"Arazo politikoa da haurra hizkuntza batean edo bestean eskolatzea"

  • Ez da Gasteizen izan zaharra, EHUren Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak sailean, Hezkuntza eta Hizkuntza Politika mintegia zuzentzen. Norberaren hizkuntzan eskolatzearen inguruan hasi da hizketan, eta zubia egin du egun bizi dugun egoeraraino. Besteak beste, gure eguneroko neke eta penak arintzeko aldarria egin du.

Ignasi Vila
Ignasi VilaZaldi Ero

Ignasi Vila Mendiburu (Donostia, 1950), psikologoa da “eta Vigotskyarra”, hots, hizkuntzek egiten gaituztela dio, errusiarrak dioen moduan: “Izaki linguistiko bezala baino ez gara bizi, eta izaki linguistiko baldin bagara, hizkuntzatik eginak baldin bagara, agerikoa da hizkuntza –erran nahi baita, hizkuntzak–, identitate iturri oso inportantea dela”. Abiapuntu horixe gogoan abiatu da hizketan…

Hezkuntza eta Hizkuntza politika, zuzendu duzun mintegiaren izena. Historiara jo duzu lehenengo…

Gogoeta, beti bat eta bera izan delako. Alegia, zergatik ez den jendea bere hizkuntzan eskolatuko. Horixe gakoa. Konparazio baterako, har dezagun Comenius, har dezagun Vives, Errenazimendu garaian, hezkuntza latinaren bidez egiten zen sasoia. Comeniusek esango du ez dagoela ergelkeria handiagorik, inori atzerriko hizkuntzan irakastea baino. Pentsamendu horrek gaurdaino iraun du, nahiz eta gaur egun eztabaidagarri izan. Erran nahi baita, sen onari lotutako pentsamendua dela. Har dezagun beste autore bat, esan nahi dudana ongi uler dezagun. Historian zehar garrantzi handieneko egilea izango da, seguru, hau da, Unesco. Ez naiz erakundeaz ari, Unescoren batzordeak 1951n Parisen eratutako mintegiaz baizik, gai horretaz jarduteko.

Artean, Bigarren Mundu Gerra amaitu berritan…

Garaia ere halakoxea zen, bai: mundua deskolonizatzen hasia, herrialde berriak azaltzen han-hemen, estatu sortu berriak… eta denak ere, hezkuntzari dagokionean –eta, bistan denez, hizkuntzari dagokionean–, erabakiak hartu beharrean daudenak. Mintegiaren ondorioa, berriz, zalantzarik gabekoa da: haurrari gerta lekiokeen gauzarik ederrena da berak dakien hizkuntzan eskolatua izatea. Beraz, nor bere hizkuntzan eskolatzea hatsarre pedagogiko bihurtuko da harrezkero. Hatsarre hori laster bereganatuko dute 60ko hamarkadan nazio-estatuek azpiratuak dituzten gutxiengoek. Estatuek, izan ere, beren hizkuntza derrigortzen dute, ez edozein hizkuntza, hizkuntza ofizial halako bat baizik; balizko identitate nazional komun, bakar eta homogeneo bat ematen duen hizkuntza, hain zuzen. Eta, garai horretan gertatuko da eskola katalanaren sorrera, ikastolena, edo, gerora, gisako beste eskola batzuena Galesen, Bretainian, Okzitanian edo bestetan, non, hezkuntzan, bertako hizkuntzen presentzia errebindikatzen den, Unescoren hatsarre pedagogiko hura aintzat harturik.

Hatsarre pedagogiko horren bestelako irakurketa egin duzu zuk Gasteizko mintegian…

Bai, Unescoren mintegian parte hartu zutenek, batzorde hark idatzi zituen txostenak arretaz irakurri, eta berealdiko garrantzia duen alderdi bat ageri delako. Norberaren hizkuntzan –“ama hizkuntza” terminoa darabilte–, hezi behar dela esanagatik ere, ikusten da munduan, edo erran delako lurralde batean, hizkuntza asko direla elkarren ondoan, hizkuntza ezberdinetako hiztunak. Eta ehun hizkuntza –edo, eman dezagun, berrehun eta berrogeita hamar, Indiaren kasuan–, erabiltzen dituzten hiztunentzako hezkuntza sistema eratzea, zoramena da. Unescoren batzordeak esan zuen garrantzizkoa zela hizkuntza nazional bat izatea, estatuaren integritatearen berme, haren gainean eraiki behar zutela etorkizuna estatuek eta, hortaz, erran delako ama hizkuntzaren bidezko irakaskuntza eskolako lehenengo urteetara murriztu behar dela, horren ondotik haurrek hizkuntza nazional horretarako trantsizioa xamur egin dezaten. Hizkuntza nazional hori, haien irudiko, estatu bat beraren mende bizi diren pertsona guztien hizkuntza izango da.

Eta, orduan, ama hizkuntzan irakasteko dioen hatsarre pedagogikoa?

Historikoki –eta jende askok teman eta setan horrela defendatu baldin badu ere, gutxiengo linguistikoek, oroz gain–, ama hizkuntzan irakasteko dioen hatsarre pedagogikoa –“Unescok ezarritakoa!”, esango zuten, horrek zer edo zer esan nahi zuelakoan–, bada, txostena zorrotz irakurri eta jabetzen gara Unescok ez duela horrelakorik esaten: trantsizioaz ari da, ama hizkuntzatik bestera aldatzeko urratsa eman beharraz. Hizkuntza nazionala du helburu. Gaur egun, haurrari zein hizkuntzatan erakutsi behar zaion delako galdera hartu eta, teorian, eztabaida pedagogiko, psikologiko, linguistikoak eta bestelako guztiak gorabehera, adituak bat gatoz: ez da ama hizkuntza kontua. Are gehiago, ez dago haurra bigarren hizkuntza batean eskolatu ezinik, jakina baita horrek ez diola batere galerarik ekarriko: haurra hizkuntza batean edo bestean eskolatu, arazoa politikoa da, batik bat. Beraz, hizkuntza kontu hori politikaren arloan kokatu behar da, eta han jardun. Hobe da hori, eta ez pedagogiara, psikologiara eta linguistikara jo etengabe.

Eta zientzia horiek…

Zaude. Ez dago ukatzerik psikopedagogiak, esaterako, hizkuntzen hezkuntza trataeraren inguruko ohar jakingarririk egiten lagunduko ez digunik. Akabo, bada! Izan ere, eztabaidatu beharreko lehenengo gauza izango da hizkuntza jakin batean eskolaratzeaz ari garenean, eskolaumea hizkuntza hartako partaide sentitzen den ala ez jakitea. Jakitea komeniko da, bederen. Hizkuntzak hiztun komunitateen parte dira. Hizkuntzarik ez dago abstraktuan. Tresna dira, erreminta, komunitate barruko pertsonen arteko harremana kohesionatzen dute. Beraz, ez da berdin gaztelania hiztunen komunitatea, edo euskara hiztunena. Besteak beste, gaztelania hiztunen komunitateak 300 milioi pertsona dituelako, bariante mordoa, kultur eta instituzio egiturak ehunka, erakundeen laguntzak era guztietakoak, eta abar. Euskararen komunitateak, aldiz, lurralde mugatua du, hiztun kopuru mugatua –eta gainera, beste hizkuntza batzuekin elkarbizi dira–, erakundeen laguntzak baditu, bai, baina egoera, berdintasunezkoa ordez, ezberdintasunezkoa da, argi eta garbi. Halarik ere, gaztelania, euskara –eta frantsesa eta gainerakoak–, ez dira haiek hitz egiten dituzten hizkuntza komunitateen identitate zeinu baizik. Bestela esanda, euskara bezain identitarioa da gaztelania.

