Ogia eskatu dute egiptoarrek: petrolioa dute falta

  • Hillary Clintonek, urrunetik Egiptoko trantsizioa kudeatu nahiko lukeen potentziaren atzerri ministroak, esan du “ekaitz perfektua” ari dela osatzen Ekialde Hurbilean, baldin eta bertako agintariek lortzen ez badute herriak eskatu aldaketa sozial eta politikoak ezartzerik. Ekaitz horren  osagai garrantzizkoen artean, janariak eta petrolioa daude.

Egipto
'Monthly Review' aldizkariak bere webgunean erakusten duen argazkiko gizona Bahaa Saber da: militante ezkertiarrak aurrean bidea ixten dioten poliziei opil bat erakusten die, joan den udazkenean soldaten igoera eskatuz Kairon egindako manifestazio batean. Urte luzez jornalak izozturik eduki dituzte Egipton, bitartean inflazioa handitzen zihoalarik. Elikagaien prezioen igoera eta horientzako dirulaguntzen jaitsiera izan dira aurretik zabaldutako ezinegona sutu duten pindarrak. Munduko Bankuaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren politikek suntsitu dute Afrikan eta oro har mundu osoan nekazaritza, laborariak hiritartzera behartuz eta kontrolik gabe hazi diren populazioak bazkatzeko agroindustria handiari erostera behartuz. Orain Egipton aski jaki ez da, inportatu behar direnak karu daude eta hondamendia borobiltzeko Ukraina eta Errusiak blokatu egin dituzte esportazioak.

Ogia darama manifestariak  Egiptotik iritsitako argazki bat baino gehiagotan. Eskuarekin haserre erakusten duen barra edo buruan txapela moduan egokituriko opila. Geroago etorri dira aldarrikapen politikoak eta presidente zaharkituaren dimisio eskaerak. Orain trantsizio nahasian murgiltzen hasita daude buruzagi politikoak, asmatu ezinik nola uztartu 80 milioiren gaineko oreka politiko berria eta potentzia handien interes geopolitikoak.

Elikagaien garestitzeak liskarrak piztu behar zituela iragarria zuen Nazio Batuen Erakundeak. Mundutar gehienen oinarrizko menua osatuta baldin badago gari, arto, soja, azukre, olio eta esnekiz, horien prezioek azken hogei urteotako markak hautsi zituzten. Garia %43 garestitu zen 2010ean, artoa %60 eta azukrea %77.

Afrikako herrialde gehienak derrigortuta daude gaur egun elikagaiak inportatzera. Arabiarrak dira, Egipto buru dutela, munduan gari inportatzaile handienak. Hainbesterako ote da gariaren kariotzea? Seguru baietz Tunisia, Aljeria eta Egipton gertatzen den moduan familia batek bere diru sarreren erdia janaritarako behar baldin badu.

Inflazioak ohiturak aldarazi ditzake, baita jateko moduak ere. Egiptoko familia askotako mahaietan gero eta bakanago azaltzen dira fruituak eta zer esanik ez okela. Ahaztu ezazu arraina. Ordainetan, pobrearen jatena: ogia ogi tartean.

Baina elikaduraren prezioak kontrolatzea baino errazago lortuko dute egiptoarrek Mubarak alde batera uztea. Aspalditik dira jakiak eta oro har lehengaiak espekulaziogai munduko burtsetan, AEBetako Chicagokoan bidenabar. Norbaiti eskatzekotan “emaiguzu gaur / eguneroko ogia”, Hedge fund eta inbertsio funtsei, finantzetako apostulari handiei behar zaie erregutu. Eta ez daude merkealditarako.

Besterik ezinean, Magrebeko agintariek dirulaguntza bidez kontrolatzen dituzte ogiaren eta elikagai oinarrizkoenen prezioak. 2010ean, ordea, horietako askok espero baino ezintasun handiagoak aurkitu ditu  panem et circenses banatuz herritarrak goxatzeko. Zergatik?

Our Finite World blogean Gail Tverberg-ek eman du erantzun bat, energi krisiari lotua, beste ia inork kontutan hartu ez duena. Tverberg The Oil Drum gune eta pentsamendu faktoriaren editoreetakoa ere bada (elkartearen leloa hau da: “Energiaz eta gure etorkizunaz eztabaidatzen”). Petrolioaren urritzeaz zerbait badaki, beraz.

Tverbergek gogorarazi du Egiptoko gobernuak aurretik iragarri zuela janarien gaineko subsidioak murriztu behar zituela. Milaka herritar kalera protestan irten ondoren, janarien dirulaguntzak mantendu eta energiarentzakoak handituko zituela agindu zuen.

Hitza betetzeko, ordea, Kairoko agintariek arazo larri bat daukate:  finantza publikoak arras desorekatuta dauzkate. Funtsean aurten edo beranduenera heldu den urtean Egiptok ez duelako gehiago petroliorik edukiko esportatzeko.

Elikagaia petrolioari loturik

Mubarak gainbehera hasi denerako  Egipto Peak Oil-ean sartuta zegoen. Egiptoko ekonomiarentzako arazoa ez da bakarrik bertan gero eta petrolio gutxiago ekoizten dutela; kontua da aldi berean petrolio kontsumoak goraka segitu duela errukirik gabe. Horregatik ziur da Tverberg aurten bertan Egipto pasako dela petrolio esportatzaile izatetik inportatzaile izatera.

Esportatzen zuen petrolioaren gaineko zergekin ordaintzen zituen Kairok hainbat subsidio, funtsean jaki oinarrizkoen prezioak apal atxikitzeko. Hortik laguntzen du diruz bertan kontsumitzen den erregaia ere. Orain, berriz, diru iturri horiek desagertzeaz gain askoz garestiago pagatu behar du kanpotik sartutako erregaia.

CIAren data basearen arabera -CIA World Fact Book- Egiptok sortzen duen Barne Produktu Gordinaren %80 adinakoa da Kairoko Gobernuak daukan zorra. Petrolioaren eta honen eratorrien urritzearekin are gehiago desorekatuko zaizkio finantzak. Hori gutxi balitz, krisia dela eta gutxitu egin da trafikoa Suezeko kanalean, estatuaren beste diru iturri nagusietakoa.

Populazioaren hazkundea, ordea, ez da mantsotu, %2 urtean, emakume bakoitzeko hiru haur. Gaur diren 80 milioi egiptoarrak elikatzeko gero eta soro gutxiago dago, hiritartze bortitza dela medio Nilo ibarra betonez eta asfaltoz bete da urte gutxitan. Ibai ertza ez den oro basamortu gelditu zen aspaldi.

Egiptok iresten dituen elikagaien %40 inportatzen du eta nabarmenago gariaren %60. Nondik eta zein preziotan eskuratu, ordea? Aurten uzta kaxkarra eman ei dute gari soroek munduan. Bioerregaietarako ere erabiltzen dute leku askotan. Denetan populazioak handitzen segitzen du. Nekazaritzan duela hamarkada batzuk igarri zen Iraultza Berdeak, ureztatzea eta ongarri kimikoak oinarri zituenak, onenak eman ditu. Guzti horri erantsi petrolioaren prezioengatiko garraioaren garestitzea eta espekulatzaileen presioa, eta dena esana dago jakien garestitzeaz.

“Baina zergatik daukate hain oihartzun bortitza Egiptoko arazoek munduko gainerako lekuetan?” galdetu du Gail Tverbergek, ondoren bere erantzunak aurreratzeko. Arrazoi bat da herrialde arabiar gehiago bizi direla antzeko presioen mende. “Janariak garestitzen ari dira edonon. Jende behartsu askok irabazten duenaren %50 edo gehiago behar du jateko, eta horientzako edozein kariotze benetako problema bihurtzen da. Herritar asko azkenean petrolioaren eta jakientzako subsidioen menpe bizi da. Horiek desagertzen badira edo inportazioen garestitzea berdintzeko adina igotzen ez badira, larri dabiltza”.

Bigarrenik, Europak kezkati begiratzen dio Suezeko kanalari. Hortik egunean bataz beste milioi bat petrolio upel pasatzen da Europarantz. Hori berez Europak kontsumitzen dituen hamar milioi upeletatik bat besterik ez da, eta gainera guztia ez da Europan gelditzen, Ameriketara ere badoa. Baina gaur denok bizi dugun petrolio egarriarekin, horniduren %5 edo %7 arriskutan egoteak loa galarazten du.

Bestalde, globalizazioarekin munduko ekonomia just in time sisteman dago antolatuta, enpresa askoren stockak oso dira murritzak, hein batean biltegiak bideetako kamioiak eta itsasaldian doazen ontziak dira. Suezeko kanala itxi baledi, pakeboteek egun luzeagoak egin beharko lituzteke Afrika bazterretatik, baina itsasbide berriok erregai gehiago xahutzeaz gain antolatu egin beharko lirateke.

Egipto? Europa eta AEB begira daude Suezeko kanalari, islamistei eta Israeli. Egipto? Marokon Mohamend VI.ak  igo egin ditu gari, olio, azukre, gas eta gasolinarentzako dirulaguntzak. Badaezpada ere.
 


ASTEKARIA
2011ko otsailaren 20a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude