argia.eus
INPRIMATU
Arazo bat sortu zaio epaitegiari
Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2011ko otsailaren 27a

Iñigo Iruinek, Euskalduna Jauregian, garbi utzi zuen Sorturen estatutuak egiterakoan oso kontuan eduki dituztela Abertzale Sozialisten Batasuna (ASB) alderdia ilegalizatzeko sententzian Auzitegi Gorenak esandakoak. Gorenaren auto horretatik interpreta liteke ezker abertzalearen alderdi berriak, aurrekoen “jarraipena” ez dela ziurtatzeko contraindictio gisa, ETAren biolentzia errefusatu behar duela. Sorturen estatutuek ez dute duda-mudarako tarterik uzten zentzu horretan. Are gehiago, alderdi berriaren “haustura” egituran (afilizioak, isunak...) eta eszenifikazioan (irudia, izena...) ere plazaratu dute.


Fiskalak baina, Sorturen inskripzioa eragozteko eskatuko dio Auzitegi Gorenari, Sortu Batasunaren jarraipena dela esanez. Fiskalak esku artean dituen polizia txostenek diote, Sorturen atzean, ilegalizatutako alderdi eta taldeetako kide ezagunak daudela. Hain zuzen ere. 2009an Iruñean agerraldi jendetsua egin zutenetik, behin eta berriz azpimarratu dute Alderdien Legea betetzeko asmoa, ados egon ez arren. Baina datu horrek ez luke ondorio juridikorik izan behar, Gorenak ASBren kontrako autoan hauxe ere baitio: “Ezerk ezin die eragotzi Ezker Abertzaleko kideei beraien borondate kolektiboa azaltzeko instrumentu politiko berria sortzea”. Justiziak ez ditu pertsonak epaitzen, hauen ekintzak baizik.


Agidanez, poliziek ez dute frogarik, analisi hutsak baizik –hori salatu du Demokraziarako Epaileak (JpD) elkarteak–. Ikusteko dago Auzitegi Gorenak botoi gorria sakatuko duenentz. Iniciativa Inter­na­cio­na­lis­tarekin sakatu zuen, eta Konstituzio Auzitegiak zaplazteko ederra eman zion. Arriskatuko al da berriz ere beste zaplazteko bat jasotzera?

 

Urko Apaolaza