Gaztelaniaz mintzo denak ez du horrelakorik sentitzen…

Bada, gaztelania hizkuntza unibertsala izanagatik ere, 300 milioi hiztunek erabiliagatik ere, euskara bezain identitarioa da, hein berean dira identitario. Horrek esan nahi du, gaztelaniaz mintzo den Guadalajarako (Mexiko) hiztunak, edota Fuentealbillakoak (Albacete, Espainia), ez duela batere ziurgabetasunik etorkizunari dagokionean. Hark badaki bere bilobek askatasunez hautatzeko aukera izango dutela, eta mexikar, espainiar edo dena delakoak izango direla, lasai-lasai. Euskaldun komunitatearen arazoa da, aldiz, ez dakiela, ziur, bere bilobek gisako aukerarik izango duten. Alegia, ez dut esan nahi biloba horiek nahitaez euskaldun izan behar dutenik, askatasunez hautatzeko aukera eduki baino. Eta euskaldun izateko, nahiz ez izateko, askatasunez hautatzeko aukera edukitzekotan, nahitaezko da euskarak bizirautea. Eta, beraz, horretaz ari gara hezkuntza eta hizkuntza politika hezkuntzan aztertzen ditugunean. Alegia, zenbateraino baliatu behar dugu hezkuntzan hizkuntza politika bat, halako hizkuntza baten bizirautea bermatuko duena. Erran delako hizkuntza horretako komunitatearen eskubideak defendatzen ari da-eta, bizirauteko, askatasunez aukeratu duen kultur pertenentzia, bilobek ere izan dezaten ari da lanean. Kontua ez da euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza izatea –edo katalana Herrialde Katalanetakoa–, ez. Kontua da euskara berezko hizkuntzatzat hartzen dutenek –eta, orobat, katalana berezko hizkuntzatzat hartzen dutenek–, gaztelania berezko hizkuntzatzat hartzen dutenen hizkuntza eskubide berberak dituztela. Horixe da gakoa. Jakina, euskarak inon bizirautekotan Euskal Herrian biziraungo du. Eta, gisa berean, katalanak Herrialde Katalanetan. Ez honantzago, ez harantzago… Hizkuntza gutxituei buruzko hizkuntza politikaz ari garenean, ez gara esaten ari, besterik gabe, zenbait jendek euskara duela berezko hizkuntza. Hori ez ezik, botere banaketa berria aldarrikatzen ari gara, hezkuntzatik. Hizkuntzei dagokienean, erran delako hizkuntza horren hiztunek kultur ziurtasuna izan behar dute, hots, beren oinordeek askatasunez hautatzeko testuingurua izango dutela, benetan. Berezko hizkuntza gaztelania duen pertsonak bezala, hein berean.

Posible da zuk aipatu duzun botere banaketa berri hori?

Jakina posible dena! Katalunian erabaki genuenean bezala! Eredu bat hobetsi genuen, hizkuntza bat bakarra, behikularra, katalana. Horixe da katalana berezko hizkuntzatzat duen jendeak beraien hizkuntzak biziraungo duen esperantza izateko modu bakarra, alegia, bertako guztiek jakingo dutela katalanez; besterik da erabiliko duten ala ez. Jende asko dago katalanez badakiena, baina –arrazoia zeinahi dela ere–, hura ez baina gaztelania erabiltzen duena, dela familian, dela lagunartean. Edonola ere, Katalunian bizi baldin bagara, katalanez jakite horrek esan nahi du ni inori katalanez mintzatzen natzaionean, nire solaskideak ulertu egin beharko didala eta dagokion moduan erantzun.

Zer gertatzen da haurrak eskolan bigarren hizkuntza bat ikasi behar duelarik, eskola aroa bukatu eta hizkuntza hartan hitz egiteko gai ez denean?

Hori ez da egia, gezurra baizik, gezurra zuzen-zuzenean. Eta, horretarako frogak ditut. Zorionez, hor dira erakundeek egiten dituzten ebaluazioak. Aski berria da gurean ebaluazioaren kultura, baina sartua da, behintzat. 90eko hamarkadatik hona erakundeek ebaluatu egiten dute. Eta izan europar erakundeek, izan estatuarenak, izan erkidegoenak… zuk diozun hori gezurra dela frogatzen dute. Adibidez, frogek diote katalan sistemak Madrilekoak –edo Andaluziakoak–, sustatzen duen gaztelaniaren ezagutza bera sustatzen duela. Are gehiago, gaztelaniaren ezagutzaren parekoa sustatzen duela katalanarena. EAEn, berdin. Edota, azak ontzeko, zuen erkidegoko ikasleen gaztelania ezagutza, hein batean, estatuko herrialde elebakar batzuetakoa baino handiagoa dela. Euskararen ezagutzak, berriz, gaztelaniarenaren parekoa da. Gaur egun, EAEn –eta Euskal Herrian–, esanak esan, D ereduan eskolatutako haurrak badaki euskaraz eskola aroa bukatzen duenean.

Badaki?

Esan dizut, badaki. Beste kontu bat da, eskolatik irteten denean guk nahiko genukeen katalan edo euskara ezagutza maila ote duen. Besterik da hori. Izan ere, hizkuntzak hamaika erregistro ditu, hizkuntza ez da bat eta bakarra. Aldatu egiten da egoeraren, lekuaren, solaskidearen arabera… Ni neu, oraintxe, era jakin batean ari natzaizu hizketan hemen. Zuri ari naiz, bai, baina irakurleak ditut gogoan, ni ikusiko ez nauten solaskide horiek, irakurriko nautenak. Horrek, era jakin batera hitz egitera behartzen nau, esaten ari naizenari tankera eman diezaioten. Eztabaidan ariko bagina, ea Realak –Real zalea bainaiz–, bigarren itzulia lehenengoaren tamainakoa egingo duen, eta pixka bat saiatuz gero UEFAra sailkatzeko moduan izango ote diren… bada, beste erregistro bat erabiliko nuke, zeharo diferentea. Zer dugu hemen? Eskolak erregistro halako bat darabilela, ikaskuntza-irakaskuntza ekintzetako hizkuntza erregistroa. Eskolan ez da erakusten neskatan edo mutiletan euskaraz egiten, ez da erakusten txikiteoa euskaraz egiten, ez da erakusten euskaraz jolasten eta jokatzen… Eskolan, lan akademikoari lotutako hizkuntza irakasten da, hau da, erregistro jakin bat. Eta horixe da D ereduan eskolatu eta gero dakiten euskara, ez beste bat. Jakina da D ereduko haur euskaldunak eskolakoa ez ezik beste zenbait erregistro ere badituela, familiakoa eta beste, baina haur erdaldunak, D ereduan ari izanagatik ere, ez dituela. Haatik, eskolan jaso duen erregistro hori hain da indartsua, non 11 urteko neskatxak –edo 15 urteko mutil gazteak–, aski izango baitu udan hiru hilabete Goierriko herri halako batean igarotzea, edo Leitzan –gizarte harremanetarako hizkuntza euskara delako herri horietan–, bertako gazte eta adoleszenteekin nahastea, eskolan jaso duen erregistro horri beste hainbat erregistro eransteko… Honenbestez, eskolaren lana nahitaezkoa da, oinarrizkoa: euskararekin ez etxean ez lagunartean harremanik ez duten haurrei hizkuntza horren ezagutza bermatzen die. Eta ezagutza horretan oinarriturik, bestelako erregistroekin topo egiten dutenean, ez du zailtasunik izango, batere.

