiz ez diot ongi ulertzen. Eta, PSNri eta UPNri dagokienez, beren jabearen ahotsa bertzerik ez dira. Eta haien jabea Madrilen dago. Azken hauteskundeez geroztik, Espainiako PSOEk argi atera zituen kontuak: Nafarroa UPNrena dela onartu egin zuten. Bertan, bi jarleku bertzerik ez dute; bertatik, bi diputatu baino gehiago ez dute Madrilera erabili behar. Eta, beraz, bi jarleku baizik ezin dituzte galdu. Abertzaleekin gobernatuz gero, ordea, auskalo zenbat jarleku gal litzaketen Espainia osoan. Hau da, PSOEk Espainian dituen hauteskunde-interesek agintzen dute wrestlinga dela bultzatu beharreko kirola.


Nire iritziz, bi ezaugarrik markatzen dute Espainian trantsizioan sortu zen demokrazia. Alde batetik, iraganarekiko beldurra dugu, frankismoa ahantzi beharra. Eta, bertzetik, espainolak ez diren nazioekiko mesfidantza. Eta, ñabardurak ñabardura, bi puntu horietan bat egiten dute bi alderdi nagusiek. Horri aurre egiteko zein den estrategia egokiena Euskal Herrian? Bada, auskalo; baina iduri du indarrak metatu beharko genituzkeela, eta ahalik eta jende gehiena erakarri independentismo aldera.


Estrategiak berriz pentsatu behar dira. Edonola ere, argi dago oreka gure alde aldarazten ahal lukeen gehiengoa lortzeko modurik hoberena ez dela ondokoaren masailezurra hautsi nahian ibiltzea. Are gehiago, gure arerioak ezin dotorezia handiagoaz antzezten ari direnean kolpeak.


ASTEKARIA
2011ko otsailaren 27a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude