Web domeinu bakoitzaren atzean Interneteko Protokoloa (IP) izeneko zenbaki bat dago. Zenbaki horren egitura honakoa da: abc.def.ghi.jkl, hau da, puntuz bereizitako hiru zifretako lau zenbaki, guztira 4.000 milioi. Gero eta gehiago dira bere domeinuaren atzean arestian aipatu zenbaki finko horietako bat egotea eskatzen duten zerbitzuak; adibidez, denda birtuala edota estraneta nahi dutenek zerbitzari seguru deitzen dena antolatu behar dute eta horrek IP finkoa izatera behartzen du.
Otsailaren hasieran, Interneteko kodeak eta zenbakiak banatzen dituen erakunde ofizialak, ICANNek, egungo egitura duen azken IP sorta banatu berri zuela iragarri zuen. Uda partean beste zenbaki batzuk beharko dira Internetek sortzen dituen beharrei aurre egiteko. Zenbaki berriak, IPv6 izendatuko direnak, orain arteko IPv4 baino egitura luzeagokoak dira eta guztira 340 sestiloi zenbaki daudenez, lasai egon gaitezke, etorkizuna ziurtatuta baitago.