Gurasoen larritasun identitarioa

Haurrek euskaraz ikasten dute, baina gaztelaniaz komunikatzen dira, ez direlako hizkuntzaren aldeko militanteak. Hizkuntzaren bidez bizi dira, eroso bizi ere, haientzat gizarte harremana delako pertinentea, huraxe garapen iturria. Horrek ez du erakusten gizarte mailan euskarak bizi duen egoera eskasa besterik. Hor dago koska, horrek kezkatzen nau ni. Hortik eratortzen den galdera ez da asmatzen zaila: zein hizkuntza politika gauzatu behar dira euskararen gizarte egoera eskasa –eta katalanarena, nahiz eta diferentea izan–, euskararen biziraupena, ziurtatzeko. Aitaren edo amaren larridura ez da “Zer gertatuko zaie nire seme-alabei?”, ez bada “Zein hizkuntzatan hitz egingo dute?”. Larritasun linguistikoa da, “hizkuntzen mina”, Katalunian esan ohi dugunez, Jesus Tusonen liburu ezagunaren titulutik. Hizkuntzen mina: “Nirea den hori, haren bidez naizen hau… geroan ere izango den bermerik ez dut… Gure seme-alabak –euskaraz, edo katalanez eskolatu arren–, erosoago bizi dira gaztelaniaz, eta ez euskaraz, ez katalanez”. Larritasun identitarioa da, komunitarioa.
 

Murgiltze politikoa

Murgiltze sistema baliatzeak argudio politikoak ditu, lehenik eta behin. Ondoren datoz psikologiaren arrazoiak. Politikak erabaki du murgiltzea. Psikologiak esango du ez dela berdin katalan hiztuna katalanez eskolatzea, edota gaztelania, errumaniera, edo arabiera hitz egiten duena. Psikologiaren lana izango da, haur guztiak katalanez eskolatuta egonagatik ere, haien eboluzioa begiratzea, eskola arrakasta izan dezaten. Ez da berdin katalanez irakastea katalan hiztunari, gaztelania hiztunari, edo kroazieraz hitz egiten duenari. Hor bai, psikologia, pedagogia eta beste sartuko dira tartean, baina, aukera, betiere, politikoa da.
 

Pikutara! Pikutara?

Badut lagun bat, herri bateko hizkuntza zerbitzuetako buru dena. Eguna joan, eguna etorri, bateko tabernan besteko jatetxean, hau itzultzen, hura egokitzen, borrokan, katalana bateko menuetan eta besteko iragarkian ager dadin. “Nahiago nuke Badajozen (Espainia) sortu izan banintz, ez nuke eguna borrokan eman beharrik izango!”. Berdintsu dio Jose Maria Nadalek, Pep Nadalek: “Beharbada, oker ari gara. Beharbada, hobe genuke, kultur larritasun hau etengabe sufritzen ibili beharrean, dena pikutara bidali, ahaztu, datorrena datorrela egin, eta kito!”. Kafe osteko elkarrizketan sarri ageri dira horrelakoak, nekatuta gaudenean kanporatzen ditugu, edo egurra eman digutenean. Nik Will Kymlicka ekarriko nuke akordura. Ciudadanía multicultural liburuan dio ez duela ezagutzen kultur identitate bat, edo hizkuntzazkoa, mundutik desagertu denik, hizkuntza gutxituek nozitu dituzten zapalkuntza urte ondraduak gorabehera. Hizkuntza ezberdin bat hitz egiten zuten komunitateei egin zaizkien piztikeria guztiak egin arren –hizkuntza homogeneo eta kohesionatzaile baten izenean beti, jakina–, bada, bortizkeria guztiak eginda ere, hizkuntzak bizi dira oraindik. Eta, zergatik? Bada indar identitario handia dutelako, oso. Komunitatea kohesionatzeko berealdiko indarra.
 


ASTEKARIA
2011ko otsailaren 20a
Azoka
Azkenak
Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


2024-04-17 | dantzan.eus
Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]


2024-04-16 | ARGIA
Ia 15.000 erabiltzaile ditu Puntueus domeinuak, sortu zenetik hamar urtera

Puntueus domeinuak hamarkada bete du apirilaren 15ean, eta EITBren Bilboko egoitzan ospatu du Puntueus fundazioak. Gaur arte lortutakoa goraipatu dute, eta 2024 urterako kanpaina berria iragarri.


Eguneraketa berriak daude